ABORTUA

"Nik ere abortatu egin dut"

Garai eta lege egoera desberdinetan haurdunaldia etetea erabaki duten hamar emakume beren esperientziez mintzatu dira. Abortuaren inguruko tabua hausteko. Maria Jesus Berrotaran, Idoia Eizmendi, Mari Luz Esteban, Gema Lasarte, Monika Sojo Plazaola, Sorkun Rubio, Ana Etxarte, Alaitz Tresserras, Hegoa Ugalde, Ekiñe Zurutuzarekin hitz egin du BERRIAk.

Maite Asensio Lozano -

2014ko apirilak 4

Tabua da abortua. Haurdunaldia borondatez eten duten andreek isilpean gorde izan dute erabaki hori, urteetan. Garai batean, abortatzea debekatuta edo mugatuta zegoenean, zigorren beldur jardun ziren ezkutuan. Egun, epaiketen beldur dira. Isiltasuna hausteko garaia dela uste dute zenbaitek, ordea. Hartara, bihar abortatzeko eskubidearen alde Iruñean izango den manifestazio nazionalaren atarian, jendaurrean beren abortuez hitz egiteko pausoa eman dute hamar emakumek. Batetik, ugalketaz, sexualitateaz, amatasunaz eta abortuaz normal-normal hitz egin ahal izatea bideratzeko. Eta, bestetik, andrazkoak abortuaren biktima bihurtzen dituen diskurtsoa indargabetzeko. Haurdunaldia etetea hautu kontziente eta arduratsua izan zela adierazi dute hamar emakumeok, eta erabaki erraza izan zela nabarmendu dute batzuek. Horrenbestez, abortuan esku hartzen duten osasun langileen errespetua ezinbesteko jo dute, eta haurdunaldiak doan zein baldintza mediko onetan etetearen garrantzia aldarrikatu dute.

Maria Jesus Berrotaran
Hondarribiko udaltzain ohia (65 urte)

"Baldintza penagarrietan egin zidaten abortua Baionan"

"21 urterekin ezkondu nintzen, inguruak bultzatuta, ziur egon gabe; garai hartan esaten ziguten ezkondu osteko bizitza zoragarria izango zela, baina ni kaiola batean sentitzen nintzen, egun osoa senarraren zain. Bi haur izan genituen, eta hirugarrena abortatzea erabaki nuen: txikiak ez nituen gustuko, birekin itota nengoen, eta hirugarrena ez nuen behar bezala tratatuko. Konbentzituta abortatu nuen. 1974a zen.

Entzuna nion neska bati Baionan egin zuela abortua, eta hark eman zidan medikuaren telefonoa. 15.000 pezeta eskatu zizkidan. Kontsultan, harritu nintzen ikustean familia medikua zela, ez ginekologoa, baina sartu nintzen. Ez zidan probarik egin, ez zidan agiririk eskatu. Sofa batean etzateko esan zidan, maindirerik ere gabe. Kristalezko poto bat ekarri zuen, tutu batekin, eta hura sartu zidan baginatik: hankarekin gailu bati eragin zion, bentosa egiteko, eta horrekin atera zidan barruan neukana.

Baldintza penagarrietan egin zidan abortua. Hilko nintzela sentitzen nuen: hurrengo egunean tripako min gogorra izan nuen, eta odol pila bat bota nuen. Medikuak esan zidan joateko osagilearengana zerbait gertatzekotan, baina nola joan behar nuen? Hiruzpalau egunera odola gelditu zen, baina edozein gaitz gerta zitekeen".

Idoia Eizmendi
Berdintasun teknikaria (53 urte)

"Urteak pasatu ziren Londreserako bidaiaren zorra ordaindu nuenerako"

"1980an haurdun geratu nintzenean, guztiz debekatuta zegoen abortatzea. Gerora Londresen abortatzeko bidaiak antolatu zituzten, baina orduan ez zegoen ezer, eta nik ez nuen pezetarik. Dirua lortzea odisea bat izan zen niretzat: ia bi hilabete behar izan nituen. Gurasoei ez nien ezer esan; erabat ezkutuan egin nuen dena. Ez nuen bakarrik joan nahi, eta lagun bati eskatu nion etortzeko. Beraz, bion bidaia, ostatua eta ebakuntza pagatu behar nituen; guztira, 70.000 pezeta inguru [450 euro], lantxoetan hileko 8.000 irabazten nuenean. Urte asko pasatu ziren zor hura ordaindu nuenerako.

Gogoan dut institutuko ingelesarekin herriko telefono kabinatik deitu nuela klinikara, hitzordua egiteko. Klinika alboko ostatuan geunden denak estatu espainolekoak ginen; lasaitu ninduen andre gehiago berdin ikusteak. Klinikan gaizki tratatu gintuzten; anestesiatik esnatzean negarrez hasi nintzen, eta erizain bat etorri zitzaidan: ‘Ixo! Lehenago pentsatzea zenuen!’".

Mari Luz Esteban
Antropologoa (54 urte)

"1984an abortuak egiteko modua erdi-antolatuta zegoen"

"1984an abortatu nuen. Basauriko Familia Plangintza zentroan lanean ari nintzen, mediku. Une hartan, abortuak era diskretu batean egiten hasiak ziren zenbait mediku Euskal Herrian, eta Bilbon ere bai. Argi zegoen legea etorriko zela [Espainiako Auzitegi Konstituzionala ari zen 1983ko legea aztertzen; 1985ean eman zuen epaia], eta abortuak egiteko modua erdi-antolatuta zegoen: kontsultak prest zeuden. Nik ezagutzen nituen; beraz, niretzat oso erraza izan zen: deitu, eta hurrengo egunean egin zidaten. Baina hainbat andrek tentsio handiz bizi zituzten medikuaren kontaktua lortu arteko egunak. Beraz, maila horretan pribilegiatu bat izan nintzen. 

Argi nuen une hartan ez nuela gura ume bat. Horregatik, hausnartzeko hiru egun ezartzea zigortzat hartu dut beti. Zentroetan profesional onak badaude, azkar jakingo dute emakumeak argi duen ala ez. Zalantza badu, denbora eman behar zaio ondo pentsatzeko; bestela, itxaron epe hori ez da beharrezkoa".

Gema Lasarte
EHUko Literatura irakaslea (51 urte)

"Umea uztea hobe dela diotenak ezjakintasunez ari dira"

"Gaztetan birritan abortatu nuen; argi nuen gerora ama izango nintzela, baina nik erabakitzean. Eta orduan ez zen umerik edukitzeko garaia: nire bizitza profesionala ez zegoen garatua, eta ez nuen amatasunari aurre egiteko moduko adimen eta oreka emozionalik... Erabaki erraza izan zen; ez dut inoiz kontzientzia txarrik eduki.

Amatasuna oso instituzio garrantzitsua da gizartea eraldatzeko; kontzienteki ez egiteak ondorio larriak ditu. Diskurtso batzuek diote umea ekarri nahi ez dutenek hiltzea baino hobe dutela uztea, baina niri argudio gogorra, krudela eta kaltegarria iruditzen zait, ezjakintasunez egina: ume bat abandonatzea infernura eramatea da. Umea ez maitatzea ere abandonatzea da, eta haur asko daude hala. Ni adopzioko ama naiz, badakit zer den trauma bat kudeatzea: bikoteak ez badu adimen emozional garatua, abandonuaren zuloak berekin eramango ditu inguruko guztiak".

Monika Sojo Plazaola
Lankidetzako teknikaria (40 urte)

"Bi aukera dituzunean erabakitzen duzu, baina nik bakarra nuen"

"Haurdun geratu nintzenean atzerrian bizi nintzen; itzultzean jakin nuen, bikotekidearekin moztu berritan. 28 urte nituen. Abortatzeko erabakia ere ez nuen hartu behar izan: bizitzan bi aukera dituzunean erabakitzen duzu, baina niretzat bide bakarra zegoen.

Lagun erizain baten bidez, klinika pribatu baten kontaktua lortu nuen. 1985eko legea zegoen indarrean; beraz, hainbeste emakumek bezala, haurdunaren kalte psikikoaren baldintzaren barruan abortatu nuen, psikiatraren txostenik ez neukan arren. Klinikan oso ondo tratatu ninduten; oso azkar egin zidaten. Ez zidaten kobratu, eta nik banuen dirua ordaintzeko; uste dut emakume guztiekin egiten zutela hala, konpromiso ideologikoagatik.

Ez nago ados andreak abortuaren biktima bihurtzen dituzten diskurtsoekin. Niretzat ez zen traumatikoa izan, liberazioa baizik: arazoa konponduta zegoela sentitu nuen. Emakume askorentzat oztopo administratiboak dira zamarik handiena, baina nire kasua egoera idealetik nahiko hurbil egon zen. Zorte handia izan nuela esaten dut, baina emakumeen eskubidea izan beharko litzateke hala abortatzea: etxetik gertu, ordaindu gabe eta baldintza mediko guztiekin".

Sorkun Rubio
Abeslaria (37 urte)

"Hiru aldiz abortatu dut, baina abortua ez da atsegina"

"Lau aldiz abortatu dut, borondatez hirutan: lehenengoz, 15 urterekin; bigarrenez, 20 bat urterekin; eta hirugarrenez, 30 ingururekin. Ez naiz hipokrita izango, nahi gabeko haurduntzeak beti izan dira akats beraren ondorio: antisorgailurik ez erabiltzea, kondoi bat beti eskura izateko seriotasun falta, eta arrisku praktikak egitea.

15 urterekin ez nuen abortatzeko inolako dudarik izan; gainera, babes handia izan genuen gurasoen aldetik: nire eta mutil-lagunaren amek eraman gintuzten Miarritzera. Bigarrena ere erabaki erraza izan zen, baina hirugarrena zailagoa izan zen: nik ama izan nahi nuen, baina une hartan ezinezkoa zen, oso egoera ekonomiko prekarioan geunden, bikote harremana ere oso gaztea zen... Dena den, abortu guztietan oso txarto pasatu dut, min fisiko handia eragin zidatelako, bai pilulen bidez, bai ebakuntzaz.

Inolako traumarik gabe abortatu izan dut; bat ere ez zait damutu, baina abortatzea ez da atsegina. Ez nuke gai hau arinkeriaz jorratu nahi. Nik uste dut bizitzan behar beste aldiz abortatu behar dela; bestela, pentsa, orain lau seme-alaba izango nituzke, eta ahaztu kantatzeaz. Baina, aldi berean, jakin behar dugu abortatzea ez dela txorakeria bat, eta kontrazepzioarekin arduratsu izan behar dugu".

Ana Etxarte
Bilboko Udaleko Bilduko zinegotzia (40 urte)

"Psikiatrarekiko elkarrizketa lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaidan"

"Ginekologoaren kontsultan jakin nuen haurdun nengoela, eta bertan esan nion abortatu nahi nuela. Hark eman zidan klinika pribatu baten helbidea. Ez zitzaidan gustatu psikiatrarekiko elkarrizketa; 2002. urtea zen, eta 1985eko legearen barruan abortatu ahal izateko formalitate bat zen, baina lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaidan: nahikoa argudio zen nire erabakia.

Nik ez nuen inolako zalantzarik eduki; ez nuen hausnartu behar izan, ez zidan kezkarik eragin, eta ez dut inoiz errurik sentitu. Une hartan, nire bizi proiektuan gauza asko zeuden erabakitzeko; batez ere, ez nekien umerik eduki nahi nuen ala ez, eta ez zitzaidan iruditzen halako erantzukizun handia istripuz har zitekeenik.

Halere, ez nion ia inori kontatu, epaitua izateko beldurrez, tabuaren eraginez edo. Gerora ere, senideei ere ez diet jakinarazi, behar hori ere ez dudalako sentitu: egiaz, abortu hura ez da hain garrantzitsua izan nire bizitzan, ez diot inportantziarik eman; beraz, ez dut horri buruz hitz egiteko beharrik sentitu".

Alaitz Tresserras
Pedagogoa eta EHUko Didaktika irakaslea (36 urte)

"Haurdunaldi bat etetea bizitzarekiko ardura handia da"

"Bikote harremanaren barruan sortu ziren etendako bi haurdunaldiak. Lehenengoan, egoera pertsonal eta ekonomiko ezegonkorra nuen, eta erraz erabaki nuen abortatzea. Bigarrenean, zalantza gehiago izan nituen: ama izateko gogoa piztu zitzaidan, baina bikotearen egoerak etetera bultzatu ninduen. Erabaki konplexuagoa izan zen. Adinak ere eragina izan zuela uste dut: ez da berdin 20 edo 30 urterekin abortatzea, eta nik 31 nituen. Inguruko emakumeen artean babesa bilatu nuen, nire segurtasun emozionala zaintzeko.

Halere, erabakia oso ondo hausnartuta hartu nuen, eta, egun, lasai sentitzen naiz. Ardurazko erabakia izan zen: nik uste dut haurdunaldi bat etetea bizitzarekiko ardura handia dela, norberaren zein jaioko den umearen bizitzarekiko ardura, konpromisoz eta heldutasunez hartua. Pertsona batek bizitzan hartzen dituen erabakiak ezin dira moralarekin neurtu edo baloratu".

Hegoa Ugalde
Bilgune Feministako kidea (31 urte)

"Nik neuk banekien gauzak ez nituela guztiz ondo egin"

"Oso gaizki sentitu nintzen haurdun nengoela jakin nuenean: zerbait gaizki egin izanaren sentsazioa nuen. Noizean behin lagun batekin oheratzen nintzen, eta kondoia berandu jarrita-edo geratu nintzen haurdun. Beti izan dut nahiko argi ama izan nahi dudala, baina une hartan ez zitzaidan bururatu haurdunaldiarekin jarraitzea: ez zen momentua. Pisu bat kendu nuen gainetik.

Mutilari dirurik ere ez nion eskatu, eta berak ere ez zidan eskaini; zur eta lur geratu zen, ez zuen espero. Etxean kontatu nuen, eta amak normaltasun osoz tratatu zuen gaia; ondo sentiarazi ninduen, ez-errudun, eta horrek dena erraztu zuen. Okerrena klinikako psikologoaren aurretik pasatzea izan zen: nolabait, azalpenak eskatu zizkidan, eta deserosoa izan zen, nik neuk banekielako gauzak ez nituela guztiz ondo egin. Egun haiek oso barrura begira igaro nituen, gorputza zaintzen. Azken batean, norbere gorputzean gertatzen dira minak eta eragozpenak".

Ekiñe Zurutuza
Langabea (23 urte)

"Jendea deseroso sentitzen da gaia ateratzen denean"

"2010eko legea abian zela abortatu nuen, 19 urterekin. Emakume batek ziur badaki abortatu nahi duela, abortatuko du, baina baldintza onetan egiteko, lagungarria da legeztatuta egotea. Halere, ni Osakidetzako emaginak sentiarazi ninduen okerren: hiru egunez hausnartzeko informazioa eman zidan, eta duda eragiten saiatu zen; galdetu zidan ea ziur nengoen, diru laguntzak jasoko nituelako... Nik erantzun nion han nengoela erabakia hartuta neukalako. Ugaltzeko gaitasuna edukitzeak ez du esan nahi emakume guztiok ama izan behar dugunik. Agian, hemendik hamar urtera ama izatea erabakiko dut, baina orain ez: berriro haurdun geratuz gero, abortatuko nuke.

Abortua egitera klinika batera bideratu ninduten. Itxarongela dut gogoan: emakume pila bat zeuden, kolore eta adin guztietakoak, batzuk bikotekidearekin; ni bakarrik joan nintzen. Tratua askoz hobea izan zen; une oro galdetu zidaten zer moduz nengoen. Kuretaje bidez egin zidaten abortua. Min eman zidan, baina erizain bat izan nuen ondoan, eskutik helduta, kontatzen berak ere abortatu zuela.

Jendea deseroso sentitzen da gaia ateratzen denean. Tokatu zait pare bat adiskide abortatzera laguntzea, eta gero eskatu didate isilpean gordetzeko, zerbait txarra egin izan balute bezala, abortatzea euren eskubidea izanik ere. Hori aldatu behar dela uste dut, abortuaz hitz egiten hasi behar dugula, normalizatzeko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna