Foro Sozialaren gomendioak, Baionako Bake Forumaren ardatz

Bake Bideak, Lokarrik eta Paue-Aturrialdeko unibertsitateak martxoaren 1eko Bake Forumaren egitaraua aurkeztu dute. Hiru ataletan banaturik egonen da, eta adituen mintzaldien eta salako galderen bidez osatuko da. Baionako unibertsitatean iraganen da.

Bees, Funosas eta Arzak. I. CUEVAS
Aitor Renteria.
2014ko otsailaren 20a
16:21
Entzun

Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko kideak foro sozialaren gomendioen testuinguruan sakonduko du, Berghof fundazioko Veronique Dudouetekin batera. Ondoren, armagabetze prozesua ukanen du hizpide Aaro Suoniok. Silvia Casalek preso eta iheslarien etxeratzekoan sakonduko du, eta Pierre Hazanek transizio justizia, egia eta bizikidetza jorratuko ditu. Hiru hizlariak Nazioarteko Harreman Taldeko kideak dira.

Foroaren azken atalean gomendioen gauzatzea landuko da. Bake Bidea, Lokarri, Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordeko kide bat eta Raymond Kendall Nazioarteko Harreman Taldeko kideak hartuko dute hitza. Eztabaidaren ondoren, egunaren bilduma eginen du Jean PIerre Massias unibertsitateko irakasleak.

"Foro Sozialak egindako gomendioek oihartzuna ukan zuten Hego Euskal Herrian, baina ibilbide zailagoa ukan dute Iparraldean", azaldu du Anaiz Funosas Bake Bideako bozeramaleak. Horregatik, gomendio horien testuingurua, edukia eta gauzapen praktikoa izanen dira foroaren ardatz nagusia. Prozesuak berak dituen trabak gainditzeko lanabes nagusia gizartearen protagonismoa dela azpimarratu dute antolatzaileek. Bake prozesua bururaino eramateko gizartearen gehiengoak bultzatu behar duela ondorioztatu dute.

Gizartea protagonista bihurtzen bada prozesua bururaino joanen dela adierazi dute antolatzaileek. Foroak biharamuna ukanen duela azpimarratu dute. Izan ere, Lokarrik abian ezarritako Hitzorduak bezalako eredua landu nahi du Bake Bideak Ipar Euskal Herrian, eragile nagusiei ez ezik, herritarrei ere hitza emateko eta haien iritziak biltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.