Sakabanaketaren kontra, mobilizazioetara deitu dute

Gaur arratsalderako elkarretaratzeak antolatu dituzte 'Espetxe politika honi ez. Sakabanaketa amaitu' lelopean, Arkaitz Bellon presoaren heriotza salatzeko. Bihar, berriz, Bilbon, Gasteizen eta Donostian egingo dituzte elkarretaratzeak. Zuzenean eman du Aitziber Laskibar Lizarribar kazetariak agerraldiaren berri.

Bellonen heriotza salatzeko agerraldia.
Bellonen heriotza salatzeko agerraldia. / ARP

Berria -

2014ko otsailak 6

Hainbat eragile politikok, sindikalek eta sozialek prentsaurreko bat egin dute Arkaitz Bellon Elorrioko presoaren heriotza dela-eta, egungo espetxe politika salatzeko mobilizazioak iragartzeko. Etxerat-eko, EH Bilduko, LABeko eta ESAITeko ordezkariak izan dira mahaian, eta, atzean, beste hamabost bat ordezkari.

ESAITeko Egoitz Askasibarrek eta Ainhoa Etxaidek hartu dute hitza. "Aski da" esateko unea dela ohartarazi, eta kalera ateratzeko deia egin dute. "Eskubide guztien alde" egiten duten eragile guztiak batu, eta protesta egin dezatela eskatu dute: "Inoiz baino beharrezkoagoa da".

Gaur arratsalderako, herri guztietan mobilizatzera deitu dute, Espetxe politika honi ez. Sakabanaketa amaitu lelopean. Bihar eguerdirako, berriz, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletxe aurreetan antolatu dituzte elkarretaratzeak. Herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia.

Bellonen heriotza

Ziegan, ohean etzanda, zerraldo aurkitu zuten atzo arratsaldean Arkaitz Bellon Blanco presoa. Cadizen, Puerto de Santa Mariako espetxean zuten Elorriokoa etxetik mila kilometro baino gehiagora, eta hango espetxezainek aurkitu zuten hilda. Berri agentziek Espainiako Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzako iturriak aipatuta kaleratu dutenez, bazkalondoko atsedenaldiaren ondoren ohiko zenbaketa egitera joan zirenean 36 urteko bizkaitarra ohean etzanda zegoela ikusi zuten espetxezainek. Harritu egin zituen horrek. Gerturatu, eta zerraldo zegoela egiaztatu zuten. Iturri horien arabera, gorpuak ez du indarkeria arrastorik. Hortaz, berez hil den ustea zabaldu du Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzak. Bihotzekoak jota hil izanaren aukera zabaldu dute hainbat iturrik.

Urtebetean hil den hirugarren euskal presoa da Bellon. Angel Figeroa iazko martxoaren 14an hil zen, zigorra etxean betetzen ari zela, eta Xabier Lopez Peña martxoaren 30ean, Fleury kartzelan ondoezik jarri ondoren.