Politika

Lagun bat atxilotu dute Tafallan, Sotaren aldeko mozio bat bozkatzeko bilkuraren ostean

Ezkutatuta dago Fernando Sota, duela bi urte eta erdi "terrorismoari gorazarre egitea" egotzita kartzelatzeko agindua baitu.

Berria -

2014ko apirilak 30

Fernando Sotaren sendiak gaztearen aldeko mozio bat eskatu zuen, eta atzo eztabaidatu zuten Tafallako udalbatzan. Mozioak ez zuen aurrera egin, zazpina boto jaso baitzituen alde eta kontra (Bildu eta IT alde; UPN aurka, eta sozialisten abstentzioa). 

Bozkaketa amaitutakoan izan zen atxiloketa, Sotaren lagun eta senitartekoak udaletxeko aretotik irten eta minutu gutxira. Francisco Javier Fernandez Casco atxilotu zuten guardia zibilek, "erresistentzia eta desobedientziagatik". Guardia Zibilak iraindu eta eraso egin izana leporatzen diote. Ahotsa.info-k jakinarazi duenez, herria hartu zuten guardia zibilek, eta kontrolak jarri zituzten herriko sarrera guztietan.

Duela bi urte eta erdi Ines del Rioren eta Josu Bravoren argazkiak erakusteagatik "terrorismoari gorazarre egitea" egotzi zioten Sotari. Urtebeteko zigorra ezarri zioten. Nahiz eta bi urtetik beherako zigorretan epaitegiek ez duten inor espetxera igortzen, Concepcion Espejel epaileak erabaki zuen Tafallako gaztea kartzelatzeko agindua ematea. Eta, hori ikusita, Sotak ezkutatzea erabaki zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna