EUSKAL HERRIA

Angel Gogoan: "Ahazteak eta ez aitortzeak ez du ekarpenik egiten etorkizunari begira"

Udalak jartzea onartu ez zuen plaka jarri dute, Donibaneko auzokideek eta senideek loreak jarri bitartean, txalo artean. Joxerra Senar kazetariak zuzeneko kontaketa egin du.

Omenaldiko une bat
Omenaldiko une bat / I˝igo Uriz/ARP

Joxerra Senar -

2014ko martxoak 13

"Ordua da herritarrek eskatzen dutena aitortzeko: egia, aitortza eta ordaina biktima guztiei". Hamargarren urteurrenean, Angel Gogoan plataformak omenaldia egin du Iruñeko Donibane auzoan. Angel Berrueta zenaren okindegi aurrean izan da ekitaldia; eta parean jarri dute haren omenezko plaka, udal gobernuak jartzea onartu ez zuena. Maialen Diaz plataformako kideak adierazi du "pauso txikia, baina sinbolikoa" dela "indarkeria gabeko etorkizunaren alde". Eta horrez gain, udalari ez kentzeko eskatu dio. "Angel Berrueta Legaz gogoan" dio plakak, elebitan.

Jende andana elkartu da omenaldian, eta horien artean zeuden Kontxi Sanchizen senideak (Berruetaren aldeko manifestazio batean bihotzekoak jota hil zen, Ertzaintzak kargatu ondoren, Hernanin). Biak izan dituzte gogoan, eta bien senideei egin diete aurreskua, besteak beste. Unerik hunkigarrienetako bat izan da ekitaldiaren amaiera. Aitor Berruetak, aita gogoan eta malko artean, auzoari eskerrak eman dizkio, "hilketaren zama arintzeagatik".

Berrueta hil ondoko egunez gero abiatutako "manipulazio kanpaina" salatuz hasi dute ekitaldia, eta Diazek adierazi duenez, hasieratik tratatu zituzten "bigarren mailako biktima" gisa. Hori dela eta, hizlarien atzeko kartelean letra larriz jarri dute: "Egia aitortu".

Era askotako oihuak entzun dira, besteak beste, "herriak ez du barkatuko" edo "Angel, Kontxi, gogoan zaituztegu". Txalo zaparrada ere jaso dute Sanchizen senideek. Donibanen Kantuz taldeak, bertaratutakoen laguntzaz, Xalbadorren heriotzean abestu ostean, Jorge Txokarro presoaren gutuna irakurri dute. Berrueta eta Sanchiz familiei "animoa eta indarra" helarazi Txokarrok, eta lore eskaintza egin dute jarraian. Ondoren, Gurasoak Kolektiboak hartu du hitza: "Kale erasoengatik atxilotutako gazteen gurasoak ginen". Berrueta horren kide zen.

"Batetik, bakea egin nahi dutenak daude, eta, bestetik, aurreko egoeraz kexatu arren, hura faltan dutenak". Iruñeko Udalaren jarrera kritikatu dute: UPNk, PPk eta PSNk "gutxienekoa" aitortzeko "ezintasuna eta argudio falta" salatu dute: "Ahazteak eta ez aitortzeak ez du ekarpenik egiten etorkizunari begira", bukatu du plataformak.

Polizia, identifikatze lanetan

Omenaldia hasi aurretik, kalejiran joan dira Iruñeko Donibane auzora. Espainiako Poliziak hainbat lagun identifikatu ditu Errekoletas plazan, kalejira geldiaraziz. Ondoren, polizien kontrolpean joan dira Donibane auzoko Martin Azpilikueta kaleraino. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna