Eraikuntza

Etxe zaharrak, itxaropen berriak

Eraikuntza sektorea biziberrituko duela aurreikusten da, haizea emango diola. Baina etxebizitzen zaharberritzeak oraindik ez du esperotako indarrik hartu, besteak beste, lan horiek gero eta garestiagoak direlako.

Uztarrozeko etxe bat zaharberritzen. JAGOBA MANTEROñA /ARGAZKI PRESS
Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko apirilaren 6a
13:56
Entzun

Eraikuntzak krisia hasi denetik sortu duen zuloa nekez beteko da berriz ere, baina adabakia jar dakioke. Behera doa etengabe, zuloan behera, eta hondoa non dagoen ere ez dakite sektoreko eragileek. Hala dio Iñaki Urresti Ascobi Bizkaiko eraikuntza enpresen elkarteko idazkari nagusiak: "2013a orain arteko urterik txarrena izan da, urtero lan gutxiago baitago". Eta datuek ere hori erakusten dute, joan den urtean Nafarroan %10,5 jaitsi baitzen sektoreko ekoizpena, eta %16,3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Higiezinen burbuila lehertu zenetik eraikuntza enpresa asko itxi dira, eta beste askok jarduera aldatu behar izan dute. Eta hori izan daiteke adabakia, eraikuntzaren barruan irtenbideren bat bilatzea.

Horren lekuko da, esaterako, Andrasa eraikuntza enpresa. Mikel Cañete bertako teknikaria da: "Guk zaharberritzearen esparrura salto egin dugu, merkatua horretara bideratzen ari delako". Iraganean "inor gutxik nahi zuen" alorra zela dio, eta, orain eraikin berri gutxiago egiten direnez, egindakoak berritzean egon daiteke irtenbidea. Eta negozioa egon badagoela dirudi, Hegoaldeko etxebizitzen erdiak 50 urtetik gorakoak baitira. Iritzi berekoa da Urresti ere. "Krisia gutxien sumatu duen esparrua dela esango nuke, eta, orain arte gutxi landu denez, gero eta indar handiagoa hartuko duela uste da". Eta hori horrela izan daiteke, "zaharberritzearen kultura hobetzen" ari delako, Manuel Paja Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekanoaren hitzetan. "Gaiari buruz gero eta gehiago hitz egiten dela sumatzen dut; hitzaldi eta foro ugari antolatzen ari dira azken bolada honetan". Datorren asteartean, esaterako, Deustuko Unibertsitatean zaharberritzearen eta energia eraginkorraren inguruko jardunaldia antolatu dute.

Sektorean behin eta berriro errepikatzen da ideia hori, zaharberritzeak gero eta indar handiagoa izango duela. "Demografiari begiratu besterik ez dago; ez da hazkunde handirik espero, eta horregatik etorkizunean ez dira horrenbeste etxebizitza berri beharko", Pajaren arabera. Negozioa, beraz, eraikitakoak berritzean egon daiteke, baina gaur-gaurkoz datuek ez dute teoria hori berresten. 2007. urtetik erdira jaitsi baita eraikinen zaharberritze integralen proiektuen kopurua (6.669tik 3.312ra), eta horiek egiteko aurrekontua, %72 (1.191 milioi eurotik 335 milioira). Datuak, beraz, espero daitekeen hazkunde horretatik urrun daude. "Zaharberritzearen ildoa noiz indartuko zain gaude, krisitik ateratzeko beharrezkoa izango baita eraikuntza martxan egotea. Eta, horretarako, zaharberritzearen atala oso interesgarria da", Urrestiren arabera.

Kostuen gorakada

Zaharberritzeak eraikuntza sektorean sortutako zuloari jar dakiokeen adabakia josteko epea atzeratzen ari dela dirudi. Baina horretarako garai egokia dela diote sektoreko ia eragile denek. Beraz, zergatik ez du indarrik hartzen? Pajak arrazoi argi bat jarri du mahai gainean: etxebizitzen jabeek gero eta baliabide ekonomiko gutxiago dituztela lan horiek egin ahal izateko. "Dirurik ez dago, eta finantza erakundeek ere ez dute krediturik ematen". Hori nahikoa arazo ez, eta berrikuntza integralak egiteko kostuek ere gora egin dute azken urte hauetan. Eta hori horrela izan dadin, etxebizitzen gaineko araudi berriek zerikusia izan dezakete.

Europako Batasunaren 2020 programan, esaterako, hemendik sei urtera gas isurketak %20 murriztu behar direla zehazten da, eta hor etxebizitzek zeresan handia daukate. Energetikoki eraginkorragoak liratekeen eraikinekin helburu horretara irits daitekeela dio programak, eta joan den urtean Espainiako Gobernuak helburu horretara iristeko neurria abiatu zuen. Orduz geroztik, etxebizitza bat berritzeko asmoa duten proiektuek bere eraginkortasun energetikoa hobetu beharra daukate. Alegia, dagoeneko ez da nahikoa izango etxebizitza batek kaltetua daukan zatia konpontzearekin, energia eraginkortasuna hobetzeko neurriak zehaztu behar dira. "Horrek guztiak ekar ditzakeen ondorio ekonomiko guztiekin".

Zailtasun horiei aurre egin, Europako proposamena bete eta sektorea biziberritzeko asmoarekin, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua laguntza ekonomikoak ematen ari dira. Datozen urteetarako gobernu bakoi-
tzak abiatu dituen enplegu planetan etxebizitzak berritzeko esparrua sustatu gura dute. Baina eraikinen atal bat konpontzeko laguntzak dira, oro har. Besteak beste, eraikinen egiturak, isolatze lanak, iristeko erraztasuna, bizitzeko baldintzak eta fatxadak berritzearen truke ematen dituzte laguntza horiek. Jaurlaritzak 238,9 milioi emango ditu 2013-2016 urteen artean, eta Nafarroako Gobernuak, 75 milioi euro 2013-2015 bitartean. Joan den urtean, lehen emaitzak jaso zituen Jaurlaritzak, 14.695 proiektutarako laguntza eman baitzuen. Planak irauten duen bitartean 62.000 proiektu egingo direla aurreikusten dute, eta horrek 13.765 lanpostu sortuko lituzke. Nafarroako Gobernuak emandako azken datuak 2012koak dira, eta orduan 6.488 etxebizitza zaharberritzen lagundu zuen.

Eraikuntza sektorean, ordea, batzuek errezeloz begiratzen diete laguntza horiei. Cañetek, esaterako, ez du Jaurlaritzaren plana ezagutzen, eta "bultzada garrantzitsua" izan daitekeen arren, ez du uste eurei askorako balioko dienik. "Azken finean, lan txikiak egiteko laguntzak eskaintzen dituzte, ez eraikin osoei eragiteko". Urrutia eraikuntza enpresako Abelina Uriarte teknikariak, berriz, ez du sumatzen zaharberritzeko laguntza horiek herritarrengana behar bezala iritsi direnik. "Askok ez dute ezagutu ere egiten, eta, horrez gain, nahiko urriak direla ere esan daiteke".
Hego Euskal Herriko bi gobernuek martxan jarri dituzten enplegu planek ez dute eraikinen berritze integralik sustatzen, eta hori da Pajak egiten duen kritika. "Ikusi egin beharko da zer-nolako lanak egin diren laguntza horiekin". Kasurik gehienetan konponketa txikiak izan direla uste du, eta horrela eraikinen behar bezalako berrikuntzak egiteko aukera galtzen ari dela dio: "Berritze osoak egin behar dira, bestela adabakiak adabakien gainean jartzen baititugu".

Hari horri tiraka, zaharberritzeek izan beharko luketen izaera ere plazaratu du: "Ingalaterrako egoeraren ondoren, Europako etxebizitza parke zaharrena daukagu hemen, eta hori berritu egin beharra dago. Nola? Ahaztu bloke bakar bat berritzeaz, auzune osoak dauzkagu hemen berritzeko". 2012. urtetik, gainera, 50 urtetik gorako eraikinen egoeraren inguruko azterketak egin behar dira, eta arau hori ez da behar bezala betetzen, Pajaren arabera: "Aldizkako azterketa horiek egitea udalen eskumena da, eta horiei askotan ez zaie interesatu ere egiten azterketa horiek egitea, akatsak edo arriskuan dauden eraikinak topatuz gero udaletako zerbitzu teknikoak gainezka egingo lukete eta". Ziur azaldu da azterketa horiek jarraipen batekin egingo balira zaharberritzea gai nagusi bihurtuko litzatekeela: "Baina berrikuntza integralak arazo handi bat dauka: oso garestia dela".

Kontzientzia sortu

Hegoaldeko gobernuek zaharberritzea sustatzeko hartutako neurriak gutxiegi direla esatearekin batera, Pajak kontzientzia berri bat sortzea aipatu du. Eta Urrestik bat egin du harekin. Diru laguntzekiko mendekotasuna alboratu, eta etxebizitzen jabeek euren "beharrari" erantzun behar diotela nabarmendu du arkitektoen elkargoko dekanoak. "Norberak bere etxea zaindu beharra dauka, kotxearekin egiten den bezalaxe". Baina berriz ere arazo berera itzuli da, lan horiek dituen kostuak. Edonola ere, lan horiek errentagarriak izan daitezke: "Energia eraginkortasunaren ikuspegitik behar bezalako berritzea eginez gero, etorkizunean lan horiek egiteko dirua energian aurrezten denarekin amortiza daiteke". Beraz, epe horretarako gobernuek kredituak aurreratu ditzaketela proposatzen du. "Adabaki ezberdinak egiteko proposamena baino eraginkorragoa izango litzateke".

Etxebizitzen zaharberritze egoki bat egin ondoren, gainera, ondasun horrek balioa irabazi egiten duela ere gogoratu du Urrestik. "Egia da bloke batean bizilagun asko bizi direla eta zaila dela denak ados jartzea, bakoitzaren egoera ekonomikoa ezberdina delako. Horretarako, laguntzak bultzada interesgarriak izan daitezke". Kontuak kontu, zaharberritzea denentzako ona izango den kontzientzia sortu behar dela nabarmendu du. "Era horretan lortuko dugu eraikuntza sektoreko esparru horri indarra ematea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.