Jon Etxabe

"Atakan jarri behar da Madril; Zamorako kartzela borrokarengatik desegin zen"

Frankismo garaian apaizentzat izan zen Zamorako kartzelako pabiloi bat. Han egindako guztiak eta batez ere presondegiko lagunak oso gogoan ditu Jon Etxabek. Hainbat narrazio egin ditu hango kontuez, bakoitza egitura eta estilo desberdinean. Orain, guztiak liburu batean bildu ditu.

Raul Bogajo / Argazki Press

Irune Lasa -

2014ko apirilak 20

Kartzelaren egunerokoa kontatu nahi izan du Jon Etxabek (Altzola, Gipuzkoa, 1933) Zamorako landan bere liburuan (Intxorta 1937). Apaizentzako presondegi berezi hartan zazpi urte egin zituen, eta, tartean, Burgosko epaiketa historikoan 50 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Amnistiarekin libre, apaizgoa utzita, inork ez zion lanik eman nahi. "Eskua eman, eta esaten zidaten ohore bat zela ni ezagutzea, baina lanik ez". Euskara irakasle hasi zen eskola publikoan, eta hor ere bere ideiengatik borrokan jardun zuen D eredua lortzeko. 60 urterekin hartu zuen erretiroa. Baina ez zen orduan hasi idazten. "Beti izan dut joera"; garai batean, esaterako, hainbat panfleto idatzi zituen.

Altzolan bizi zineten zuek. 3 urte zenituenean herritik kanporatu zintuzten familia osoa.

Gurasoak PNVkoak ziren, eta gerra denboran... Aitak ez zidan behin ere horretaz hitz egin, baina nik uste dut herriko batzokian nahiko aurrean zebilela. Nazionalak hurreratu zirenean aitak alde egin zuen, eta familia gelditu ginen. Lau anai-arreba ginen. Nazionalak sartu zirenean, zerrenda beltz famosoak egin ziren, eta familia osoak alde egin behar izan genuen. Frontea hemen zegoen, Intxortatik Kalamura. Bi aldeek akordioa egin zuten egun jakin batean halako ordutan pasako ginela [errefuxiatuak]. Amari entzunda dakit trenbidetik oinez etorri ginela Eibarrera.

Gogoratzen duzu zerbait hartaz?

Ez... Buruan daukat trenbideko ibilaldia, baina uste dut gehiago dela amak kontatzen zuenean nik irudikatzen nuena. Irudi bat badaukat garbi: kamioi batean goaz, aita etzanda dago eta inguruan sua... Pentsatu izan dut Gernikan izango zela, baina susmoa daukat ez zela Gernika; amari ez nion entzun hara joan ginenik. Susmoa daukat irudi horretako tokia Bilbo zela. Bilbo bonbardatu zutenekoa.

Gerra bukatuta, ama eta anai-arrebok herrira bueltatu ginen, eta aita Bizkaian geratu zen lanean. Bada orduko giroa erakusten duen anekdota bat: aitak baserria zeukan, eta aharia gordetzen zion oso aharizalea zen falangista bati. Harreman handia zeukaten horregatik. Aitak bueltatu nahi zuen, eta maiatza zen nonbait. Maiatzeko loreak zirela-eta egunero izaten zen elizkizuna. Aita joan zen elizara elizkizuna amaitu zenean, eta naturaltasun osoz joan zen falangista harena. "Zer moduz, Cosme?", eta hark erantzun: "Hi guk nahi baino hobeto!". Etxera joan, lo egin gabe gaua pasa, bila etorriko ziren beldurrez, eta berriz ere alde egin behar izan zuen.

Apaiz sartzea nola erabaki zenuen?

Gurasoak oso elizkoiak ziren, eta haien ilusioa, beste askorena lez, seme bat apaiza izatea zen. Nire anaia joan zen lehenengo; bi urte egin seminarioan, eta atera egin zen. Orduan, amak esan zidan, "zergatik ez hoa heu?". 13 urte nituen.

Seminariotik irtenda hasi zinen politikan?

Lehenengo, frankismoaren kontra, diktaduraren aurka. Apaiz mugimendu bat sortu zen, eta gauza asko egin genituen. Agiri famoso bat atera genuen, eta hori firmatu nuen. Gero zigorrak etorri ziren, sekulako iskanbila sortu zen...

Eta nola sartu zinen ETAn?

Maria Luisa Ruiz Arana nire emazte izango zena Eibarren zegoen. Caritasen lan egiten zuen, eta hara asko joaten nintzen ni. Hark asko ezagutzen zuen Mario Onaindia, eta hark proposatuta, Maria Luisa hasi zen bere etxean hartzen ETAko liberatuak. Urte mordoxka batean harena liberatu pila baten etxea izan zen. Behin Maria Luisak esan zidan premia zeukala eta ea eramango nituen hiru etakide Arrasatera... eta horrela hasi zen. Ailegatu zen momentu bat nire autoa erori zena, harrapatu zutena. Abisatu zidaten "autoa erori duk", eta, orduan, ihes egin nuen. Maria Luisak ere ihes egin behar izan zuen. Gorde nintzen etxe batean, eta gero liberatzea proposatu zidaten. Urtebete egin nuen liberatuta, propagandaren arduradun.

Pistolarekin?

Horixe ba. Baina pistola eramaten nuen segurtasunagatik. Inork ez zidan pistola hartzeko esan. Batek galdetu zidan, "hik piparik baduk?", eta ezetz erantzun nion. "Hire lana ardura handikoa duk, heuk pentsa". Gure esperientzia zen, Poliziak jakinda gu armatuta geundela, ez zirela momentuan guregana etortzen, prestatu egin behar zutela eta, orduan, guk sumatuz gero bazebiltzala, denbora ematen zigun ihes egiteko.

Apaiza eta armatua... esango zuen norbaitek. Ez zenuen erabili.

Ez nuen premiarik eduki; ez dakit zer egingo nuen premia eduki izan banu. Arma hartzea... Bai, bazen... Baina behin erabakiz gero sartuko zarela erakunde armatu batean, eta zeregin bat daukazula, zure ardura hori defenditu behar duzula, logika hutsez egiten duzu. Niri grazia egiten dit horri trabak ipintzen dizkiotenak hain zuzen elizkoiak direla, eskumakoak. Eta Eliza beti egon da armatuen alde, Eliza beti egon da armaden alde, kapilauak bedeinkatu ditu abioiak, bedeinkatu ditu tankeak, eman die meza... eta Nafarroako apaiz pila bat armatuak ibili ziren gerra denboran. Altxamendua preparatu zenean apaizak askotan egon ziren alde, eta Elizak armak gordetzeko erabili zituzten. Eta orain horiek dira eskrupuluak dituztenak.

68an harrapatu zintuzten. Orain gutxi gogoratu behar izan dituzu Bilboko polizia etxean pasatako egunak, Servini epailearen aurrean deklaratzeko (Frankismoko krimenen Argentinako kausan). Torturak...

Torturak hor daude, eta gogoratzen ditut, baina ez dira beste munduko arazoa izan. Badaude ondorio batzuk: adibidez, komisarian lehenengo kolpea sarreran eman zidan polizia batek; atzetik kristoren kolpea kokotean eskuarekin... Orain norbait atzean badaukat... Tarteka-tarteka, kolpe hori sentitu egiten dut...

Balio izan dizue testigantza hori emateak epaile baten aurrean?

Pertsonalki niretzat ez. Baina batez ere jabetzen zara, hainbeste denbora pasa eta gero, sikiera orain hasten dela orduko torturatzaile eta zapaltzailearen kontrako salaketa.

Atxilotua, polizia etxean torturatua izan eta...?

Basauriko kartzelan astebete, eta Zamorara. Hor azpimarratu beharra dagoena da Zamorako kartzela ez zela estatuarena bakarrik. Konkordatuarekin adostutako kartzela zen.

Kartzela normal bat zen, baina zati bat apaizentzat...

Pabiloi bat zen. Denera, 53 apaiz egon ginen, eta gehien egon ginenean hogei bat izango ginen.

Hango baldintzak izugarri gogorrak omen ziren. Hotza neguan, beroa udan...

Hori baino okerragoa egiten zitzaigun bakartzea, distantzia, baina batez ere bizitza pribaturik ez izatea.

Denek gela berean egiten zenuten lo...

Lo bakarrik ez. Komunek ere ez zuten aterik; pasilloan zihoanak komunean eserita zeudenak ikusten zituen.

Ez zegoen baldintza hoberik apaizak zinetelako.

Ez ez, inondik ere ez... Eta gure Zamorako eskabide nagusia beti izan zen beste presoekin egotea.

Eta gurasoek nola hartu zituzten zure gorabeherak?

Aita hilda zegoen, istripu batean. Eta arrebari entzunda, amak telebistatik jakin zuen atxilotu nindutela, eta erdi zorabiatuta gelditu zen; kristoren shock- a izan zuen. Baina gero izugarri mugitu zen; Erromara ere joan zen aita santuarengana Burgosko juizio denboran. Kristoren desilusioa hartu zuen. Han aita santuak hartu beharrean, bidali zuen monsinore bat arrosarioak emanaz, esanaz aita santuak ez zituela hartuko.

Zamorako zuloarekin Burgosko epaiketa baino lehen hasi zineten?

Bai, Burgosera joan ginenean esan genien ze asmo geneuzkan, zuloa egiten ari ginela, eta esan zidaten uzteko momentuz. Burgosen ere beste zulo bat prestatzen ari ziren hango politikariak.

Mario Onaindia eta horiek?

Bai, hor ere zulo bat zegoen martxan. Eta porrot egin zuen, eta horregatik esan ziguten uzteko. Gero denbora pasatu zen, eta atzera ekin genion...

Giltzak lortu, baldosak kendu, eta zuloa egiten hasi zineten.

Lurra oso biguna zen, eta erraza zen kentzea.

Eta gainera etorriko zitzaizuen beldurrik ez?

Bai horixe.

Metro erdiko zabalera zuen, 17 metro luze... Arrastaka... Itolarria emango zuen, bada.

Behin sentitu nuen halako zerbait. Eta neure buruari esan nion: "Edo hemen gehiago ez haiz sartuko, edo aguanta". Aguantatu nuen, eta jada gehiago ez nuen horrelakorik pasa.

Lagundu zizuen horrek, ezta? Ihesean pentsatzea, jardutea...

Kartzelan hori beti dago. Cartagenan egon ginenean [zuloa aurkitu ostean eraman zuten hara] hango preso guztiek zuten ihesa buruan.

Han denek zurekin ihes egin nahi zuten ...

Bai... Uste dut Cartagenako pasartea dela liburutik jendeari gehien gustatu zaiona.

Zamorako egonaldiak markatu zintuen?

Tira... Ni jada ahaztuta nago... Nik gehiago esango nuke hango lagunek utzi didatela marka; kartzelan egon ondoren, han egon ginenok oso anaia sentitzen ditut. Elkar ikusten ez badugu ere, hango harremanak markatzen zaitu gehiago; kartzela bera jada... ez... Hori pasa da... Bai, benetan.

Zamoran egon zineneko tarte horretan, Euskal Herriko historiako une garrantzitsu batean ere han zinen, Burgosko epaiketan. Zer oroitzapen duzu hartatik?

Nik batez ere barneratu dudana da, guk, Burgosko prozesuan epaitutakook, ez genuela halako protagonismorik eduki. Nahi izan genuen juizio politikoa egitea, buelta ematea eta frankismoa epaitzea, hori bai, eta helburu hori lortu genuen. Baina hori lortu genuen nik uste hitzez erdizka, ez zigutelako hitz egiten uzten. Eta nik uste dut protagonista benetan herria izan zela. Noizean behin egoten dira halako herriaren eztandak, eta hori bat izan zen. Burgosen inguruan herriak "nahikoa" esan zuen, eta altxatu egin zen.

Horretaz jabetzen zineten zuek Burgosen?

Bai, bai. Eta hori zen guretzat poza. Gauero abokatuak etortzen ziren kartzelara, eta kontatzen ziguten kanpoko mobida guztia, eta hori guretzat kristoren arnasa zen. "Irabazten ari gara...".

50 urteko zigorra jarri zizuten.

Baina bagenekien ez genituela beteko, Francorenak jada...

Zamorara itzuli, eta zuloa egiten jarraitu zenuten. Zer-nolako amorrua topatu zutenean, ezta?

Ez zuen horretarako denborarik eman. Pentsatzen hasi behar genuen, orain zer egin, nola konpondu, ze esplikazio eman behar genuen. Guk esplikazio logiko bat ematea erabaki genuen. Kondena handiena nuelako, ni izan nintzen zulogilea, eta kondena handiko beste biak, laguntzaileak. Besteek ez zutela ezer egin. Inork ezin zuen sinetsi hori, baina tira... esplikazio bat zen. Beste aukera zen esatea guk ezer ez genekiela; ea zer egiten zuten, denok zigortu? Baina momentu horretan ez zitzaigun hori bururatu, eta, gainera, horretarako talde osoak bat egin behar zuen, eztabaidatu, eta ez zegoen denborarik.

Ordurako oraindik apaiz sentitzen zinen?

Ez, ordurako ez. Batez ere, arrazoi nagusia zen bi gauzaz jabetu nintzela: marxismoa seminariotik ezagutzen genuen, Elizaren filtrotik pasata, baina nik ordurako marxismoaren beste gauza batzuk ere irakurriak nituen, eta gizarteari buruz beste ikuspegi bat nuen, iraultza eta hori guztia. Apaiz bezala ere, azken urteetan krisia nuen... Sermoiak egiten zenituen, baina jendeak lehengoan jarraitzen zuen. Erabakia nuen apaiz izateari uztea, baina hor kontraesan bat zegoen. Zamoran apaizekin jarraitzen nuen, nire logikak esaten zidalako alde egiteko aukera nagusia apaiz bezala zela. Ni erabili naute apaiz bezala beste presoetatik aparte, bada baliatuko nauk honetaz aukerarik baldin badaukat alde egiteko.

Ezkondu zinen.

Azken urtea [Lleidako] komentuan egin nuen. Maria Luisa, zazpi urtez erbesteratuta egon ondoren, etorri zen bisita egitera. Eta orduan egin ginen bikote. Ez ginen ezkondu, eta ez dugu seme-alabarik izan. Batetik, nahiko nagusiak ginen, eta arriskutsua zen, baina, bestetik, horrek adina pisu zeukan zerak, geure buruan orduan zegoela iraultza, sozialismoa... Bera EMKn zebilen, ni LKIn; ni troskista, bera maoista, eta ez zegoen denborarik seme-alabentzat... Gu militante-militante izan ginen.

Troskista eta maoista... izango zenuten eztabaidarik!

Bai. Baina... Bueno, bai eta ez. Elkarbizitza dagoenean esaten duzu politika dela gauza bat eta elkarbizitza beste bat. Eztabaidak talde bien artean izaten ziren, gure artean oso gutxi.

Oraingo politika jarraitzen duzu?

Bai, nahiko. Azken urteetan ezker abertzalera jo dut, ikusi nuelako gure iraultza plan haiek guztiek porrot egin zutela, eta ondorioztatu nuen nire eztabaidetarako marko politikoa ezker abertzaleak eskaintzen zidala. Egia da ezker abertzalean, organismo bezala, ez naizela asko mugitu; inguru horretan ibili naiz. Nire borroka presoena izan da. Lehenengo Senideak-en, gero Etxerat-en...

Eta egoerarekin itxaropentsu zaude?

Ez. Prozesu oso luzea izango da. Aurrerapausoak emateko, herria gehiago erradikalizatu behar da, eta uste dut ez gaudela pauso erradikal gogorrak emateko. Alde bateko pausoak emango dira, iheslariak, presoak... horiek emango dira. Gauza da ataka batean jarri behar dela Madril. Nik beti Zamorako etsenplua jartzen dut. Zamorako kartzela, batez ere, borrokarengatik desegin zen. Heldu zen momentu bat Elizak eta estatuak ezin zutena jasan Zamorako kartzela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna