EUSKAL PRESOAK

Arkaitz Bellon Elorrioko presoa hilik aurkitu dute Puerto I espetxeko ziegan

Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzak esan du "berez" zendu dela. Urtebetean espetxean hil den hirugarren euskal presoa da. Kartzelaldi gogorra izan du: etxetik mila kilometrora zuten, eta hiru aldiz jipoitu zuten.

Bellon zenaren argazki bat, horman itsatsita.
Bellon zenaren argazki bat, horman itsatsita. / BERRIA

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko otsailak 6

Ziegan, ohean etzanda, zerraldo aurkitu zuten atzo arratsaldean Arkaitz Bellon Blanco presoa. Cadizen, Puerto de Santa Mariako espetxean zuten Elorriokoa etxetik mila kilometro baino gehiagora, eta hango espetxezainek aurkitu zuten hilda. Berri agentziek Espainiako Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzako iturriak aipatuta kaleratu dutenez, bazkalondoko atsedenaldiaren ondoren ohiko zenbaketa egitera joan zirenean 36 urteko bizkaitarra ohean etzanda zegoela ikusi zuten espetxezainek. Harritu egin zituen horrek. Gerturatu, eta zerraldo zegoela egiaztatu zuten. Iturri horien arabera, gorpuak ez du indarkeria arrastorik. Hortaz, berez hil den ustea zabaldu du Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzak. Bihotzekoak jota hil izanaren aukera zabaldu dute hainbat iturrik.

Urtebetean hil den hirugarren euskal presoa da Bellon. Angel Figeroa iazko martxoaren 14an hil zen, zigorra etxean betetzen ari zela, eta Xabier Lopez Peña martxoaren 30ean, Fleury kartzelan ondoezik jarri ondoren.

Euskal presoen senideen elkarteak, Etxerat-ek, baieztatu egin du Bellonen heriotza, eta oraindik ez dela heriotzaren zergatia zehazteko moduan jakinarazi du. Atzo arratsaldean bere ziegan aurkitu zutela baieztatu zuen, eta arratsaldean auzi medikua espetxean zela heriotzari buruzko lehen azterketa egiteko. Artatze horren emaitzak Zaintzarako Epaitegira igortzekotan zen ondoren auzi medikua, autopsia egiteari buruzko erabakia hartzeko. Atzo iluntzean Puerto I espetxean zegoen oraindik gorpua, eta senideek ez zekiten autopsiari buruzko erabakia gauean edo gaur goizean hartuko zen.

Edozein modutan, senideak atzo bertan prestatzen hasiak ziren Cadiz aldera abiatzeko. Autopsia egin dadila eskatuko dute senideek abokatuekin, eta autopsia egiten denean haien konfiantzazko mediku bat ere izan dadila eskatuko dute. Horrez gain, gertatutakoari buruzko informazioa lehen eskutik jasotzeko helburuz eta gorpua Euskal Herrira ekartzeko egin beharreko tramiteak ahalik eta arinena egin ahal izateko erabaki zuten senideek Puerto de Santamariara ahalik eta arinena abiatzea.

13 urte kale eraso bategatik

36 urte zituen Bellonek, eta hamahiru urte eta hiru hilabeteko zigorra betetzen ari zen kale eraso batean parte hartzea egotzita. Hiru hilabete barru zen zigorra kitatzekoa, maiatzean.

25 urte zituela, 2000. urteko abuztuaren 16an atxilotu zuen Ertzaintzak Donostian, kale erasoetan parte hartzea egotzita. Bezperan liskarrak izan ziren Donostian, abuztuaren 7an autoa lehertuta Patxi Rementeria, Ekain Ruiz, Zigor Aranbarri eta Urko Gerrikagoitia etakideak hil izanagatik egindako protestetan. Aste Nagusia zen Donostian, eta han atxilotu zuten Bellon, Elorrioko beste bi gazterekin: Andoni Zengotitabengoarekin eta Txomin Lesenderekin. Espetxera bidali zituzten hirurak.

2002ko urtarrilaren 22an bermea ordainduta askatu zuten, eta 2003an epaitu zuten, beste bi herrikideekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak hamahiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion bakoitzari bi autobus eta kutxa automatiko bat erre izana eta Ertzaintzari eraso egin izana egotzita. Epaia kaleratu zen egun berean sartu zituzten kartzelan.

Luzea izateaz gain, kartzelaldi gogorra izan du Bellonek. Horren adierazgarri da espetxezainek hirutan jipoitu dutela: bereziki gogor iazko martxoan, Sevillako espetxean, eta aurrez, 2010ean Puerto III kartzelan eta 2008an Algeciraskoan.

Egun, etxetik mila kilometro baino gehiagora zuten preso, eta beti izan dute bereziki urruti. Horrek ondorenak ekarri dizkio bai berari, bai familiari. Presoaren gurasoek eta izeba-osabek auto istripua izan zuten 2008an Herrera de la Manchara zihoazenean.

Bat-bateko protestak

Elorrion, Bellonen herrian, 17:30 aldera jaso zuten berria. Niko Moreno alkate ohiak azaldu duenez, arin zabaldu zen berria, baita "etsipena" ere. Batzar bat egin zuten gertatutakoaren berri emateko, eta bat-bateko manifestazioa egin zuten gero.

Zarautzen ere egin zuten protesta. ETB denboralearen irudiak hartzera joana zen itsasaldera, eta, kazetaria albistegietan zuzenean ari zenean, hainbat herritar jarri ziren kazetariaren inguruan Bellonen heriotzagatik protesta egiteko, euskal presoak etxeratzeko aldarrikatzen duten ikurrak eskuetan zituztela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna