Euskal Herria

Ikurrin erraldoia igo du aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan

Antolatuta zegoen ekitaldia aldatu behar izan dute, Martin Garitano diputatu nagusiak izandako osasun arazo batengatik. Mikel Laboaren 'Txoria txori' abestu dute hara bildutako herritarrek Inaxio Kortabarriak ikurrina igo bitartean. Jendez eta ikurrinez beteta egon da Gipuzkoa plaza, eta ikurrinaren eta independentziaren aldeko oihuak entzun dira. Bideoa: Ikurrinaren aldeko ekitaldia (Ander Gartzia, BerriaTB).

Jokin Sagarzazu -

2014ko apirilak 27

Donostiako Gipuzkoa plazan ikurrin handi bat dago gaurtik, Hego Euskal Herriko instituzioetako eraikinetan Espainiako bandera jartzera behartzen dituen Espainiako Justizaren agindua salatzeko. Ikurrina jarri, jarri egin dute. Baina horrekin batera antolatuta zegoen ekitaldia aldatu behar izan dute, Martin Garitano diputatu nagusiak izandako osasun arazo batengatik. Hasieran bihotzekoak eman diola zabaldu den arren, medikuek jada baztertu dute aukera hori, eta behaketapean egongo da medikuek agintzen duten arte. Anbulantzietako langileek tokian bertan artatu dute 20 minutuz, eta handik ospitalera eraman dute. Diputazioko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, "oso urduri" zebilen Garitano azken egunetan.

Ekitaldia, halere, egin dute, atzerapenarekin eta diputatu nagusiaren parte hartzerik gabe izan bada ere. Iragarri bezala, Inaxio Kortabarriak altxatu du ikurrina. "Ikurrina bai, espainola ez" eta independentziaren aldeko oihuak entzun dira. Une hunkigarriena Kortabarriak ikurrina altxatu dueneko unea izan da, bertaratutako herritarrek Mikel Laboaren Txoria txori abestu baitute. Gero aurreskua dantzatu eta abestu diote ikurrinari, eta Andoni Egañak eta Alaia Martinek bertsoak eskaini dizkiote. Larraitz Ugartek hartu du hitza gero, eta esan du Garitanok "hitzaldi polit bat" zuela prestatuta, baina gertatutakoak tarteko ez zela momentua irakurtzeko. Hori horrela, eskerrak eman dizkie hara bildutakoei, eta adierazi du "aste zailak" izan direla diputazioarentzat, Espainiako bandera jartzea bete beharreko agindua zelako.

Plaka bat ere jarri du Gipuzkoako Aldundiak plaza horretan bertan. Txio baten bidez zabaldu du:

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna