FAGORREN Porrota

Lur errearen aukera

Ia 2.000 lanpostu galdu ziren aurreko urtean euskal industriaren suterik handienetakoan. Fagor Etxetresnen lur errea, ordea, ez da antzua enplegu sorrerari begira, 500 lanpostutik gora eskaintzeko gai izan daiteke-eta aurki.

jarraia89546.jpg
Xabier Martin - Jon Fernandez
2014ko martxoaren 9a
15:10
Entzun

Lur errearen gainean enplegua sortzeak ez du erraza ematen, baina Fagor Etxetresnen suteak egindako txikizioa ordenatu, eta berriro eraikitzen hasteko garaia da, oraindik ere ke zutabeak urrutitik ikusten diren arren. Likidazioa badator. Enpresa zuzendaritzak konkurtsoaren aurrea eskatu zuenean (2013-10-17) laztura eragiten zuen likidazioak bazkide-langile askorengan, baina dagoeneko gauzatuko dela ez dago zalantzarik, hartzekodunekin egin zitezkeen itunentzako garaia pasatu eta gero. Aitzitik, orain ez du horrenbesteko beldurrik sortzen likidazioak, ez behintzat kezka handiena lanpostu bat aurkitzea dutenen kasuan. Euren aurrezkien galeran aurrerapauso gisa ikusten dutenentzat oso bestelako adiera dauka, noski.

Keak ez lituzke, ordea, enpleguari lotutako kopuruak ikusezin bihurtu beharko. Kasik 2.000 lanpostu erre dira Fagorren, eta haren errautsetatik 500 bat atera daitezke luze gabe aurreikuspen baikorrak betetzen badira. Mondragon taldeak, bestalde, 1.000 bazkideri lanpostu berria edo erretiroa eskaini die jadanik; maiatzerako, 1.100 inguru izango dira. Arrasateko ikurraren sutean langile asko kiskali dira, baina aukera berria izango dutenak ere ez dira gutxi.

Edonola ere, Fagor Etxetresnen ekoizpen unitate batzuk berriro martxan jartzeko aukera bat emango du likidazioak, balizko erosleek, orain gutxi arte Fagorren lehiakideak kasu batzuetan, lantalde eta zorretatik garbi eskuratu ahal izango baitituzte. Eskaintzarik bada mahai gainean, eta Pedro Malagon Donostiako Merkataritza epaitegiko titularrak luze gabe abiaraziko duen prozesuan balizko erosleen zerrenda luzatzea espero dute hala konkurtso administratzaileek nola enpresa zuzendaritzak.

Euskal industriaren barruan izandako suterik handienetakoaren artetik errautsak baino gehiago aterako direla erakusteko garaia da, beraz. Fagor Etxetresnen arduradunek azken hilabeteetan izan duten kontsolamendu bakarretakoa da zabaltzear dagoen aro itxaropentsua, jadanik eskaintzak jaso baitira. Lanpostu berriak sor daitezke, eta langabeziaren sua bizitzeko ekarpen handia egin izanagatik, su hori bera amatatzeko ahaleginak emaitzak izan ditzake aspaldiko partez Fagor Etxetresnen barruan. Aste gutxian ikusiko da gaurko esperantzak biharko egiak diren ala ez.

Cevitalen eskaintza

Fagor Etxetresnek jaso duten eskaintzarik garrantzisuena Cevital Aljeriako taldearena da. Issab Rebraben taldeak FagorBrandtek erakarri zuen (Fagorren Frantziako adarra), eta azkenean Fagorren aktiboen zatirik handiena eraman dezakeela ematen du.Oraingoz, 25 milioi euro eskaini ditu Fagor Irelanden truke. Enpresa hori "karpeta bat baino ez da" iturri judizialek Berria-ri esan ziotenez, baina garrantzitsua zinez, Frantzian preziatuak diren marken gordailua delako. De Dietrich, Vedette, Sauter, Easycook eta Brandt bera ekoitzi eta saltzeko legezko eskubideak emango lizkioke Cevitali Fagor Ireland edukitzeak. Malagon epaileak kudeatzen du haren konkurtsoa, eta jadanik abiarazi du salmentaren prozesua, legezko epeak finkatuz.

Cevital eta Fagorren harremanak fruituak emateko hainbat begi lotu behar dira kate bat osatuz. Markak gabe Cevitalek ez du Brandten zati handi bat erosiko, eta hura gabe ez du Euskal Herrian eros dezakeen zatia eskuratuko. Garagartza (Arrasate) eta Eskoriatzako lantegiak bereganatzeko 2,5 milioi euroko eskaintza egin du Cevitalek (markengatik egindako eskaintzaren %10). Frantzian, Nanterreko epaitegiak Orleans eta Vendomeko lantegien truke eskainitakoa ontzat ematen badu, zutik jarraituko dute euskal lantegiengatik egindako eskaintza; bestela, ez. Ostegunerako emango du bere erabakiaren berri Nanterreko epaitegiak. Hura baiezkoa izan dadin, Donostiako epaitegiak Fagor Irelanden salmenta baimendu beharko du aurretik.

Enpleguari begira, garrantzitsua da pieza guztiak bat etortzea, Rebraben taldeak 300 bat lanpostu sortzeko asmoa baitu Arrasate eta Eskoriatzako plantetan, egosketa eta etxetresna txikien lerroetan. Luze gabe ez du baztertu 450 langile enplegatzea, negozioaren aurreikuspen ekonomikoak betez gero. Lerro zurian (etxetresna handiak) ez litzateke sartuko, nahiz eta San Andreseko (Arrasate) hornidura eta gai guztiak nahi dituen, ezta Confort atalean ere, esaterako Edesan (Basauri). Frantzian 1.200 lanpostu inguru salbatuko lituzke, ordea, eta Polonian (Fagor Mastercoock) beste 300 bat.

Osatu behar den puzzlea

Cevitalena ez da, ordea, jaso den eskaintza bakarra, nahiz eta osoena izan. Confort atalaren barruan, Bergarako Geyser lantegia eskuratzeko bi eskaintza behintzat badaude. Haren %50 eskuratzeko alegia, Bergarako plantaren erdia Vaillantena baita. Harekin konpondu beharko lukete balizko erosleek Geyserren joint-venturean sartzeko, baina Fagor Etxetresnen zuzendaritzak badaki 200 bat lanpostu bahintzat sor daitezkeela Bergaran, eskaintzak mamitzen badira.

Kataluniako Cata taldearen eskaintzaren berri ere eman dute azken egunetan Fagor Etxetresnen gertuko iturriek. 320 lanpostu sortuko lituzkeen proiektua garatu du hark, baina ez dira ezagutzen xehetasunak.
Beraz, bistan da lortzen diren piezen arabera puzzle handiagoa edo txikiagoa aterako dela, baina Fagor Etxetresnen konkurtsoaren barruan 500 lanpostu sortzeko baldintzak egon daitezkeela esan daiteke, denak likidazio fasea zabaldu eta gero. Jarduerarekin lehenbailehen hasi behar dela ere, begien bistakoa da, zenbat eta denbora gehiago pasatu orduan eta zailagoa baita bezero, hornitzaile eta merkatuei begira proiektu bideragarriak egitea. Hala, Cevitalek nola Geyserren erdia erosi nahi dutenek aurtengo lehen seihilekoaren barruan hasi nahi dute.

1.900 lanpostutik gora galdu ziren iazko urte bukaeran Mondragon taldearen barruko porrot handienean. Bere kooperatiba ikurra kiskalita ikusteak ondorioak ekarriko ditu taldearen egitura eta gobernantza sistemari begira; baina dagoeneko martxan den hausnarketa prozesu baten fruitu izango diren ondorioetatik harago, ezin da esan Mondragonek beste alde batera begiratu duela prozesu honetan, langabezia apaltzeko ahaleginean. Dagoeneko 1.000 bazkide-langile dira lanpostu berrian (taldeko beste kooperatibetan) edo aldez aurretiko erretiroa eskuratu dutenak, eta 1.100dik gora izango dira maiatzerako.

Bazkide ez direnen patua

Arrasatek onartu du bazkide askoren lekualdatzeek aldi baterako kontratua zuten langileek ez jarraitzea eragin duela kooperatiba askotan. Alegia, taldeko bazkideek bazkide ez direnen lekua hartu dutela. Egia da aldi baterako langileei egokitu zaiela parterik okerrena, baina Arrasatek dio ez direla kaleratu sartu diren adina bazkide. Lanpostu berria lortu duten hamar bazkideko soldatapeko bost langilek galdu dute eurena. Beraz, 400 bat izan daitezke kontratua berritu ez, eta langabeziara joan behar izan dutenak. Kooperatiba batzuetan tentsioa sortu du horrek, gainera.

Lur errea dira oraindik ere Fagor Etxetresnak, baina galdutako 1.900dik gora lanpostu horietatik zati esanguratsu bat berreskuratzeko bidean da. Ez kooperatiba sistemaren barruan, soldatapeko langile moduan baizik, jarduera berreskuratzen dituztenek ezartzen dituzten lan baldintzekin alegia. Gerta daiteke Fagorreko bazkide batzuek Lagun Aroren langabezian jarraitu nahi izatea, lanpostu berri horietako batean egotea baino. Gerta daiteke nahiago izatea beste kooperatibaren batean sor daitekeen lanposturen baten zain geratzea, edo aldez aurretiko erretiroaren zain. Gizarte Segurantzan daudenentzat, ordea, adibidez Edesa eta Grumaleko beharginentzat, aukera egokia izan daiteke balizko proiektu berrietan sartzea. Logikoa da pentsatzea, bestalde, martxan jartzen diren lanpostuak lortzeko, haiek hobekien ezagutzen dutenek izango dutela aukeratzeko lehentasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.