Literatura

Leopoldo Maria Panero, poesia iturri agorrezina

Las Palmasko erietxe batean hil da Espainiako Novisimos taldeko poeta.

/ Elvira Urkijo/EFE

Juan Luis Zabala -

2014ko martxoak 6

Espainiako poesiagintzako enfant terrible edo poète maudit ikonoklastenetako bat izan da Leopoldo Maria Panero, Leopoldo Panero eta Juan Luis Panero poeten seme eta anaia hurrenez hurren. Gaur hil da, Las Palmasko Juan Carlos I erietxean (Kanaria Handia, Espainia).

1948ko ekainaren 16an jaio zen Leopoldo Maria Panero, Madrilen. Bere aita, Leopoldo Panero, frankismoaren poeta ofizialtzat joa zen, baina Leopoldo Mariak ezkerreko mugumenduekin izan zituen harremanak gaztetan. Kartzelan pasatu zuen denboraldi bat eta, handik irten ondoren, alkoholarekin eta heroinarekin arazoak izan zituen hurrengo urteetan. 1970ean sartu zuten lehen aldiz erietxe psikiatriko batean.

Panerotarren familiako giro nahasia ez zen inoiz sekretu bat izan, eta agerpen publiko nabarmena izan zuen Jaime Chavarriren El desencanto film dokumentalean (1976). Espainierazko zinemagintzaren historian leku garrantzitsua dagokio film horri aditu askoren iritziz.

Poesia idazteko sen eta erraztasun handia izan zuen gaztetatik. Poesia iturri agorrezina izan zen beti. Jose Maria Castellet kritikariak Novisimos izeneko taldean sartu zuen 1971n argitaratutako antologia batean.

Ez zion inoiz utzi poesia idazteari. 80ko hamarkadan hazkunde handia izan zuen poeta gisa zuen aitortzak eta estimuak. Buruko osasun arazoak ezin izan zituen gainditu hala ere, eta Arrasateko Gesalibar auzoko erietxe psikiatrikoan sartu zuten. Hamar urte eman zituen han, harik eta Las Palmasko erietxe batera aldatu zen arte, berak “Rafael Inglott doktorearen zoroetxea” deitzen zuenera.

Lau poema euskaratuta

Obra poetiko oparoa utzi du Panerok. Arrasaten bizi izan zen garaian Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan izan zen hitzaldiak eta errezitaldiak ematen, eta izan zuen harremanik euskal kulturaren munduko hainbat sortzaile eta eragilerekin.

Hala ere ez da haren lanik euskaratu gaur arte. Gaur Josu Goikoetxeak euskaratutako lau poema daude euskaraz irakurgai Armiarma literatur atariko Euskarari ekarriak atalean. Horrez gain, Leopoldo Maria Paneroren bi poema argitaratu dira euskal literaturako aldizkarietan, baina biak gaztelaniaz, euskaratu gabe: La tea humana (Pamiela aldizkariaren, 12. zenbakian, 1986ko udan) eta El hombre que sólo comía zanahorias (Garziarena aldizkariaren 8. zenbakian, 1993ko urrian).

Ruper Ordorikak Leopoldo Maria Paneroren Peter Punk poema musikatu eta zuzenean eman zuen hainbat emanalditan. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna