Irakaskuntza

Hariak etetear

Bada astebete Balearretako Irakasleen Batzordeak gose greba mugagabea hasi zuela, gobernuaren jarrera salatzeko. Dekretu bidezko hezkuntza politikak bultzatzea leporatzen diote, eta irakasleen eta ikasleen beharrak bazter uztea.

Balearretako ikasleen protesta bat.
arantxa elizegi egilegor
2014ko maiatzaren 18a
12:26
Entzun

Irakasleen eta PPren gobernuaren arteko gatazka zaharra da. Eskuina Madrilera heldu zenetik geratu zen argi bi sektore horien arteko harremana ez zela ona izango, are gutxiago Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan. Balearretan, baina, egoera muturrera heldu da, eta ia erabat etenda dago agintarien eta irakasleen arteko harremana. Horren ondorioz, gose greba mugagabea hasi dute Irakasleen Batzordeko kideek. Jaume Sastre izan zen protesta abiatzen lehena, joan den asteburuan, baina dagoeneko beste batzuk ere prest daude hari lekukoa hartzeko. "Ez dugu baztertzen gose greba ikasturtea amaitu arte luzatzea, eta hortik aurrera ikusiko dugu zer egin. Gurekin negoziatzera eser daitezen nahi dugu, eta ez dugu haiek behartzeko beste biderik ikusten", azaldu du Irakasleen Batzordeko komunikazio arduradunak, Miquel Angel Tortellek.

Azken bi urteotan Balearretako Gobernuaren eta irakasleen arteko harremanen haria tenkatuz joan da, ia eteteraino. Hezkuntza arloan murrizketak bultzatu eta neurri horiek inolako kontsultarik gabe hartu izanak eragin du egungo egoera. "Eskuin muturrarekin bat egin du Gobernuak. Bere proiektuarekin ados ez dauden irakasleen aurka egiten du, auzibideez baliatuz. Oso modu basatian jokatzen du. Ikasturte bakarrean hiru zuzendari kargugabetu dituzte, zentzurik gabeko salaketetan oinarriturik. Auzibide politikoak izan dira guztiak", nabarmendu du Tortellek. Kaleratutako azken zuzendaria Jaume March izan da. Haren aurkako salaketak kritika gogorrak eragin zituen; izan ere, ikasle batek ezkutuka egindako grabazioetan oinarritzen da. Ondorioz, adingabekoak zelatatzeko erabiltzea leporatu dio batzordeak gobernuari. Askoz gehiago dira, hala ere, Balearretako Gobernuak kaleratutakoak edota haren politiken aurka protestatzeko dimisioa eman dutenak: 300, denera.

Jazarriak eta isilaraziak

Hezkuntzan egindako erreformen aurkako protestak ez dira soilik irakasleen kontua izan. Azken horiek guraso eta ikasleen babesa jaso dute hasieratik, eta ondorioz horiek ere gobernuaren jomuga bilakatu direla salatu du batzordeak. "Jazarpena orokorra da, baina badira kasu batzuk bereziki nabarmenak. Adibidez, duela bi urte Hezkuntza Kontseilaritza okupatu zuten ikasleena. Egun, oraindik epaiketaren zain daude, baina fiskaltzak sei eta hemezortzi hilabete arteko kartzela zigorra eskatzen du, eta hori guztia, kontuan izanda, eurak izan zirela erasoa jasandakoak eta segurtasun indarrak erasotzaileak".

Tarte honetan guztian, behin bakarrik lortu dute gobernuarekiko negoziazioak hastea: ikasturte hasieran izan zen hori, hemezortzi egun iraun zuen greba mugagabe baten ostean. Eta orduan ere agintarien erantzuna lausoa izan zen. "Grebak %92ko oihartzuna izan zuen lehen egunean, eta %50ekoa hurrengoetan. Azkenean, kontseilaritzak onartu egin behar izan zuen batzordearekin hitz egitea. Baina hasieratik nahiko argi zegoen ez zuela inolako kontzesiorik egiteko asmorik. Eman ziguten erantzun bakarra izan zen pentsatuko zutela guk egindako eskakizunetan, eta zain gaude geroztik".

Horren aurretik, ordea, mehatxuak izan ziren nagusi administrazioaren aldetik. Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen greba, eta Antoni Camps diputatuak, berriz, ohartarazi zuen "zerrenda beltzetan" sartuko zituztela grebarekin bat egiten zutenak. Irakasleei babesa eskaini zieten gurasoei, berriz, zigorrak jasoko zituztela ohartarazi zieten, eta izan ziren haurren zaintza kentzearekin mehatxatu zutenak ere. Gerora, Balearretako Gobernuak giroa baretu nahi izan zuen, esanez mezuen helburua ez zela izan inor mehatxatzea, egoeraren berri ematea baizik.

Zortzi hilabete igarota, aldarrikapenak lehengo berberak dira, baina gobernuak uko egiten dio batzordearekin hitz egiteari, argudiaturik hura ezin dela irakasleen ordezkaritzat hartu. "Banaka hartu izan du zuzendari edo irakasleren bat, baina ez gu. Prest dago bestelako erakunde eta gutxiengoekin biltzeko, baina gurekin ez. Ez digu aukerarik eman", dio Tortellek.

Bestela ezin dena, dekretuz

TIL Hizkuntzen Trataera Osoa erretiratzea da irakasleen eskaera nagusietako bat. Egitasmoak hiru hizkuntzako sistema proposatzen du, zeinean ikasgaien heren bat gazteleraz emango litzatekeen, beste bat ingelesez, eta azkena katalanez. Egitasmoaren oinarrian dago, gobernuaren iritziz, zenbait guraso "katalanistek inposatutako hizkuntz eredu baten biktima" direla.

Gaur egun, heziketa sistemak katalana lehenesten du, eta ikasgaien erdiak hizkuntza horretan eman behar direla zehazten. Ondorioz, bertako hizkuntza bazter uzten zuela argudiatuz, hainbat zuzendarik uko egin zioten TIL ezartzeari. Balearretako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zien, eta TIL behin-behinean bertan behera uzteko agindu zuen, eta administrazioari leporatu ez zuela errespetatu beste aldeek negoziazioetan parte hartzeko zuten eskubidea. Erantzuna berehala etorri zen: bi ordu baino lehenago, lege dekretu bat onartua zuen Jose Ramon Bauza presidentearen gobernuak, zeinak derrigorrezko egiten zuen TIL, baina hura aplikatzeko beharrezko baliabideak eskaini gabe.

"Unibertsitateak, hizkuntza eskola ofizialak, lanbide eskolak... guztiak agertu dira Bauzaren asmoen aurka. Hotelen jabeak soilik agertu dira haren alde. Baina alferrik. Kontseilaritzak entzungor egiten jarraitzen du. Aurkeztutako hamar eskakizunetatik soilik bat onartu digute gaur arte: aurtengo ikasturtean TIL hautazkoa izatea DBHko lehen mailan. Beste eskaera guztiak erantzun argirik gabe utzi dituzte, 'ikusiko dugu', 'diru laguntzen arabera' eta 'ahal bada' gisakoak esanez".

LOMCEri eta Ikurren Legeari dagozkie Irakasleen Batzordeak egindako aldarrikapenetatik beste bi. "Egoera surrealista da. Legearen arabera, eskola edo institutu batean edozein ikur jarri ahal izateko, administrazioaren onespena behar dugu. Duela gutxi, horren ondorioz, bertan behera utzi behar izan genituen bakearen eguneko ekitaldiak, tokiko administrazioaren erantzunik jaso ez genuelako", azaldu du Tortellek. Haren esanetan, irakasleak isilarazteko onartutako legea izan da ikurrena: "Ez zituzten gure aldeko kartelak nahi eskoletan, eta hortik etorri da neurria. Kontseilaritzak guri bizkar emanez jarraitu nahi du lanean. Ez ditu entzun nahi gure aldarrikapenak, nahiz eta guk behin eta berriz esan hitz egin nahi dugula. Beste hainbat gatazka konpontzeko prest dago, baina hau konpontzeko ez".

Europatik urrunduz

TILen antzeko proiektuak aurki daitezke Europako Batasuneko beste herrialde batzuetan ere, baina prozedurak ez datoz bat. "Gu ez gaude halako zerbait abian jartzearen aurka, baina milaka ikasle eta irakasleri dagokien egitasmo bat ondo pentsatu. Ezin dugu egun batetik bestera dena irauli. Frogatua dago horrek ez duela ezertarako balio. Benetan haiek dioten bezala jokatuko bagenu, ehun ikasletik bostek edo seik soilik gaindituko lukete ikasturtea", ohartarazi du Tortellek.

Batzordea bera ere Europara begira jarria da. "Han denbora luzea daramate honen inguruan hitz egiten, aurrekontuetatik dirua horretara bideratzen eta irakasleak prestatzen, apurka-apurka egitasmoa martxan jartzeko. Hemen, aldiz, hori bera egun batetik bestera egin nahi da, nahiz eta argi dagoen ez dugula horretarako ez prestakuntza nahikorik eta ez baliabiderik".

TILekin nahikoa ez, eta LOMCE heldu da. Horrek ikasgaira mugatzen du katalan hizkuntza, gutxieneko ordu kopururik ezarri gabe, eta hura gainditu beharrik gabe DBHko titulua eskuratzeko aukera eskainiz. "LOMCE da azkena heldu den erreforma, eta hori ere bertan behera uzteko eskatzen dugu. Aurrekoekin gertatzen den moduan inposizio hutsa delako, eta erabat zentzugabea".

Batzordeak aste honetarako ere protestak antolatu ditu Balearretan, Europako hauteskundeen atarian daudela baliatuz. Gobernuak, ordea, ez du oraingoz jarrera aldatzeko inolako asmorik. Hezkuntza eta Kulturarako gobernuaren ordezkari Guillem Estarellasek argi utzi du "araudia errespetatzea" dela funtzionario ororen eginbeharra: "Legedia bete egin behar da, eta, beraz, hori egiteari uko egiten diotenak auzitara eramango ditugu. Legeak diren horiek dira, eta ez guk izan nahiko genituzkeenak. Hala ere, ez da gure helburua irakasle guztiak auzipetzea, eta uste dugu ez dela halakorik gertatuko, fedea dugulako funtzionarioen seriotasunean".

Jose Ignacio Bauza presidenteak berak ere gogor egin du irakasleen aldarrikapenen aurka. "Ikurren Legea askatasunaren aldeko apustua da. Eraikin publikoetan gizartearen zati bat soilik ordezkatzen duten ikurrak jartzea nahasgarria izan daiteke herritarrentzat. Eraikin ofizialak ezin dira plataforma ideologiko bilakatu". Bide beretik, hiru hizkuntzen eredua ere defendatu du PPko kideak: "Badakigu aurreko eredua ez zela genituen hutsuneen erantzule bakarra, eta, era berean, ezin dugu espero TILek horiek guztiak konponduko dituela. Baina aurreranzko urrats bat da. Ezin dugu amore eman zenbait jarreraren aurrean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.