Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Isabel Verdini

"Dantzariek irakatsi didaten lezioa da bizitzak baduela arrazoi bat"

Ezintasun intelektuala duten lagunek osatutako dantza taldea da Verdini, artistikoki haziz joan dena, konpainiako zuzendari eta koreografoaren hitzetan. Oztopoz betea izan den eta den arren, egindako bideaz "harro" dago, baina esan du oraindik ez dela erraza kultur arloan espazio bat aldarrikatu behar izatea.

Verdini. /
Verdini. / Andoni Canellada/Argazki Press

Ainhoa Sarasola -

2014ko martxoak 3 14:00

Dantza eta emozioa eskutik doaz Isabel Verdinirentzat (Donostia, 1971). Emozioa baitu oinarri Verdini dantza konpainiak, emozioa baita ikusleari dantzariek transmititu nahi diotena, taldeko zuzendari eta koreografoaren esanetan. Asmo berarekin igoko dira oholtza gainera hilaren 15ean Donostian, Kresala dantza taldearekin, lan berria estreinatzera.

Nondik sortu zitzaizun dantzarako afizioa?

Etxean beti nenbilen nire musikarekin dantzan; oso gogoko nuen. Beti gustuko izan dudana irakasle izatea da; dantzari izatea gero etorri zitzaidan; nahiago nuen irakatsi, eta, berez, egun ere gustukoagoa dut irakastea.

Bartzelonara joan zinen dantza ikastera, eta han dantzari ere aritu zinen, baina denbora gutxi…

Bai, nire iloba down sindromearekin jaio zen, eta orduan nire dantza ikasketak ezgaitasunaren inguruan zentratu nituen. Han zapaldu nituen hainbat agertoki, baina beti izan dut gustukoago irakastea. Dantzari gisa nire ibilbidea laburra izan zen. Iloba jaio eta ikasketak amaitzean, Donostiara itzuli nintzen harekin lanean hasteko, dantzatik hari ekarpen bat egiteko. Haizea jaio zenean, ahizpari hitza eman nion: «Ez kezkatu, neskatoak dantza egingo du eta». Uste dut egin nuen promesa bete arte ez nintzela zoriontsu, ez ninduela ezerk betetzen. Etorri, eta ezgaitasunaren eta dantzaren inguruan prestatzen jarraitzea erabaki nuen. Orduan ez zegoen ezer, eta pixkanaka nire metodologia sortuz joan nintzen.

Madrilera ere jo zenuen, Maite Leonekin prestakuntza jasotzera. Zer ikasi zenuen harekin?

Han, Maite Leonen psikoballetean ikasten izan nintzen. Egin beharreko ikastaroak egin ondoren, hona itzuli eta nire kontura hasi nintzen. Ilobarekin eta beste hiru haurrekin hasi nintzen, 4 urtekoak, eta apurka gero eta jende gehiago hasi zen etortzen.

Beraz, promesa hartatik sortu zen Verdini. Hasieratik zenuen argi dantza konpainia bat sortzea?

Tira, hasieran dantza eskola sortzea zen asmoa; nire azken helburua beti izan da hori. Uste dut frogatu dudala nire lana ona dela, eta haiek dantzariak direla. Hasieran deitzen ninduten ea kiroldegi batean dantzatuko ote ginen… eta nik ezetz, nire dantzariek antzokietan egiten dutela dantza. Oso argi izan dut beti oholtzara igo nahi nituela, baina modu duin batean, beren jantziekin, proiektu batekin, aldez aurretik egindako lan batekin… Hala hasi ginen 2002an, eta ordutik ez gara gelditu.

Nolakoak izan ziren hastapen haiek? Batek baino gehiagok esango zizun zure asmoa, ezgaitasuna duten lagunez osatutako konpainia bat sortzea, oso zaila izango zela…

Nik uste, esan, inork ez zidala ezer esaten, halako ilusioarekin ikusten ninduten… Baina bai, pentsatu pentsatuko zuten ez nengoela burutik ongi. Baina pixkanaka, nire eta haien lanarekin, gurasoekin, alboan dudan talde guztiarekin… Azkenean jende multzo bat dago proiektua hasieratik babesten duena; denoi esker lortu dugu gauden tokira iristea.

Esan izan duzu arterako, dantzarako, ez dela ezgaitasunik, denok izan gaitezkeela artista, dantzari.

Bai, nire ustez berdin dio down sindromea izan, ile gorria izan, altuagoa, lodiagoa edo meheagoa, artista dohain hori denok dugu barruan, eta norberak berea ateratzen ikasi behar du. Ezgaitasun intelektualen bat duten lagunek ez dute prestakuntzarik dohain hori ateratzeko, baina egon ziur guk baino dohain handiagoa dutela, artistagoak direla. Bizi dutena hain era naturalean bizi dute, hain dira errealak, oholtza gainera igotzean izugarri ederra da egiten dutena. Izarrak dira.

Eragin terapeutikoren bat du dantzak haientzat?

Ez nioke terapia deituko, baina egia da lantzen dugula autoestimua, norbera izatea, ezgaitasun intelektuala izanik ere lan eginez gauzak lor daitezkeela, edozer posible baita ilusioarekin eta maitasunarekin… Hori maila emozionalean, baina fisikoan ere asko lantzen dugu psikomotrizitatea, gorputzaren gihar tonua, espazioan mugitzeko gaitasuna, beren gorputzaren ezagutza eta dituen gaitasunez jabetzea eta baliatzen jakitea, segurtasun handia ematen diena… Azkenean, edonorentzat da garrantzitsua dantza egoki bat egitea barnetik zein kanpotik garatzeko, baita bizitzako etapa ezberdinetan nork bere burua ezagutzeko ere. Haiei laguntzen die jabetzen nolakoak diren.

Zein osagai nagusi ditu zure lan metodologiak?

Nire metodologia, oro har, lan egindako 20 urte hauek dira. Dantzariekin egin dudan urrats bakoitza ikertu dut. Askotan egingo nituen akatsak, baina dantzaren eta ezgaitasunaren arteko lotura interesgarriak ere topatu ditut, sistema erabat emozional bat. Sistema emozional hori metodologia batekin batu dut, eskolak ematean aurrean duzun pertsona baloratzea eta errespetatzea oinarri duena. Haien munduan sartuta, lortzen duzu haiek hazten joatea. Emozionalki horrelakoa litzateke Verdini metodologia, maitasunez eta ilusioz aurrera eramaten dena. Guk oholtzan dantza egiten dugunean ez ditugu haiek laguntzen, elkar laguntzen dugu; maitasun eta segurtasunezko kontaktu batez koreografia errealago bat sortzen dugu. Hainbat emozio sortzen dira hor. Hala, asko lantzen dugu kontaktua, eta, oro har, dantzariaren prestaketa osotasunean, baina hasieratik. Naturaletik, pertsonatik hasi behar duzu.

Bestalde, garrantzitsua da dantzariekin banaka aritzen garela ere; piezak nik ez ditut sortzen haiek gauza polit bat egin diezadaten, baizik eta dantzari bakoitzaren beharrak errespetatuz. Hala, dantza errealagoa da; haiek beren beharren arabera egiten dute aurrera, eta nik ematen didatenaren arabera sortzen dut.

Eta zerk inspiratzen zaitu koreografia bat sortzerakoan?

Ikertzen eta eskolan proposamenak egiten hasten gara. Noski, batzuetan hasierako ideia eta proposamen batzuk ez dute funtzionatzen. Orain egin nahi nuen zerbait oihal bat astintzen, eta azkenean oihal hori zintzilikatu eta kulunkari bihurtu dugu. Azkenean haiekin sortzen dut, beste edozein konpainiatan bezala, baina haiei jarraibide argiagoak eman behar dizkiezu: nik ezin diet esan irudika dezatela… ez, esan behar diet mugimendu hauek daudela, edo jarrera aldetik lotsagabeago-edo agertzeko, haiek ulertuko duten hizkera batean... Sortzea ez zaie zaila egiten, asko lantzen baitugu inprobisazioa eta hortik sortzen baita koreografia. Lan intentsoa da oso, baina oso ederra.

Beraz, dantzariek ere egiten diote beren ekarpena sortze prozesuari.

Bai, haiek beti dira mugimenduaren eta emozioaren gakoa.

Emozioaz asko ari gara hitz egiten. Zuretzat dantzan, oro har, emozioak pisu handiagoa du teknikak edota beste alderdi batzuek baino?

Niretzat bai, nire konpainia emozioa baita. Hori da nik haiekin bizitzen dudana eta ikusleari eman behar dioguna. Azken batean, emozio asko bizitzen ditugu, baina maiz ez dugu jakiten haiek ateratzen. Hori du ona Verdinik, oso sentibera dela, dantzariek beren emozioak ateratzen baitituzte oholtza gainean, baina emozio natural bat da, une horretakoa, ez aurrez landutakoa. Hori da Verdiniren dantzan oinarrizkoa eta naturala. Haiek irribarre egiten badute, gustura daudelako egiten dute, eta akatsen bat egiten badute, haserretu eta azkarrago egingo dute dena, baina beren inprobisazio armak dituzte aurrera egiteko.

Sarri ezgaitasunez gehiago hitz egiten da gaitasunez baino…

Bai, eta haiek gaitasun asko dituzte, inprobisatzeko, adibidez. Ehunka pasadizo polit ditut gogoan, oholtza gainean gertatutakoak; hori da Verdiniren gauza politenetako bat, gauza errealak gertatzen direla oholtza gainean eta haiek direla momentuan irtenbide bat bilatzen dietenak. Batzuetan pentsatzen dut jendeari esan behar zaiola down sindromea duten pertsonak ez direla tentelak, geu garela tentelak haiengatik hori pentsatuta. Azkenean Verdinin egin duguna izan da haiengan sinetsi, pertsona gisa balioetsi eta esan ahal dutela.

Euskal Herrian psikodantza egiten duzuen konpainia gutxienetako bat zarete. Apur bat bakarrik sentitu izan zara, edo ez-ulertua?

Egia esan, pazientzia handia behar da. Eskerrak inguruan lagundu nauen jendea izan dudan, askotan pentsatu izan baitut, "dena bertan behera utziko dut, soilik eskolak emango dizkiet, eta nire sufrimendua amaituko da", zeren azkenean integrazioa bultzatzen ari zara, kultura jende guztiarengana iristen dela aldarrikatzen, eta jotzen dituzun ate guztiak ixten dizkizutela ikustea... Kulturan ateak ixten dizkizute, beste leku batera jo eta... Azkenean beste edozein konpainiari baino gehiago eskatzen dizute; askotan galdetzen diot neure buruari: "Zergatik eskatzen didate besteei baino gehiago?". Azken batean, nik besteen moduan lan egiten dut, edo are gehiago, ahalegin handiagoa eskatzen baitu nireak, jarraipena, sentsibilizazioa, prestakuntza... Eta dena perfektua izatea eskatzen didate, down sindromea duten dantzariak ditudalako, antza denez, eurentzat ez direlako beste konpainietako ohiko dantzariak.

Maiz aldarrikatu izan duzu zuek ez duzuela gizarte ekintza egiten, kultura sortzen baizik. Hori da ulertarazten gehien kosta zaizuena?

Bai, asko. Badirudi edozein arazo fisiko baduzu ez zarela sartzen eurek normal deitzen dioten gizarte baten parametroetan, eta, beraz, ezin duzu dantza egin, ezin dituzu hainbat gauza egin... Nik beti diot denok ditugula eskubide berberak, eta hortik aurrera lan egin beharra dagoela. Bizi osoan horixe egin dut Verdinirekin, frogatu ezintasun intelektuala duten pertsonak, lan bat eginez, edozer gauza egiteko gai direla. Zergatik ez zaie lan hori balioesten? Besteak nireak baino dantzariago dira? Jakin nahi nuke non hasten den artista eta non amaitu, ez baitut ulertzen beti zerbait frogatzen aritu behar hori... Zergatik frogatu behar dute zerbait uneoro ezgaitasunen bat dutenek eta besteek ez? Ez dut esango beste inor baino hobea naizenik, baina besteei exijitzen zaien bera exijitzea nahiko nuke, besterik ez.

Instituzioen babesa faltan sumatu izan duzue?

Tira, instituzioen babesa hor dago, esaterako Donostiako Udalak beti babestu gaitu. Baina kulturaren alorrean beti besteek baino gehiago frogatu behar dugu. Niri ilusiorik handiena egin zidan gauzetako bat izan zen Donostia 2016ren barruan Verdini proiektu gisa atera izana, guri han kultura ginela aitortu baitzitzaigun. Nire dantzariak dantzari zirela onartzea lortu genuen orduan.

Publikoaren aldetik behintzat beti harrera beroa jaso izan duzue...

Beti. Verdinik badu bere publikoa. Hasieran, galdetzen ziguten ea jendea joango ote zen gu ikustera; bada, noski, guk ere betetzen ditugu antzokiak, oso garrantzitsua da guretzat. Azkenean hori da aurrera egiteko indarra eman diguna, baloratzen gaituen jendea badela ikustea.

Beste arlo batzuei bezala, krisiak gogor eragin dio kulturari ere. Zuek ere sumatzen ari al zarete?

Bai, azkenean gizarteko alderdi guztietan sumatu da. Tira, Verdinik gauza on bat du: polita dela, jendeari gustatu egiten zaiola eta deitu egiten gaituztela. Joan garen toki guztietan bete dugu aretoa, jendeak maite du dantzariek nola egiten duten dantza, eta hori da eman behar duguna. Artistikoki hazten ari gara, gero eta gauza hobeak egiten ari gara, baina ekonomikoki gauzak dauden bezala daudenez, eta ezgaitasuna dutenek osatutako konpainia bat garenez, jende baten ustez hainbat lekutara egokitzen ez garenez, ezin gara nahi adina hazi. Baina, tira, denbora kontua izango da. Pazientzia izan behar da, ilusioa, maitasuna eta, batez ere, etorkizunari modu baikorrean begiratu, hemen gaudela eta proiektu izugarri ederra dugula pentsatu. Harro nago egin dugunaz, are gehiago jarraitzeaz, eta aurrerabide bat egitea da kontua, jendeak uler gaitzan, uler dezan ezgaitasuna dutenek eskubidea dutela nahi dutena egiteko, inork ez diela esan behar gai diren edo ez. Hori publikoak esan beharko die.

Pentsatzen dut Verdinirekin asko ikasiko zenuela zuk ere 21 urte hauetan. Zein da dantzariek eman dizuten leziorik handiena?

Niri atentzio gehien ematen didana da ez direla inoiz nekatzen; "nahikoa da, bukatu dugu", esan behar diezu, haiek nekaezinak baitira. Alferrak dira beste gauza batzuetarako, kosta egiten zaie mugitzea, baina zerbait gustatzen bazaie, errepikatu eta errepikatu aritzen dira, burugogorrak dira, kemen handia dute beren burua egunero hobetzeko, oztopoak gainditzeko, ikasten jarraitzeko, guk beti izaten ez duguna. Konstantzia handia dute, eta oztopo guztiak, fisikoak zein mentalak, gainditu egiten dituzte, beren lanarekin. Hori da irakatsi didaten lezioa, bizitzak baduela arrazoi bat; batzuetan zuk ezetz pentsatu arren, haiek esaten dizute bizitzak baduela zergati bat.

Martxoaren 15ean igoko zarete berriro oholtza gainera, Kresala dantza taldearekin batera, Oteizaren kaxa beltza ikuskizun berriarekin. Zer erakutsiko duzue?

Donostiako sutearen bigarren mendeurrenaren oroitza egiteko iaz egin genuen ikuskizuna magikoa izan zen. Ikuskizun hori Oteizaren ideietara gehiago egokitu dugu, eta antzokiko formaturako prestatu. Haren ideiez hitz egiten dugu, harentzat hutsunea zenaz, bolumen gabeko gauza abstraktuez, euskalduntasunaz... Oteizak esaten zuen eskulturgile ona izateko marrazkilari ona izan behar dela, eta Verdinirekin parekotasuna hartzen diot, dantzari ona izateko oinarri emozional ona behar baita, oso hunkibera izan. Harengan oso islatuta sentitu naiz. Emozioekin lan egiten dugu, batzuetan politak ez diren gauzekin baina zuk sortzen duzun emozioarekin; batzuetan politagoak dira gauza horiek berez direnak baino.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Bertsozale Elkartea

Nerea Ibarzabal irabazle Baionan

Olatz Enzunza Mallona

671,5 puntu lortu ditu Ibarzabalek, eta bigarren egin du Sustrai Colinak, 668 puntu eskuratuta. Ondotik geratu dira, hurrenez hurren, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Unai Agirre eta Eñaut Martikorena.

<b>Amurrioko saioa.</b> Joan den larunbateko saioa, Amurrioko Bañueta kiroldegian. ©GARI GARAIALDE

Iristen aurren, eta joaten azken

Miren Mujika Telleria

Baionan jokatuko da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko bigarren saioa. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da. Aulki, soinu eta foku; pronto izango dira den-denak ordurako. Bertsozale Elkarteko ekoizpen taldeak du horren ardura. Zein da, baina, horren atzean dagoen inurri lana?
Indar Trabesen lehen kontzertua fikzioan irudikatzen, herenegun, Mutrikuko Venezia diskotekan. ©JON URBE / FOKU

Itoiz taldearen lehen printzak

Jone Bastida Alzuru

Doxa ekoiztetxea eta Larraitz Zuazo zuzendaria Itoiz taldeari buruzko pelikula bat prestatzen ari dira, dokumentalaren eta fikzioaren artean mugitzen dena. Mutrikun izan dira filmatzen.

Ekoetxea Urdaibaik hizkuntza indigenen erakusketa bat jarri du ikusgai. ©Monika del Valle / Foku

Hizkuntza jasangarriak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Busturiko Urdaibaiko Ekoetxeak erakusketa batean bildu ditu 11 hizkuntzatan emandako testu batzuk eta haien euskarazko itzulpenak: 'Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen'. Abenduaren 18ra bitartean bisitatu ahalko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainhoa Sarasola

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...