EUSKARA

Euskarak badu ostarterik

Milaka lagun bildu dira Iruñean euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu eta gobernuak hizkuntzarekiko jarrera alda dezala eskatzera. Aldaketa benetakoa izan dadin euskara aintzat hartzea beharrezkotzat jo dute. Bideoa: Lizarratik Iruñera; euskararen aldeko manifestazioa (Ander Gartzia, BerriaTB).

Iker Tubia -

2014ko martxoak 23

Erantzun zabala jaso du, nahiz eta eguraldiak ez lagundu, euskaraz bizitzeko eskubidearen alde Iruñean deitua zuten manifestazioak. Gurea lingua navarrorum-a!! lelopean egin dute protesta. Euskaraz bizitzeko zailtasun etengabeak dituztela salatu dute dozenaka herritatik bildutako euskaldunek.

"Euskaraz bizi nahi dugunok gero eta oztopo gehiago dugu. Euskaraz aritzen garenok arrotz gisa tratatzen gaitu gobernuak, eta gure lurrean berean desagerrarazi nahi gaitu", ohartarazi dute deitzaileek, manifestazioaren amaierako ekitaldian.

Konta ezin halakoak dira kasuak: euskaraz ikasteko ezintasunak, D ereduaren aurkako kanpainak, euskaltegiak eta hedabideak ito nahia... "Hizkuntz politika itxuragabe hau tnko eta ozen salatzen dugu; euskaldunok hemen gaudela erakutsi nahi dugu".

Aldaketa hotsak

Etenik gabekoak dira aldaketa hotsak Nafarroan, UPNren aroa amaitu dela dioten ahotsak. Aldaketa hizkuntz politikan ere ezinbestekoa dela ohartarazi du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. "Guretzat aldaketak badu bereizgarri bat: Nafarroan ez da benetako aldaketarik izanen gu guztiok kontuan hartuko gaituen hizkuntza politika bat abiarazten ez bada".

Zer aldatua badagoela azaldu du: hezkuntzan, administrazioan, alor sozio-ekonomikoan, helduen alfabetatzean, hedabideetan... "Denon artean baldintza berriak sortu behar ditugu. Nafarroan eman beharreko aldaketan agertoki berria eraiki behar dugu, non euskaraz bizitzea aldarria izatetik errealitate bihurtuko den".

Herritarrei dei egin die, aldaketaren gako izan daitezen. "Aldaketarako, elkarrekin joan behar dugu. Euskalgintza, gutako bakoitza, prest egongo da euskararen normalizazioan urratsak emateko, horretarako gertu daudenekin aritzeko".

Hainbat alorretako euskaltzaleek egin dute deialdia. Hainbat alorretan ari baita eragina izaten UPNk euskararen kontra hartutako bidea. Laburbilduma gisara, hona azken denborako neurri larrienak.

haur eskolak

Hezkuntza. Euskaraz ikasteko trabak etenik gabekoak dira. Azkeneko, Iruñean egin dute protesta, haur eskolak direla eta. Hiri osoan bi eskolak soilik dute euskarazko zerbitzua, eta biak daude Txantrean; euskarazko eskaintzarik ez da gainerako auzoetan. Eskariak biltzen aritu dira azken asteetan, benetan frogatzeko eskaria badela gurasoen aldetik, eta udalari hori ikusarazteko.

Ingelesa bultzatzea bihurtu da Nafarroako Gobernuaren lehentasun hezkuntzan. PAI Ingelesez Ikasteko Programa jarri dute martxan azkena —aurrez TIL eredua izan zen—. Etengabe zabaltzen ari dira eskoletan ingelesezko programa hori, nahiz eta askotan irakasleen prestakuntza bermatu gabe dagoen eta ebaluaziorik egin gabe dagoen. Eragileek maiz salatu dute D eredua geldiarazteko ari direla ingelesa bultzatzen. Eta Yolanda Barcina presidenteak berak aitortu zuen: “Ez gara ari jasotzen euskarazko eskaera handiagoa beste hizkuntza bat eskaintzen ari garelako, ingelesa”. Parlamentuak “bizikidetzaren alde” eredu ezberdineko ikasleak elkarrekin nahastearen alde onartutako mozioa ere salatu dute talde batzuek.

D ereduaren aurkako azken erasoa Guardia Zibilaren eskutik egin dute. Irakasleak zelatatuz ikerketa bat egin zuen Guardia Zibilak, eta hedabide zenbaitetara filtratu. Zer sindikatutako kide diren, seniderik preso ote duten edo legez kanporatutako zerrendetan egon ote diren ikertuta, ondorioztatu zuten D ereduko lau irakasletik bat “etazalea” dela. Txostena ez dute publiko egin nahi izan, nahiz “neurriak” iragartzeko erabili duten.

euskalerria

Hedabideak. Euskarazko hedabideak itotzera jo du Nafarroako Gobernuak, eta horietako batzuek ateak itxi ere egin behar izan dituzte —Ttipi-Ttapa telebistak, adibidez—. Diru laguntzak eskasak ziren lehen, eta bertan behera utzi zituen gobernuak 2011n. Aurrekontuetatik desagertu egin dira euskarazko komunikabideak.

Euskalerria irratiaren aurkako seta bereziki da nabarmena, eta Europako Batzordeak berak eskatu dizkio kontuak Nafarroako Gobernuari. Behin eta berriz ukatu dio emititzeko lizentzia, eta legea hautsi ere egin du. Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzia du 1998ko lizentzien banaketa, gobernuak irregulartasunak egin zituela ikusirik. Epaia beteko duela esan zuen UPNk, baina oraindik ez du horretarako pausorik eman.

Konpontzeko dago, baita ere, EITBren auzia. Lurreko telebista digitala abiarazi zutenetik seinalerik ez dago, eta hori ezartzeko ahalegin oro oztopatu du UPNren gobernuak. Azkena, abenduan. EITBk iragarri zuen Nafarroan emititzen hasiko zela, parlamentuaren eskariari jarraituz. Gobernuak jarrera irmoa agertu zuen, ordea, eta atzera egin zuen EITBk. Lantalde bat martxan jarri dute, zer egin aztertzeko.

euskaltegiak

Euskaltegiak. Itota daude euskaltegiak ere Nafarroan, diru laguntzarik jaso gabe. Iaz, adibidez, 245.000 euroko diru saila agindua zieten; paperak ere aurkeztu zituzten, baina dirurik ez da iritsi. Aurtengoak jasotzeko ere bermerik ez dute. Deialdiari buruzko berririk ez dute.

Azken hamarkadan jaitsi eta jaitsi joan dira diruak, batere gabe utzi dituzten arte. 70 herritan daude euskaltegiak Nafarroan. Gobernuak “zor” dien diruaren eske, hilero ari dira protesta egiten euskaltegietako kideak.

osasuna

Euskarazko zerbitzua. Nafarroako herritarrei euskarazko zerbitzua bermatzeko trabak etengabeak dira, edozein alorretan: osasun etxeetan, liburutegietan, Poliziarenean, auzitegietan... Euskalduntzeko urratsak geldiaraztera jo dute. Adibidez, udaletako euskara zerbitzuetarako laguntzak kendu egin ditu gobernuak. Iaz ez zieten laguntzarik pagatu, eta batere ez ematea da aurtengo aurreikuspena. Hortaz, udalak euren dirutik ari dira dirua jartzen zerbitzuei eusteko.

Herritarrak hasiak dira euskarazko zerbitzuak eskatzen. EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek bultzatuta, esate baterako, Udala eta biok euskaraz izeneko agiria aurkezten ari dira herriko etxeetan. Osasunaren alorrean, Mediku euskalduna nahi dut kanpaina dago martxan; Leitzan eta Baztanen, adibidez.

ezeuskaldun

Euskararen Legea. Eskubide ezberdinak dituzte Nafarroako herritarrek, segun eta non bizi diren. Hiru eremutan banatua du legeak lurraldea —eremu euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna—, eta horren araberako eskubide mugak dituzte herritarrek. Eremu ez-euskaldunean, adibidez, irakaskuntza publikoan ez dute eskaintzen D eredurik. Ikastola da aukera bakarra. Umeek ehunka kilometro egiten dituzte ikasturtean zehar, eskolarako joan-etorrian. “Hizkuntz exodoa” dela salatu dute euskalgintzako eragileek.

Ikastolak eurak ere larri dira inguru horietan, Nafarroako erakundeen batere babesik gabe. Beste erakunde batzuek laguntza eman izan dutenetan, gainera —Gipuzkoako Diputazioak Lodosako Ibaialde ikastolari ematean, adibidez—, hori “onartezina” dela erantzun du Iruñeko gobernuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna