denboralea

'Luno' zamaontzitik gasolioa xurgatzeko lanak biharko utzi dituzte

Itsasoak tolestutako ateska batengatik, bertan behera utzi behar izan dituzte lanak; baina asteburuan egingo dituztela esan du Angeluko auzapezak

Aitor Renteria.
2014ko otsailaren 7a
19:19
Entzun

'Luno' zamaontzitik erregaia ateratzeko dena prest zegoen, baina azken orduan, arazoak izan dira. Gasolioa xurgatu behar duen Herbeheretako enpresako langileak gasoila duen kroskoaren zatira heldu dira baina erregai-ontzia tolesturik atzeman dute eta ezin izan dute ireki. Saiatu arren, denborak aurrera egin du eta itsas gora hasi delarik bertan behera utzi dute saiakera. Arriskurik ez hartzeko, bihar eginen dutela iragarri du Jean Espilondo Angeluko auzapezak.

Meteofrancek aro txarra iragarri du astebururako baina hala ere, itxaropentsu dago Espilondo. "Tresneria guztia jarrita dago eta gasolio guztia aterako dugu asteburu honetan" jakinarazi du. Anartean, egunero uraren azterketak burutzen ari direla nabarmendu du, kutsadura egon ez dela bermatzeko.

Atzo egindako azterketaren arabera, 60 eta 80 metro kubiko erregai geratzen dira oraindik ontzian, baina biltegian hausturarik ez omen dago, eta ez da isurtzen ari. Guztira, 130 metro kubiko erregai zituen ontziak olatuen indarrez Angeluko barran trabatu zenean. Zati bat itsasora isuri delako susmoa dago, baina oraingoz kutsadura handia izan dela ukatu dute.

Erregaia ateratzeko lanak Murueta ontzi enpresak ordainduko ditu. Horrekin batera, desegitea eta marinelen erreskatea ere ordaindu beharko du. Pasaiatik atera zen ontzia asteazkenean, eta Baionan zama bat hartu eta Marokora eramatekoa zen matxuratu eta trabatu zenean. Ondoren puskatu egin zen.

Marinelak, etxera gaur

Barruan zeuden 11 marineletatik bi bizi dira Bilbon. Gainontzekoak katalanak, galiziarrak eta kubatarrak dira. Gaur gendarmeen aurrean azken aldiz deklaratu ostean, Bilbora ziren joatekoak, eta Murueta enpresan azken lanak egin ondoren itzuliko ziren etxera.

Asteartean zatitu zen Luno ontzia, eta harrezkero gertatutakoa azaltzen aritu dira marinelak Baionako polizia etxean. 1994ko ontzia zen Luno, eta matxura bat izan ondoren, olatuek Angeluko barran trabatu zuten. Bitan zatitu zen, eta atzo, pusketa horietako bat berriro zatitu zen.

Une honetan ontzian zeuden 130 metro kubiko erregai ponpatzea da lehentasuna, ez dadin itsasora isuri. Smit Herbehereetako konpainiak egingo du lan hori, Prestige eta Costa Concordia ontziekin ardura hori bera izan zuenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.