galdeketa

Etxarri Aranatzen %94 agertu da independentziaren alde, %42ko parte hartzearekin

Euskal Herriaren independentziari buruzko lehendabiziko herri galdeketa izan da. 851 boto egon dira. Bai: 804. Ez: 18. Txuriak: 26. Baliogabeak: 3. "Garrantzitsuena, ariketa izan da", esan du Manu Gomez antolakuntza taldeko kideak. Galdeketan normaltasunez burutu da, behatzaileen arabera.

Manu Gomez antolatzaile taldeko kidea emaitzen berri ematen.
Manu Gomez antolatzaile taldeko kidea emaitzen berri ematen.

Enekoitz Esnaola, Maialen Unanue (Etxarri Aranatz) -

2014ko apirilak 14

Egin da Euskal Herriaren independentziari buruzko lehen herri galdeketa. Etxarri Aranatzen, Nafarroan. Antolatzaileen kalkuluen arabera 1.990 pertsonek zuten botoa emateko aukera —ez zuten udal erroldarik—. 851 boto izan dira. Beraz, %42,76ko parte hartzea izan da. Aldeko botoak, %94,47koak. Nahi duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan? izan da galdera.

Ezezko botoak %2,11 izan dira, txuriak %3,05, baliogabeak, %0,35. Gaueko bederatzi eta erdiak aldera jakinarazi ditu antolatzaile taldeak emaitzak, galdeketako zazpi behatzaileak ondoan zirela —Euskal Herriko lau eta nazioarteko hiru—.

Normaltasuna egunean zehar

"Goizean goizetik normaltasunez egin da galdeketa, eta herritarrok aparteko gorabeherarik gabe eman dugu bozka". Hala adierazi du Manu Gomez A13 ekimeneko kideak eguerdiko prentsaurrekoan. Ordurako, botoa ematera deitutakoen %25ak eman dute.

Baina Gomezek argi zeukan datuak ez zirela garrantzitsuenak: "Hemen garrantzitsuena ariketa demokratikoa izan da". Dantzariak, herri kirolak, musika... Festa bikoitza izan da Etxarri Aranatzen. "Jai giro ederra izan da".

Anna Arque Kataluniako galdeketen taldekide eta Etxarrikoaren ikuskatzaileetakoak herritarrak zoriondu ditu, bai antolaketagatik, bai herriko giroagatik. Arquek ere esan du ez dela aparteko gertaerarik edo gorabeherarik izan.

Inaki Irazabalbeitia europarlamentari eta ikuskatzaileak adierazi du "Europako Batasuneko herri eta herritarrek beren erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko minimo komun batzuk" jarri beharko liratekeela. "Ez da bidezkoa eskoziarrek bozkatu ahal izatea eta, aldi berean, Espainiak eskubide hori ukatzea Euskal Herriari. EBk tresnak ahalbidetu behar lituzke herritarrek euren erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko".

Azkenean zortzi behatzaile beharrean, zazpi izan dira, Jan Van Esbroeck belgikarrak ezin izan baitu agertu, arazo pertsonalak tarteko. 

Botoa ematen aurrena

Nati Jauregi Ezkurdia etxarriarra izan da bozka ematen lehena. Galdeketa "ederra eta beharrezkoa" dela iritzi dio Jauregik. "Barruak dantzan" zituen Jauregik bozka ematerako unean, egun garrantzitsua denaren seinale.

30 hedabide kreditatuta

Independentziari buruz Euskal Herrian egin den lehenengo galdeketak ikusmin handia sortu du. Euskal Herriko zein nazioarteko medioak dira bertan: 30 hedabide inguru, eta 40 kazetaritik gora. Besteak beste, Flandriakoak,  Alemaniakoak eta Kataluniako TV3 izan dira.

Bideoa: Inaki Irazabalbeitia behatzailea, goizean

Bideoa: Joxi Bakaikoa, Etxarri Aranazko alkatea, botoa eman aurretik.

Hilabetetako prozesua

Hilabeteak prestatze lanetan ibili ondoren egin dute Etxarri Aranatzen galdeketa. Demokraziaren festa" izan da, antolatzaileek diotenez.

Iaz saiatu ziren han herri galdeketa egiten, udalak mozio bat onartu ondotik, baina Nafarroako Auzitegiak baliogabetu egin zuen kontsulta, hori antolatzea udalaren eskumena ez dela argudiatuta. Oraingo saioan udala ez da sartu ezertarako. Herri plataforma bat izan da antolatzailea.

Goizeko bederatzietan ireki dituzte bozkalekuak, herriko plazako lokal pribatu batean. Gaueko bederatzi eta erdiak aldera jakin da emaitza.

Egitarau zabala prestatu dute egun osorako, eta jende asko batu da herriko erdigunean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna