Martxoaren 11ko atentatuak

Hernanira zabaldu zen dolua

Berruetaren hilketa salatzeko protesta batean Ertzaintza oldartu ostean hil zen Kontxi Sanchiz. Familiak salatu zuen ertzainek laguntza ukatu egin zietela.

A. S. -

2014ko martxoak 9

Herritarrak Iruñeko Donibane auzoan jazotakoa oraindik sinetsi ezinik zeudela, beste heriotza baten albistea iritsi zen Hernanitik. Berrueta hil eta hurrengo egunean, hilketa salatzeko manifestazioa egin zuten herrian, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala. Martxa amaitu baino lehen, Ertzaintza oldartu egin zitzaien manifestariei, eta korrika hasi ziren asko. Kontxi Sanchiz atari batean babestu zen, beste hainbat herritarrekin. Atarira sartu eta berehala erori zen lurrera, bihotzekoak jota. Familiak salatu zuen ertzainei laguntza eskatu zietela, baina "niri bost axola" izan zela haien aldetik jaso zuten erantzuna. Handik gutxira, ospitalean hil zen 58 urteko hernaniarra. 
Orain hamar urteko martxoaren 14ko igande hartan 400 bat lagun elkartu ziren Hernanin, Berruetaren hilketa salatzeko. Han zen Kontxi Sanchiz ere, senideekin batera, Ainhoa eta Olatz Gonzalez alabek gogoan dutenez: "Goizean jaiki, eta etxean gurasoekin gosaltzen izan ginen, ondo. Gero beraiek norabait bazkaltzera joatekoak ziren. Denok batera atera ginen etxetik, normal, eta elkarrekin joan ginen manifestaziora, eguerdian". Gudarien plazatik abiatu zen martxa, 12:30 pasata. Urbieta kale inguruan ertzainek manifestazioa geldiarazi eta pankarta zeramaten lagunak identifikatu egin zituzten. "Tentsio apur bat zegoen", gogoratu dute. "Eta orduan oldartu ziren". Korrika hasi zen jendea, baita Sanchiz eta haren alabak ere; eta izeba-osabak bizi ziren etxeko atarian sartu ziren denak. "Atarian geratu nintzen ni, eta ama ere sartzen ikusi nuen, baina ja erori egin zen", azaldu du Olatz Gonzalezek. "Lagun batzuekin izebaren etxera igo nintzen ni", kontatu du Ainhoa Gonzalezek, "baina leihotik, izeba eta lehengusu bat osasun etxerantz korrika ikusi nituen, eta orduan aita etorri zen, ‘amari zerbait gertatzen ari zaio!’ esanez. Jaitsi, eta ama jada lurrean zegoen".
Manifestazioak aurrera jarraitu zuen, eta asko ez ziren gertatutakoaz jabetu amaitu arte. Ertzainak inguruan ziren oraindik. Eta beste alaba bat ataritik kalera atera zen korrika, haiengana, laguntza eske. "Nagore korrika atera zen, eta Ertzaintza zegoen hor. Laguntza eskatu zuen, ama lurrean zegoela eta laguntza behar genuela, anbulantzia bat, eta ‘niri bost axola’ erantzun zioten. Izeba orduan korrika joan zen osasun etxera". Ertzainek berehala alde egin zutela gogoan dute biek. "Istant batean ja ez zeuden, inon ez".
Handik gutxira, hamar minutu ingurura iritsi ziren atarira anbulantzia eta medikua, eta bertan saiatu ziren Sanchiz suspertzen. Baina lortu ez, eta ospitalerako bidea hartu zuten. 13:30 inguru iritsi zen Sanchiz ospitalera. Minutu gutxira jakinarazi zieten senideei hilik zela.
Herrizaingo Sailaren bertsioa, mingarri
Arratsalde hartan bertan agerraldia egin zuten senide eta lagunek gertatutakoa azaldu eta salatzeko. Herrizaingo Sailak oharra kaleratu zuen, "berria jakin bezain laster ikerketa abian" jarria zuela esateko. Ordea, bi egunera, familiak eta lekukoek emandakoaren oso bestelako bertsioa zabaldu zuen: "Emakume horri laguntza emateko anbulantzia eskaera 13:15ean du gorderik Osakidetzak, eta ertzainen salba jaurtitzea 13:21ean izan zen". Ertzaintza oldartu aurretik eman ziola, beraz, Sanchizi bihotzekoak. Alabak egindako laguntza eskaeraren inguruko aipamenik ez zuen egin ohar hartan Herrizaingo Sailak, eta gogor hartu zion kargu ezker abertzaleari, "beste gezur latz bat" zabaldu zuela eta "zuzenketa berehala" egin zezala exijituz. Ezker abertzaleak, berriz, berretsi egin zituen aurrez esandakoak, "Kontxi Sanchiz Ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz" hil zela, eta kasua argitzeko arduraz jokatzeko eskatu zion Javier Balza orduko Herrizaingo sailburuari. Hark apirilean eman zituen azalpenak Eusko Legebiltzarrean, eta irmo defendatu zuen Sanchizen heriotzak eta ertzainen jarrerak ez zutela inolako loturarik izan; haren hitzetan, Sanchiz oldarraldiaren aurretik sentitu zen ondoezik, gainera ez zen manifestazioan egon, eta senideek ertzainei laguntza eskatu izana ukatu zuen. 
Herrizaingo Sailaren bertsioarekin oso minduta agertu zen orduan Sanchizen familia, eta beren kontakizuna berretsi zuten; "gezurrik ez esateko" eta beren minarekin "ez jolasteko" eskatu zioten Herrizaingo Sailari. Oraindik ere ondo gogoan dute samin hura: "Momentu horietan, zure ama hil denean, izan den egoeran, gainera entzun behar izatea gezurretan ari ginela, ama ez zegoela manifestazioan...", dio Ainhoa Gonzalezek. "Lekuko asko zegoen, gainera; jendeak gertatu zena ikusi zuen", gehitu du ahizpak.
Gertaeren lekuan izan zen kaleko jantzitako ertzain batek gutuna idatzi zion Herrizaingo sailburuari, bertsio ofiziala gezurtatuz. Horrek, baina, ez zituen gauzak aldatu. Salaketa jarri zuten senideek, bildutako testigantzak froga gisa gehituta. Ordea, ez zuen aurrera egin. Herrizaingo Sailak zabaldu zuen ikerketaz ere ez dute ezertxo ere jakin izan. "Ez dute ezer egin", uste dute alabek.
Hala, sendiak instituzioen aldetik jasotako tratua txarra izan dela diote. Herritarren partetik, aldiz, "sekulako babesa" jaso izan dute. "Herriko jendea izugarri ondo portatu zen, bai Hernanikoak bai Iruñekoak, guretzat beste familia bat direnak. Beti egongo gara eskertuak. Oraindik ere eguna iristen denean hurbiltzen zaigu jendea zer moduz gauden galdetzera. Horrekin geratzen gara; hori da geratzen zaizuna".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna