Arkeologia

Paleolitoko margolanak aurkitu dituzte Lumentza kobazuloan

Metro eta erdi baino gehiagoko bi bisonte, zaldi buru bat eta hainbat marka aurkitu dituzte arkeologoek Lekeitio eta Ispasterren dagoen aztarnategian (Bizkaia).

Bisonteen arrastoak, Lumentza kobazuloan. MUNTAKETA: ADES ESPELEOLOGIA TALDEA ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.
Inigo Astiz
2014ko maiatzaren 22a
15:11
Entzun

“Begi bereziekin sartu ginen”. Kasualitatez egin zuten topo 2012an Diego Garate eta Joseba Rios arkeologoek Lumentza kobazuloko margolanekin. Atariari argazki bat ateratzera joan ziren soilik, baina sarrera babesten zuen atea apurtuta zegoela ikusirik, aztarnategia egoera onean zegoela ziurtatzera sartu ziren. Sartu, begiratu, eta hantxe agertu zitzaizkien bisonteak. Broma puntu batez eman du aurkikuntzaren berri Garatek Bilbon. “Ez dakit guk aurkitu genituen edo haiek aurkitu gintuzten gu, oso handiak baitira irudiak”. Izan ere, metro eta erditik gora du orain 14.500 eta 11.500 urte artean margotutako bisonte bakoitzak. Baina ez dira horiek koban aurkitutako bakarrak. Zaldi buru bat ere topatu dute, 24 orban edo puntu talde, okre biltegi bat, zulo batean sartutako silex zati bat eta kobazulo barruan eraikitako horma bat. “Lea-Artibain paleolito garaiko aztarnategi asko dago, eta harrigarria zen orain arte garai hartako margolanik ez agertu izana”.

Aurrez ere maiz ikertu dute aztarnategi hori, baina orain arte inork ez zuen margo arrastorik topatu. Horregatik egin dute Garatek eta Riosek begirada bereziaren aipamena. 1921an egin zuen lehen zundaketa Jose Miguel Barandiaranek, eta geroztik maiz izan dira arkeologoak bertan. Orain arte inork ez zituen bisonteak ikusi, ordea. Riosek azalpena: “Argi bereziekin pasatzen ez bazara oso zaila da margolanak ikustea”. Eta argi bereziekin joan ziren haiek. Izan ere, irudiak ez dira begi kolpez erraz ikustekoak. Galdu xamar dago pintura gorriaren arrastoa zenbait gunetan, eta 1868an egindako grafiti bat dute gainean.

Madaleine aro hurbilekoak dira irudiak, arkeologoek azaldu dutenez. Eta bisonteen ezaugarriak aipatu dituzten horren frogatzat. Pirinioetan eta Kantauri aldean aurkitutako garai bereko bisonteen antzekoak dira Lumentzako kobakoak. Irudian txertatzen dute euskarri duten harriaren forma, adibidez, gorputzari itsatsita dituzte hankak, eta perspektiban ageri dituzte, gainera. Halakoak dira, besteak beste, Santimamiñe, Ekain eta Etxeberri kobetako bisonteak ere. Madaleine aro hurbilekoak haiek ere.

Kobie aldizkaria sarean
Bizkaiko bigarren kobarik garrantzitsuena da Lumentzakoa arkeologoen hitzetan. Santimamiñekoa da lehena, eta Lekeitio eta Ispasterren dagoena bigarrena. “Bere inguruko erreferentziazko koba da”, azaldu dute arkeologoek. Denbora luzez izan ziren bertan gizakiak bizitzen, eta aberatsa da horregatik daukan geruza sorta. Paleolitotik hasi eta erromatar garaira artekoa. Eta horregatik haren garrantzia. Zail ikusten dute hemendik aurrera aurkikuntza gehiago egitea, halere. “Agortuta dago koba”.

Lea-Artibaiko Hitzan azaldu dutenez, aurkikuntza Gizateriaren Ondare izendatuko dute, eta koba betiko zarratuko dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak kaleratzen duen Kobie aldizkarian argitaratu dute Rios eta Garatek Lumentzako aurkikuntzei buruzko ikerketa lana. Eta sarean kontsultatzeko moduan jarri du orain aldundiak aldizkaria. Ale guztietako artikulu guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.