Albistea entzun

Abortuaren alde, manifestazioan parte hartzera deitu dute Iruñean

Biharko protesta Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatu du; babes handia jaso du.

Edurne Elizondo -

2014ko apirilak 4

Mezua hagitz argia da: "Gure gorputza da, eta guk erabakitzen dugu". Horixe nabarmendu du Nafarroako Abortuaren Aldeko Plataformako kide Oihana Lopezek, martxoan Iruñean egindako agerraldian. Esaldi horrekin laburbildu du, halaber, datorren bihar Iruñean abortatzeko eskubidearen alde eginen duten manifestazioaren lelo nagusia. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu du protestara, eta atxikimendu anitz jaso ditu. Hamaika emakume taldek eta elkarte feministak bat egin dute deialdiarekin eta haren aldeko manifestuarekin.

Manifestazioa "ezinbestekotzat" jo dute plataformako kideek. "Gure eskubideen alde egin behar dugu, eta aurre egin behar diegu PPren gobernuari eta jasaten ari garen uholde nazional-katoliko atzerakoiari", erran du Lopezek. "Ez diogu utziko Alberto Ruiz Gallardon ministroaren erreformari aurrera egiten", erantsi du plataformako kideak.

Espainiako Gobernuak mahai gainean jarri du abortuaren legea aldatzeko aurreproiektua. Abenduaz geroztik, ondorioz, hamaika protesta eta mobilizazio egin dituzte emakume taldeek eta elkarte feministek proiektu horren aurka, Euskal Herrian. "Asko dago jokoan, ez bakarrik emakumeon abortatzeko eskubidea", nabarmendu dute Nafarroako Abortuaren Aldeko Plataformako ordezkariek, egindako agerraldian.

Iruñean eginen duten manifestazioaren bitartez, hain zuzen ere, emakumeen "gorputz aske eta burujabeak" jarri nahi dituzte aldarrikapenen erdian. Horrekin batera, sexuarekin eta ugalketarekin lotutako eskubideak jorratu nahi dituzte talde feministek. "Ama izateko edo ez izateko eskubidea dugu", azaldu du Lopezek, eta eskatu du ahalik eta azkarrena abortua zigor kodetik at uztea. Emakumeek beren borondatez haurdunaldia eteteko duten eskubidea nabarmendu eta eskubide hori osasun sare publikoan gauzatu ahal izateko aukera aldarrikatu du, gainera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.