Enpresak

Santander bankuak azkartu du Cegasaren erorketa

Taldea berregituratzeko plana onartu ez, eta finantza erakundeek likideziaren iturria itxi diotela salatu dute langileek.

Raul Bogajo / Argazki press

Ivan Santamaria -

2014ko martxoak 19

Bankuek likideziaren iturria itxi izanak eraman du Cegasa hartzekodunen lehiaketara. Taldeko langile batzordeek azaldu dute Santander bankua izan zela finantzazioa moztea erabaki zuen lehen erakundea, eta ondoren Cegasak zorra duen beste finantza erakundeek bide berdina hartu zuten. Hartzekodun Lehiaketaren autoaren arabera, 117 milioi euroko zorra du pilatuta konpainiak, eta horietatik 86,5 milioi hamabi bankuko talde bati zor dizkio.

Cegasak 900 langile ditu, horietatik 500 inguru Euskal Herriko hiru lantegitan (Bi Gasteizen, eta bat Oñatin). Gaur, enpresa horietako langile batzordeek agerraldi bateratua egin dute Gasteizen. ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek ordezkaritza dute.

Konpainia berregituratzeko plana aurkeztu zuen taldeko zuzendaritzak joan den abenduan. Prozesu hori bideratzeko helburuarekin, konpainiak konkurtso legearen aurrekora jo zuen joan den urtarrilaren 30ean. Zuzendaritzaren asmoa taldea bost enpresa ezberdinetan banatzea zen, eta bazkide berriak bilatzea jarduera batzuei eutsi ahal izateko. Haatik, bankuak ez daude ados plan horrekin. Ezezkoarekin batera kapital zirkulatzailerik gabe utzi dute enpresa, eta, likidezia falta horrek behartuta, Cegasa hartzekodunen konkurtsora jo zuen joan den astean.

Konkurtso aurrekora jotzeko erabakiak “beldurra orokortu” du Cegasako bezeroen eta hornitzaleen artean, eta ezegonkortasuna handitu du enpresan, batzordeko ordezkarien arabera. Aitor Madina administratzaile bakarraren eta zuzendaritzaren “kudeaketa txarrari” bota diote egoeraren errua langileek. Cegasako buruzagi historikoak, Juan Zelaiak, egindako “ahalegin estrategikoak” zapuztea leporatu diote Madinari. 2010ean Zelaiak berak enpresa onbideratzeko hamabi milioi jarri zituela jakinarazi dute, halaber.

Nominak zorretan

Lan taldearen baldintzak nabarmen okertu direla salatu dute batzordeetako ordezkariek. 2013 urteko uztailetik 2014 urteko otsailera enpleguaren erregulaziorako dosierra martxan izan dute. Halaber, soldataren ordainketa batzuk zor dizkie enpresak. Iragan urteko maiatzeko nomina osoa ez zien ordaindu, uztaileko aparteko ordaina ere ez. Aurtengo otsaileko ordaina ere zor zaie, eta martxoan soilik 750 euro jaso dituzte. Egoera txarra izan bada ere, langileek taldearen iraupena bermatzeko lanean jarraitu dutela azpimarratu dute.

Cegasak bideragarri izateko aukerak badituela uste dute langileek. Gaur egun, 124 milioi euro fakturatzen ari zen urtero. Bi eskaera zehatz egin dituzte. Alde batetik, kapital zirkulatzailea jasotzeko bideak berriro irekitzea finantza erakundeei. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari eta beste erakunde publikoei laguntzea, enpresak aurrera egin dezan. Mobilizazioak ere hasiko dituzte. Datorren larunbatean, martxoaren 22an, Gasteizen manifestazioa egingo dute, eta astebete geroago, martxoaren 29an, protesta Oñatiko kaleetan egingo dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna