MUSIKA

Paco de Lucia gitarra jotzailea hil da

Bihotzekoak jota hil da flamenkoaren ikonoa. 66 urte zituen.

Paco de Lucia.
Paco de Lucia. / A. Ernesto/EFE

Jon O. Urain -

2014ko otsailak 26

Mexikon hil da De Lucia, Algecirasko Udalak (Espainia) jakinarazi duenez —han jaioa zen—. Benetako izenez Francisco Sanchez Gomez, 1947an jaio zen, eta flamenko musikaren ikono izatera iritsi da. Gaztetatik hasi zen gitarra jotzen, eta 14 urte betetzerako argitaratu zuen lehen diskoa.

Flamenkoari eutsiz, nazioarteko hainbat musikarekin elkarlanean jardun zuen De Luciak; besteak beste, John McLaughlin, Larry Coryell eta Bryan Adamsekin. Chick Corea jazz pianistarekin hainbat bira egin zituen, baita diskoak grabatu ere. Europaz gainera, Japonia eta Ipar Amerika ezagutu zituen.

Hala ere, Camaron de la Islak izan zuen eragin handien harengan —hamar disko baino gehiago grabatu zituzten elkarrekin—.

1972an, El duende flamenco kaleratu zuen. Hurrengo urtean izugarrizko arrakasta izan zuen Fuente y caudal diskoko Entre dos aguas abestiak. Abesti hura mundu osoko rock eta jazz musikagileen gustukoa izan zen, eta 1976. urtetik aurrera Europako antzoki nagusietako ateak zabaldu zizkion.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna