literatura

'Baleak ikusi ditut' gatazka ardatz duen eleberri grafikoaren aurrerapena, BERRIAn

Ostiralean aurkeztuko dute Javier de Isusiren lana, eta BERRIAren webgunean da 22 orrialdeko aurrerapena.

Iñigo Astiz -

2014ko maiatzak 14

Josu, Enmanuel eta Anton. Gatazkaren hiru izen batu ditu Javier de Isusi komikigile bilbotarrak Baleak ikusi ditut eleberri grafikoan. Hiru erpin: ETAko kide ohia, GALeko kide ohia eta ETAk aita hil zion apaiza. Hurrenez hurren hirurak, eta baita alboz albo ere. Frantzian kartzela berean egiten baitute topo GALekoak eta euskal presoak. Akuarela bidez koloreztatutako marrazkietan Isusik erakusten du kartzela, erakusten du Espainiako poliziaren aginduetara aritutako mertzenarioaren damua, eta erakusten ditu hiltzaileak barkatu dituen apezgaiaren mamuak. Etzi jarriko du salmentan Astiberri argitaletxeak liburua, eta lehen 22 orriko aurrerapena eskaini die bere irakurleei BERRIAk, webgunean.

Benetako gertakari bat du abiapuntu lanak, baina Isusik ez du narrazio historikorik edo periodistikorik egin nahi izan. Dokumentazio lan mardula egin duen arren, bere baitan bilatu du kontakizuna osatzeko material nagusia. Natural aritzen saiatu dela dio egileak, baina ez du ukatzen kontuz ibili denik ere. “Halako lan batean ñabardurak dira klabea, eta alde handia egon daiteke hitz bat edo haren sinonimoa erabiltzearen artean”. Gazteleraz idatzi du jatorrizko gidoia, baina Bego Montoriok egindako euskarazko itzulpenarekin batera emango dute argitara ostiralean.

Komikia ez da bera bizitakotik abiatu. Argi azaltzen du hori Isusik, eta horregatik laguntzaileak izan ditu istorioa idazterakoan. Horretarako elkarrizketatu ditu preso ohiak eta baita ETAren biktimak ere. Eta azaltzen duenez, haiek lagundu dute elkarrizketak eta gertakariak sinesgarriago egiten. “Ezinbesteoa izan da kanpoko zuzenketa lan hori”.

Arkitektura ikasi zuen berez Isusik, baina urteak daramatza komikigintzan, eta “Los viajes de Juan Sin Tierra” tetralogia da bere lan nabarmenetariko bat. Frantsesera eta portugesera itzuli dute komiki sorta hori. “El retrato de Dorian Gray” eta “Ometepe” komikien marrazkilari ere izan da, bestetik.

Euskarazko lan gehiago

Erreferentziazko argitaletxea da Astiberri gaztelerazko nobela grafikoen eremuan. Euskarazko lan batzuk ere argitaratuta ditu aurrez, baina salmenta handirik ez eta bazterrean utzi zuten aukera. Neil Gaiman eta Dave MacKeanen “Otsoak hormetan” lana, eta Lewis Trondheim eta Fabrice Parmeren “Errege Kalamitatea” komikiak argitaratu zituzten. “Baina salmentak ikaragarri etsigarriak izan ziren”, azaldu du Javier Zalbidegoitia argitaletxeko kideak. “Orain,  berriz ere saiatzeko garaia heldu dela uste dugu”.

Komikigilea izan da oraingoan euskarazko itzulpena ere kaleratzeko aukera proposatu diena, eta onartu egin du argitaletxeak. Areago. “Baleak ikusi ditut” liburuak publikoa baduela ikusiko balute, beste bi euskarazko lan argitaratu nahi lituzkete urtea bukatzerako. Eta jarraitu egin nahi dute 2015ean euskarako ildoarekin. “Pertinentea eta desiragarria iruditzen zaigu”. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna