UKRAINA

Autonomia handitzeko erreferendumera deituko du Krimeako Legebiltzarrak

Ukrainan hauteskundeak egingo dituzten egun berean erabakiko dute Krimean Kievekiko loturarik nahi duten hango biztanleek, maiatzaren 25ean.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2014ko otsailaren 27a
09:02
Entzun

Ukrainako nazionalistak Kieven boterea hartuz doazen neurrian, kontrako norabidea marrazten ari dira Krimeako Errepublika Autonomoan gehiengo diren errusiazaleak, handik aldentzeko neurriak hartzen. Errefererdumera eramango dute Kievekiko lotura, "egoera honen aterabide bakarra demokrazia zuzenaren printzipioen aplikazioa" baita, legebiltzarrak ohar batean azaldu duenez, baina ez dute zehaztu zertan oinarrituko den autonomia handitze hori. Bien bitartean, legebiltzarrak kargutik kentzea erabaki du bertako gobernua, konfiantzarik eza argudiatuta: 64 diputatuk eman diote baiezkoa erabakiari; 55ek ezezkoa.

Krimeatik iparralderago, berriz, Ukrainako Parlamentuak Arseni Jatseniuk hautatu du batasun nazionaleko gobernuaren buru. Maiatzaren 25eko hauteskundeak egin bitartean herrialdea gobernatzeko ardura izango du. Ukrainako mugen defentsa egin du eta Europako Batasunarekin ituna sinatzearen alde agertu da.

Ukrainako Parlamentuak batasun gobernua osatzeko saioko hitzaldian Alexandr Turtxinov jarduneko presidenteak Errusiari ohartarazi dio erasotzat hartuko dutela Ukrainan dituen soldaduak mugitzen baditu, eta eskatu dio Errusiako Gobernuaren nazioarteko itunak errespetatzeko. Errusiak Itsaso Beltzeko bere basea Sebastopolen du, Krimeako penintsulan, eta, bi herrialdeen arteko itunaren arabera, Ukrainarekin adostu behar ditu hor dauden soldaduen mugimenduak.

Batasun gobernuak Kieveko Independentzia plazako manifestarien oniritzia jaso du ondoren hasi du bere ibilbidea. Viktor Janukovitx Ukrainako presidente ohiaren kontrako protesten buruzagietako bat izan da Jatseniuk, eta parlamentuko presidente eta Atzerri ministro izandakoa da. Gobernu berriaren programaren ildo nagusiak aurkeztuko ditu gaur, eta, azaldu duenez, "laburra eta argia" izango da, "oinarrizko eginbeharra herrialdea salbatzea delako".

Janukovitxek agerraldia egingo du bihar

Janukovitx presidente kargugabetuak, ordea, badu oraindik zeresanik. Interfax Errusiako agentziak zabaldutako adierazpen baten arabera, Viktor Janukovitx presidente ohiak bere burua jotzen du estatuburu legitimotzat, eta Errusiari eskatu dio bere segurtasuna berma dezala. Errusiak aintzat hartu du eskaera, eta asiloa eman dio. Hain zuzen, Errusiatik, Rostov del Don hiritik hitz egingo die bihar ukrainarrei Janukovitxek, 14:00etan Euskal Herrian.

Errusiarzaleen eta nazionalistek arteko tentsioak, gora

Ukrainatik banatzeko eskaera indartzen ari da Krimean, eta liskarrak hasi dira errusiazaleen eta nazionalisten artean. Gaur goizean talde armatu batek, 30 lagun inguru, kontrolpean hartu ditu Krimeako Parlamentuaren eta gobernuaren egoitzak, eta, bertako hedabideek baieztatu dutenez, Errusiaren aldekoak dira. Eskaririk ez dutela egin adierazi du Refat Txubarov diputatuak.

Violetta Lisina Krimeako Gobernuko bozeramaile zenak baieztatu du 04:30 aldera 30 bat lagun sartu direla gobernuaren egoitzan, eta ez dela biktimarik. Ukrainako behin-behineko Barne ministro Arsen Avakovek alerta egoera ezartzeko agindu dio Poliziari Krimean. Eraikinak inguratuak dituzte poliziek, eta "bestelako neurriak" iragarri ditu Avakovek, "hiriaren erdian liskar armatuak egon daitezen saihesteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.