Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

komunikazioa

Espainiako Coca-Colako presidenteak Gotzon Sanchezi deitu dio iragarkia kendu izana gezurtatzeko

Kanpaina bukatuta zegoela argudiatu du, eta manipulazioa salatu.

Adrian Garcia -

2014ko maiatzak 22 14:41

Zalaparta handia sortu zuen atzo Coca-Colak ustez iragarkia kendu izanak Sanchez euskal presoen alde agertu delako. Marcos de Quinto Espainiako konpainia horren presidenteak, ordea, gezurtatu egin du hori horrela denik, eta kanpaina bukatuta zegoela azaldu du. Gainera, "manipulatu" egin dituztela salatu du, zeharka Dignidad y Justicia elkartea eta El Mundo egunkaria aipatuz. Atzo arratsaldean deitu zion De Quintosek berak Sanchezi, dena gezurtatzeko eta manipulatu egin dituztela esateko.

Iragarkia egin zuten McCann agentziak eta Lee Films ekoiztetxeak atzo barkamena eskatu zuten. De Quintok dio, baina, barkamenik ez dutela eskatu behar, ezer txarrik ez dutelako egin. Gainera, Sanchez euren iragarkian agertu izana kritikatu dutenen kontra egin du: "Denak ez du balio. Coca-Colan nazkatuta gaude gauza batzuk nabarmentzeko gu erabiltzeaz, horiek oso zintzoak izanagatik". BERRIAk ere oker eman zuen albistea, bai gaurko papereko edizioan baita atzo Interneten ere.

Beste txio batean ohar bat kaleratuko dutela jakinarazi du, eta hor "datuekin" gezurretan nor ari den jakingo dela dio. Eztabaida El Mundo egunkariak sortu zuen atzo, Dignidad y Justicia elkarteak iragarkia kentzeko egin duen salaketa argitaratuz. Sanchezek "Herrira jendaurrean babestu" duela argudiatu du elkarte horrek. Biktimen elkartea akusatzaile pribatua da auzian. Coca-Colak iragarkia kendu duela zabaldu zen gero. 

Euskal Herriko aktore askok elkartasuna adierazi zioten atzo Sanchezi. "Lankideok, ez ahaztu zuen joera idelologikoa curriculumean txertatzea", adierazi zuen Andoni Agirregomezkortak Twitterren. ETBn ere lan egindakoa da Sanchez, Goenkale eta KTM-n. Sabin, Todos estamos invitados eta El cazador de dragones filmak ere egin ditu. De Quintok, baina, garbi utzi du legez kanpokoa litzatekeela aktoreak euren ideiengatik aukeratzea, eta publizitate agentzien lana babestu du: "Gure agentziek ez dituzte casting-ak erabakitzen aktoreak euren ideia politiko edo erlijiosoengatik galdekatuz; legez kanpokoa litzateke".

Ikus-entzunezkoan aita baten rola jokatzen du Sanchezek iragarkian. Semeak esaten dio futbol taldea aldatu eta Atletico Madrilen jarraitzaile egingo dela. Daniel Portero Dignidad y Justiciako presidentearen arabera, "mingarria da inputatuta dauden elkarteak babesten dituztenek" futbolzaleak ordezkatzea. "Nahiago dute odol delituak dituztenak espetxetik ateratzea Zigor Kodeak ezartzen dituen 30 urteak bete gabe".

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...