Pedro Casas

"Gizarte honetan kapitalak du boterea eta berak jartzen ditu politikariak agintean"

Agintzen dutenak itzalean daudela dio Pedro Casas soziologoak eta Madrilen eraikuntzarekin zerikusirik ez duten lanetan zabaltzen ari diren eraikuntza enpresak jartzen ditu horren adibide. Ezkerrak kalea berreskuratu du, bere ustez, baina eskuinak berriz irabazi egin nahi du galdu duen esparru hori.

jarraia90307.jpg
Miel Anjel Elustondo
2014ko martxoaren 30a
12:24
Entzun

2002an Espainiako gobernuak Alderdien Legea onartu zuelarik Askatasunen eta Elkarrizketaren aldeko Sarea eratu zen Madrilen. Handik laster, epaile-guardia zibilek Euskaldunon Egunkaria hertsi zutenean, euskarazko kazetaren alde jardun zuen mugimendu hark. Epaiketa aitzin, plataforma egitura hartu zuen. Bidea hasi eta buru egin zuen Pedro Casas (Madril, 1952) soziologo eta euskaldunen lagunak.

Madrilen ginen duela bi urte Euskaldunon Egunkaria-ren auzia tarteko. Iragan zen epaiketa. Libre, hein batean, bederen…

Bai, libre. Auzi hura irabazi zen, eta, harrezkero, epaiketa gehiago ere irabazi dugu, ezta? Hor da Udalbiltza, adibidez. Egunkaria ren sententziak zalantza izpirik ez zuen, jurisprudentzia ezarri zuen… Tira, kontuz esan beharra dago, jende honek ez baitio jurisprudentziari kasurik egiten. Guztiarekin ere, zalantzarik gabea izan zen. Manos Limpias bera ere ez zen ausartu errekurtsoa jartzera… Uste dut orain arteko sententziarik azpimarragarriena izan dela, benetan.

Auzi eta epaiketa gehiago ere izan da ordutik hona. Hainbat jendek —tartean zuek Carabanchelen—, mintzaldiak antolatu ohi dituzue. Beste batzuk, berriz, gisako saioak zartarazten saiatzen ari dira, auzoetan nahiz unibertsitatean… Eskuina harrotuta dabil Madrilen?

Harrotuta?... Amorratuta dabil eskuina Madrilen. Kalea galdu duela jabetu da, eta hor dabil… Kalea berreskuratu du ezkerrak. Utzia zuen. Trantsizio garaian utzi zuen. Errazkerian erori zen ezkerra. Egina zen borroka. Lortuak ziren zenbait giza eskubide, zenbait eskubide sindikal eta politiko, eta langile mugimendua hitzarmen kolektiboan puntu bat gora, puntu bat behera negoziatzera jarri zen. Edo pentsio planak kudeatzeko mahaian egoteko borrokari lotu zitzaion… Askoz gehiagorik ez. Sozialismoa iristeko anbizioa galdu zuen, horrela esaterik baldin badago, behintzat. Produkzio harremanak iraultzeko gogoa galdu zuen.

"Irabazi arte!" zen lehen eta "Galdu arte!" da orain?

Porrotetik porrotera, betiko galdu arte azkenean! Kar, kar… Krisi bat izan da, arlo guztiak jo ditu, baina hondoko itsasoa dago eta hondo horrek arlo guztiei eragiten die: alderdi politikoen egiturei, sindikatuei buruzko kontzeptuari… Sindikatuak esan dugu, baina haien indarra oso mugatua da estatuan. Gutxiengo dira, guztiz. Afiliazioak ez du %10 iristen. Huskeria! Konpara ezazu beste herrialde batzuetako afiliazio mailarekin. Euskal Herrikoarekin, adibidez! [%30]... Horrekin batera, ordea, gauzak zalantzan jartze bat dago. Giro horretan, pizgarriak gertatu dira: M-15 mugimendua, esaterako. Pizgarri horren adierazpena da —sinbolo bat besterik ez, nahi baduzu—, M-15 ez baita guztia... Hori ere ez da hutsetik sortzen. Sortu da, lehenago zerbait egosten ari zelako. Baina, jakina, Historia gertakariz beterik dago, eta horietako bat da M-15. Lehena eta oraina uztartzen ditu… Horrela heldu gara kalea berreskuratzeko beharra dagoela kontzientzia hartzera. Hogeita hamar urtean, ezkerrak abandonatu egin zuen kalea, Madrilen behintzat. Eskuina, edo ultraeskuina, egin zen kalearen jabe. Zapateroren garaian, adibidez, eskuina kalean zegoen egunero: bateko abortua, besteko ETArekin negoziatzea, gay ezkontzak… Ondoren, berriz, ezkerrak kalea berreskuratu duela ikusi dugu, nabarmen. Kalea gozatu dugu berriro. Batzuek hor izan gara, gutxi edo asko, baina ez 2008tik hona edo, batez ere, 2010etik hona garen moduan.

Jendea kalean…

Eta gustura gaudela konturatu gara. Harrigarria da, baina hala da. Soziologikoki ere, badu bere tolesa. Gustu hartzen diozu. Behar gorria genuelako, beharbada. Manifa duzu, batetik, eta manifa ondoko giroa, berriz, bestetik; tragoak eta beste. Ekintza soziala da kalean manifestatzea. Hiritar garen aldetik, gure eginbeharra da kalean manifestatzea, gure eskubideak zapaltzen ez diogu inori uzten. Bestalde, harremanak sortzen dira. Azken finean, izaki sozialak gara, eta bide horretan datorren guztia atsegina da. Astebururo dago zer edo zer. Batzuetan, gehiegi ere bai. Inflazioa ere bada.

Eskuina ez da gustura…

Krisi egoera honetan, eskuinak mobilizazioa eragotzi nahi du. Errepresio bidez, noski. Horra polizia, horra legeria, kode penala eta Barne ministerioaren lege erreforma, eta, hori nahikoa ez bada, banda parapolizialen jarduera. Berpiztu egin dira. Kataluniako Diadaren karietara Madrilen gertatu zena adierazgarri da. Niri, egun hartan gertatu zenak beste aro batean sartzen ari ginela sentiarazi zidan. Eta, zoritxarrez, uste dut ez naizela oker ari.

Lehengo astelehen bateko kasua da adibide…

Ekitaldi bat zen, ohikoa. Epaiketa politikoren bat denean askotan egiten den moduko bat, elkartasunezkoa. Egunkaria , Udalbiltza, 18/98, D3M… Hainbat prozesu. Horiek izan direnean, Madrilen elkartasun plataformak egin izan dira informazioa zabaltzeko eta zapalketari kontra egiteko asmotan beti. Testuinguru horretan, urtarrilaren 13an ekitaldi bat antolatu zen auzo bateko areto txiki batean. Saio bat antolatu zuten, azalpenak emateko, epaiketa politikoen berri emateko eta beste. Ekitaldiaren bezperan, baten bat zer edo zer idazten hasi zen [Federiko] Jimenez Losantosen Libertad Digital-en, oker ez banaiz. Artikulu bat zen, eta "seinalatzen" ari zen. Oso garbi dago jokaldia: egunkariren batek seinalatu egiten du, eta ondotik datoz instituzioak, edo, azkenaldian, parapolizialak. Leku gehiagotan argitaratu zuten berria: ETA gora eta proetarrak behera eraso zioten, eta gobernu ordezkari Cristina Cifuentesek esan zuen fiskaltzari eskatuko ziola ekitaldia galarazteko. Talde faxistek, eta naziek, ekitaldia lehertzera joateko deia egin zuten. Elkartasun plataformak, orduan, bertan behera utzi zuen ekitaldia, epaiketa garaian zalaparta horrek ez zuelako prozesua bera batere lagunduko, alegia, defentsari ez ziolako lanean lagunduko. Kontua ez da geure buruari harrika jardutea. Horrela, badaezpada, ekitaldia bertan behera utzi zuten. Naziek ez zuten beren deialdian atzera egin, ordea, eta, ondorioz, faxisten kontrako koordinadorak lokala dagoen tokira biltzeko deia egin zuen, lokala babesteko, erasorik izan ez zedin. Ez zen ezer gertatu, baina hantxe izan ziren talde faxistak, harro eta mehatxuka. Eta, bestalde, hantxe antidisturbioak ere, lokala babestera hurreratu ziren denak identifikatzen eta handik launaka alde egiteko esanez. Kalea hartu zuten, neurriz gain, eta justifikaziorik gabe, han ez baitzen ezer gertatu. Ekitaldia guztiz legezkoa zen, lokal baten barruan ezer egiteko ez baita baimenik behar. Horrela. Badira beste bi ekitaldi, euskal epaiketen inguruan biak, eta hasita daude mehatxuka, ohi denez. Horretan bai, fatxak libreago dabiltza, sistemak kalera atera ditu eskuin muturreko taldeak, jendea izutzeko, ez dadin kalera irten. Galdu duen esparrua irabazi nahi du eskuinak.

Nork seinalatzen du, nork ematen ditu elkartasun ekitaldiak lehertzeko aginduak?

Ezkutuko eskua zein den ez dakit. Haren izen-deiturak, esan nahi dut. Baina, Madrilen, hedabide asko dira eskuin muturrekoak. Irrati lizentziak banatu zirenean, esaterako —Esperanza Agirreren garaian ari naiz—, bada, eskuin muturrean dituen laguntxoei eman zizkien baimenak. Tartean da Jimenez Losantos, tartean da Cerezo —Atletico Madrileko presidentea—, Intereconomía , Zeta taldea… ABC horien ezkerrean da kasik! Horien hedabideak xaxa ari dira etengabe. Intereconomía ikusi besterik ez dago, adibidez. Egiten dituzten solasaldiak sua baino beroagoak dira. Zigorgabetasun osoz jarduten dute. Harroturik dabiltza aspaldi. Beste alde batetik, hartu Manos Limpias, eskuinaren beso judiziala, haren legezko egitura, finantzazio pribatu handia duena —atzean ditu bankuak—, eta akusazio partikular ikusiko duzu fiskaltzak abiarazten ez dituen prozesuetan, gobernua presionatzen, urrutiago joan dadin beti. Horiek dira seinalatzen ibiltzen direnak. Atzean, finantza botereak, botere ekonomikoa. Diot nik.

Politikariak dira Esperanza Agirre, Ruiz Gallardon, Mariano Raxoi… Haien bidez heltzen zaizkigu mezuak…

Bozemaile dira. Gizarte honetan, kapitalak du boterea eta berak jartzen ditu politikariak agintean, edo uzten du jar daitezen. Huts egiten badiote, egingo du modua handik kentzeko. Agintzen dutenak itzalean daude. Eman dezagun, Florentino Perez, Real Madrileko presidentea, zeruko txaloa irudi du, bizian okerrik egin ez duen itxura du. Estatuan gehien agintzen duenetako bat da. Real Madrileko presidente izateak asko laguntzen du palkoan negozioak egiten, edo estatuburua bi orduz ondoan izaten. Finalak jokatzen direnean, esate baterako. Eta nork du estatuburua bi orduko bileran, palkoan, ondo-ondoan jarrita izateko aukera? Adibidez ari naiz. Zer esanik ez, ministroak. Nahikoa du Madril-Barça futbol partidaren aitzakian haiek gonbidatzea. Ministroak pozik baino pozikago doaz Real Madrilen palkora. Denak ez daude Florentino Perez beraren esanetara, baina hor ditu, eskura: "Eta, konpondu al didak kontu hura?". Horrela da. Jende horrek mugitzen ditu hemen hariak.

Florentino Perez…

Eraikuntza du negoziorik handiena baina, oraintxe, gizarte zerbitzuak ari da garatzen buru-belarri. ACS Taldeak [Eraikuntza, zerbitzu, kontzesio eta telekomunikazioetako enpresak] enpresa mordoxka du gizarte zerbitzuetan lanean —jantokiak, Samur eta beste—, eta Madrileko udala eta Erkidegoa bera kontrolatzen ditu. Horiek agintzen dute herrialde honetan. Agintzekotan, hainbat jende jartzen dute han eta hemen, legeak egiten edo behar dituzten trikimailuak asmatzen. Eta hauek beren gisa hasten badira, behar dena egiten dute haiek paretik kentzeko… Florentino Perezek negozioa egiten du gizarte zerbitzuen bidez, ez da besterik. Ez da GKE bat. Harrigarria da, baina eraikuntza enpresak eraikuntzarekin ikustekorik batere ez duten lan pila egiten ari dira Madrilen. Adibidez, CCTk, Construcciones y Contratas-ek, zaborren ardura du Madrilen. Negozioa dibertsifikatu dute. Etxegintzak hondoa jo duenean, negozio ziurra aurkitu dute: hiriari eusteko behar diren zerbitzuez jabetu dira. Horretan ari dira eraikuntza enpresak, zerbitzuak ematen, nahiz eta ez diren, berez, zerbitzu enpresa... Eta, inoiz, alkateak aurre egingo balie, ez luke aukerarik izango: enpresa horiek nahikoa lukete bi egunez hiria semafororik gabe uztea. Hori eramango lukeen alkaterik ez da sortu oraino.

Zergatik pizten da sua Madrilen euskaldunak tartean direnean? Biolentzia denean, eta ez denean...

Ikerketa antropologikoa egin beharko litzateke, jakiteko gaztelarrek zer pentsatzen ote duten euskaldunen gainean. Zenbait gauza nahasten direla esango nuke nik… Esate baterako, Madrilen askoz ere preziatuago dira euskaldunak katalanak baino. Bitxia da. Katalanak gorroto dituzte Madrilen. Niri ere atseginago zaizkit euskaldunak katalanak baino. Ezin dut galarazi. Topikoa da… Hemen, beraz, madrildarren azala marruskatu eta euskaldunak preziatzen direla ikusiko duzu: zintzoak direla esango dizute, sinpatia dietela… eta miresmena. Bitariko miresmena: batetik, jendea hobeto bizi da Euskal Herrian. Behin baino gehiagotan esan dut: nahiago nuke hemengo PSOE hango PNV balitz! Hemengo PSOE alderdi liberala da, ez dakit ultraliberala den, baina hor nonbait. PNV, berriz, eskuineko alderdia da, baina gizarte sentsibilitatea du. Baditu printzipioak, PSOEk ez bezala. Hauek, hemen, boterea bereganatu beste asmorik ez dute, ez dute oinarririk ez helbururik. Politikan badira batzuek hariak zuzentzen dituztenak, eta beste batzuk bere buruak erabil ditzaten uzten dute. PSOEkoek, hemen, onenean, osasunaren unibertsaltasuna defendituko dute. Eta kito! Han bukatzen da haien dotrina. Gainerakoan, herrialdeko industri ehuna desegin, Europako Batasunean modu lotsagarrian sartu, eta armadari eta bankari faboreko tratua eman. Horixe egin zuen Felipe Gonzalezek, adibidez… Besterik zer egin zuen, bada?

GAL abiarazi?

Gauza positiboak egin, esan nahi dut… Zapaterok, berdin. Bizpahiru gauzatxo egin orduko, benetan agintzen dutenen besoetan erortzen utzi zuen bere burua.

Euskal Herriarekiko "bitariko miresmena" esan duzu. Zertan da bigarrena?

Errekonozimendua, herri borrokalari eta kohesionatua delako. Inbidia eragiten du horrek, inbidia sanoa, baina ez dago inbidia kontrolatzen dakien pertsonarik. Errekonozimendua. Esaterako, hemen sinpatia handiagoa zion jendeak ETAri FRAPi baino… Halako une jakin bat arte, bederen… Europarako lehenengo hauteskundeak egin zirenean, 1987an, HBren kanpainaren leloak erabateko arrakasta izan zuen hemen: "Min handiena egiten dien lekuan". Erabateko arrakasta! Boto asko jaso zituzten Madrilen.

"Halako une jakin bat arte", esan duzu.

Hipercorrekoa gertatu zen arte. Horrek asko aldarazi zituen gauzak. Errotik aldarazi...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.