euskal presoak

Ibon Iparragirre Espainiako espetxe batera urrundu dute

Euskal presoak epilepsia krisiak izaten ditu, eta hiesa dauka. Basauriko kartzelan zeukaten azkenaldian.

Ondarroan martxoan Iparragirre askatzeko eskatuz egin zen manifestazioa. /
Ondarroan martxoan Iparragirre askatzeko eskatuz egin zen manifestazioa. / Luis Jauregialtzo/ARP

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko apirilak 23

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Ibon Iparragirre Ondarroako presoa Basauriko espetxetik Navalcarnerokora (Espainia) eraman dute. Madrilgo erkidegoan dago kartzela hura.

Iparragirreren senide eta lagunak kezkatuta daude oso. Martxoan berriro kartzelan sartu zutenetik, haren osasun larriagatik arduratuta daude, eta orain, beste ezinegon bat zuten: Basauriko espetxean jasotzen ari zen tratua. Igandean espetxezainek jo egin zutela kontatu die presoak senideei. Astebete lehenago, preso arrunt batek jo zuen.

Ez hori bakarrik: epilepsia krisiak saihesteko beharrezko dituen botikak hartu ezinik dagoela esan die hurkoei, espetxezainek ez dizkiotelako sendagileek agindutako botikak ematen. Beste zerbait ematen diote horien ordez, eta Iparragirrek dio ez dakiela hartzen ari dena zer den ere.

Presoak senideei telefonoz deituta azaldu dienez, igande gauean eraso zioten. Ohi bezala, gaueko zenbatzea egin eta atea itxi zain zegoen, ziegan. Espetxezainak berandutzen ari zirela eta, berak itxi zuen atea. Orduan sartu ziren bi funtzionario ziegan, eta bi zaplazteko eman zizkion bakoitzak, indarrez, lurrera botatzeraino. Kolpea hartu zuen buruan, zauririk egin ez zuen arren.

Iparragirrek senideei hori kontatu dien dei berean esan die ez dituela epilepsiaren aurka behar dituen sendagaiak jasotzen. Azaldu duenez, errespetu moduluan dutenetik ez dizkiote eman botikak.

Hiesa ere badu Iparragirrek; oso garatua, gainera. 2011tik etxean egon da zigorra betetzen horregatik, martxoaren 7an neurria bertan behera utzi eta berriro espetxeratu zuten arte.

Espainia, gaixo larriekin "tematuta"

Etxerat elkarteak salatu duenez, areagotu egin dira gaixorik dauden euskal presoen aurkako erasoak: "Espainiako Gobernuak itxura gogorra erakutsi nahi du, eta helburu hori lortzeko egoera makalean daudenen aurka egin behar dela erabaki du". Horren adibide jarri ditu Josu Uribetxebarria eta Iparragirreren kasua. Etxerat-en ustez, halako jarrerak ezin dira onartu, "mendekuz eta krudelkeriaz" ari baita Espainia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna