Ukraina

Ofizialki Krimea dagoeneko Errusia da

Gaur bertan berretsi du Errusiako Senatuak Krimea eta Sebastopol Errusiara batzeko ituna, eta ordu gutxitara etorri da presidentearen aldarrikapena.

Putin, Barne ministerioak gaur egin duen bileran
Putin, Barne ministerioak gaur egin duen bileran / Mikhail Klimentyef/EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko martxoak 21

Ordu gutxi behar izan ditu Errusiako presidente Vladimir Putinek Krimea eta Sebastopol Errusiara batzeko legeak aldarrikatzeko. Izan ere, gaur goizean onartu du senatuak aho batez ituna: 155 senatariek eman dute aldeko botoa. Hiruak elkartzeko beharrezkoa zen prozedura parlamentarioa amaitu da senatuaren berrespenarekin, eta presidenteak legeak aldarrikatzea besterik ez zen falta batzea gauzatzeko.

Atzo jakinarazi zuen Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak litekeena zela asteon formalizatzea juridikoki Krimearen, Sebastopolen eta Errusiaren batzea. Eta hala izan da azkenean. Erreferenduma igandean egin zuten Krimean, eta astebete baino gutxiagoko tartean batu da Errusiara.

Zigorren mehatxua

"Ezin da berrikusi". Erantzun horixe eman zion atzo Lavrovek John Kerry AEBetako Estatu idazkariari, Krimea Errusiari batzeko prozesuari buruz. Errusiako Dumak (parlamentuak) atzo eman zion oniritzia Vladimir Putin presidenteak eta Krimeako eta Sebastopoleko Udaleko agintariek sinatutako hitzarmenari, eta gaur Federazioko Kontseiluaren (senatuaren) baiezkoak bukatzekoa du prozedura formala. AEBek Errusiako ordezkari gehiagori ezarriko dizkiete zigorrak, eta, EB Europako Batasunarekin batera, zigor ekonomikoen mehatxua errepikatu dute, baina horrek ez du Errusia kikildu. Ukrainako Radak (parlamentuak) bat egitea ez onartzeko eskatu dio nazioarteari, eta adierazi du "Krimea okupatzaileetatik askatzeko borroka» ez dela «inoiz bukatuko". Errusiak, ordea, jadanik ongi lotuta dauka penintsula.

Dumak tramitea ezusterik gabe bete du, eta adostasuna erabatekoa izan da: 445 diputatu Krimea eta Sebastopol Errusiako Federazioko 84. eta 85. lurraldeak bihurtzearen alde, eta bakarra kontra. Lavrov Atzerri ministroak giza eskubideen izenean justifikatu du bat egitea. "Herritar guztien eskubide berdintasuna berma dezaketen herrialdeek lurralde batasuna babestuta edukiko dute". Baina, Lavroven iritziz, ez da hori Ukrainaren kasua. "Kieven kolpea gertatu ondotik, Krimeako herritarren eskubideak are gehiago murrizteko ekintzak gertatu ziren".

"Zabaltzeko doktrina"

Ukrainako Radak, ordea, nazioarteko legedia urratzea egotzi dio Errusiari, eta uste du Kremlinak "mundu errusiarra zabaltzeko doktrina" paratu duela indarrean. Mendebaldearen babesa da Ukrainako gobernu berriak Errusiari aurre egiteko duen aukera bakarra, baina babes horren eraginkortasuna aski mugatua izan da orain arte, eta gauzak anitz aldatu beharko lirateke Errusiaren asmoei trabaren bat sortzeko.

Barack Obama AEBetako presidenteak agerraldi bat egin zuen atzo, zigor gehiagoren berri emateko. Gogor agertu nahi izan zuen. "Nazioek ez dituzte mugak nahieran marrazten, bakarrik boteretsuagoak direlako". Ezarritako zigorren bigarren saila ere, ordea, eragin mugatukoa izanen da; "Putinen barne zirkulua" osatzen dutenak gehitu dizkiote zerrenda beltzari —bortz lagun, horien artean Sergei Ivanov kabinete burua—, eta erakunde bat: Errusia Bankua. Guztiek ezinen dituzte transakzioak dolarretan egin, ezinen dira AEBetan sartu, AEBetan ondasunik badute izoztu eginen dizkiete eta ezinen dute eduki AEBekin merkataritza harremanik ere.

Hala ere, Obamak iragarritakoak ez du askorik arduratu Errusia, eta erantzun berbera eman dio, AEBetako zenbait ordezkari zigortuta. Horien artean daude Kongresuko bi ganberen buruak —John Boehner errepublikanoa eta Harry Reid demokrata— eta John McCain senatari errepublikanoa —2008an presidentegai izandakoa—. McCainen izena nabarmentzekoa da, Errusiaren aurkako lobby lanean buru-belarri murgildu baita azken urteotan. Kieveko Independentzia plazatik igaro zen abenduan, Viktor Janukovitx presidentearen aurkako manifestariei babesa agertzeko. Baina ez hori bakarrik; iaz Sirian izan zen matxinoei sostengua emateko, eta arma kimikoak suntsitzeko Etxe Zuriak eta Kremlinak egindako akordioa kritikatu zuen, AEBen "ahulezia" erakusten zuelakoan.

EBren mugak

AEBak baino posizio ahulagoan dago EB, Errusiaren gasarekiko dependentzia eta harreman ekonomikoak direla eta. Alemania eta Erresuma Batuak dute interes gehien, baina, hala ere, zigor ekonomikoak aztertuko dituztela adierazi zuten atzo EBko estatuburuen eta gobernuburuen goi bileran. Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentearen solasek argi utzi dute EBk mugak dauzkala Errusiari presio egiteko. "Ez genuke akordioak hausteraino joan beharko. Errusiak bere modura ikusten ditu gauzak. Urrutiago badoaz, zigor ekonomikoak aztertu beharko ditugu, baina ezin gara irteerako arrastora itzuli".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna