Muskiz eta Artxandako atentatuak

Zalantzaren itzala

Hogei urte beteko dira Muskiz eta Artxandako leherketak gertatu zirenetik; Eusko Jaurlaritzak ETAri leporatu zizkion eta gogor egin zuen tesi horren alde, baina, oraindik, ikerketak ez du argitu nork jarri zituen lehergailuak.

Joxean Apeztegia

Gotzon Hermosilla -

2014ko maiatzak 25

Urte hartan, 1994an, igandea izan zen maiatzaren 29a. Bi aste geroago, ekainaren 12an, Europako Parlamenturako hauteskundeak egitekoak ziren, eta, beraz, hura zen hauteskunde kanpainaren lehenengo asteburua. Egun hartako egunkariak kanpainari buruzko aipamenez beterik ageri ziren, baina bestelako albisteak ere bazeuden; maiatzaren azken igandea izaki, Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen jaia, ospatzekoa zen Bilbon, Abusu auzoan.

Goiz-goizetik, baina, albiste batek apurtu zuen igande hartako aurreikuspena. Diru zorro batean kamuflaturiko leherkari batek eztanda egin zuen Arena hondartzan, Muskiz eta Zierbena udalerrien artean (Bizkaia). Handik gutxira, beste bat lehertu zen Bilbon, Artxandako parkean. Orotara, hiru lagunek zauri larriak izan zituzten.

Hasiera-hasieratik, zalantza handiak sortu ziren atentatuen egiletzaren inguruan; egiteko modua, erabilitako lehergailu mota, aldez aurretik deirik egon ez izana eta beste zenbait ezaugarri ez baitziren ETAk egin ohi zituen atentatuenak. Zenbaitek, berriz, ETAri leporatu zizkioten, eta Eusko Jaurlaritzaren Barne Saila asko nabarmendu zen hipotesi horri hauspoa emateko ahaleginean. Ezker abertzaleak hasiera-hasieratik kokatu zuen gertaturikoa gerra zikinaren inguruabarrean. ETAk, bere aldetik, adierazi zuen ez zuela atentatuekin inolako zerikusirik, eta Espainiako Estatuari egotzi zion gertatutakoa, ekainaren 12an plazaratutako agiri baten bidez.

Datorren ostegunean hogei urte beteko dira atentatuak jazo zirenetik. Lehenengo adierazpen sutsuen ostean, isiltasuna eta ahanztura nagusitu ziren. Ikerketak ez du emaitzarik izan, auzibideak ere ez du aurrerapausorik eman, ez dago egileen inguruko informaziorik eta, gainera,  Barne Sailak Bizkaia komandoa-ren kontrako operazioaren ostean  ETAk ustez urte haietan Bizkaian egindako atentatu guztien zerrenda osatu zuenean, han ez zen Muskiz eta Artxandako leherketen aipamenik. Denborak ematen duen ikuspegitik, susmoek inoiz baino indar handiagoa hartzen dute.

Diru zorroak

1994ko maiatzaren 29an, Arena hondartzan osteratxo bat egitea erabaki zuten Resurrecion Basarrate eta Amador Garcia senar-emazteek eta alaba Arantxak, Muskizko euren etxetik oso gertu. 08:50ak ziren. Hondartzan bi gizonezko ikusi zituzten, eta, handik gutxira, diru zorro bat topatu zuten harean, dirua eta dokumentazioa gordetzeko erabiltzen diren horietakoa. Muskiz eta Zierbena udalerriek partekatzen dute Arena hondartzaren jabegoa; zorroa Zierbenako aldean zegoen, nahiz eta, geroztik, hedabideek Muskizko leherketa esapidea erabili atentatua izendatzeko. 

Zorroa lehen ikusitako gizonetako batena izan zitekeelakoan, hareatik hartu zuen Basarratek. Une hartan, eztanda egin zuen. Leherketak ezker eskua erauzi zion Basarrateri, eta zauri larriak eragin Arantxa Garcia alabari. Zaratak asaldatuta, bizilagun batzuk gerturatu ziren hondartzara; lehen aipatutako gizonezko bikoteak, aldiz, aurrera jarraitu zuen, leherketaren lekura hurbildu gabe. Ertzaintzaren patruilak eta DYAren anbulantzia laster iritsi ziren, eta zaurituak Gurutzetako erietxera eraman zituzten.

Egun, 70 urte ditu Basarratek. Amador Garcia senarra 2009an hil zen. 2004an, atentatuaren 10. urteurrena bete zenean, horren inguruko ikerketaz ezertxo ere ez zekiela esan zion BERRIAri, bai eta bere arrangura adierazi ere, aipatutako ikerketa "hamabost egunerako itxita" zegoelako. Orain, atentatua gertatu zenetik hogei urte beteko diren honetan, nahiago izan du orduko oinazea berritu behar ez izatea eta hedabideei adierazpenik ez egitea.

Hogei minutu geroago, 09:10ean, bigarren leherketa izan zen, oraingoan Artxandako parkean, Muskiztik hogei bat kilometrora. Bilbotarren artean oso parke ezaguna da Artxandakoa, familia askok hara jotzen dutelako jaiegun eta asteburuetan. Ordu hartan jende gutxi zebilen inguruan; horietako bat zen Agustin Moreno 72 urteko gizonezkoa, normalean parkean lo egiten zuelako. Funikularreko kabinatik gertu diru zorro bat ikusi zuen lurrean, Muskizkoaren antzekoa. Jaso zuenean, lehertu egin zen.

Moreno oso larri zauritu zen eztandaren ondorioz. Itsu gelditu eta esku biak galdu zituen. Murtzian (Espainia) jaioa zen, eta familiak 30 urte zeramatzan haren berririk gabe; telebistaren bidez jakin zuten Artxandan zauritutakoa beren senitartekoa zela. Geroztik, Barrikako zahar etxe batean (Bizkaia) bizi izan zen Moreno, 2006ko apirilean zendu zen arte.

Atentatuen albistea hedatu bezain pronto hasi ziren espekulazioak. Gehienek zuhur jokatu zuten, begien bistakoa baitzen leherkariak ez zirela ETAk jartzen zituenen modukoak, eta aldez aurretik abisurik egon ez izanak, biktimak herritar xumeen artean eta bereizkuntzarik egin gabe bilatu izanak, hauteskundeek markatutako abagune politikoak eta beste zenbait datuk adierazten zuten atentatuak arraroak zirela. "ETAren susmoa daukat, baina ez dugu beste aukerarik baztertzen", esan zuen Eusko Jaurlaritzaren Barne sailburu Juan Maria Atutxak. "Lehergailua berria da, ez da ETAk erabili ohi dituenetakoa. Eta kontuan hartu beharra dago beste zenbaitetan aurretik telefonoz deitzen dutela". 

Era berean, lehergailuen konplexutasuna ere nabarmendu zuen Atutxak; kableen soldadura "prezisio handiz" egindakoa ei zen, eta, hortaz, hura ezin zitekeen izan "afizionatu baten lana". Beste batzuk, aldiz, ez ziren hain zuhur ibili balorazioak egitean. Daniel Arranz Bizkaiko gobernadore zibilak atentatuen berri jakin eta berehala egotzi zion ETAri horren errua. EAJren EBBko lehendakari Xabier Arzalluzek berdin egin zuen: "Hau da ETAk Herri Batasunaren alde botoa eskatzeko duen era", adierazi zuen.

Izan ere, ezin da ahaztu Europako Parlamenturako hauteskunde kanpaina hasi berria zela. Karmelo Landa zen Herri Batasunaren zerrendaburua. Goiz hartan, Jon Idigoras, Martin Garitano, Josu Telleria eta ezker abertzaleko beste zenbait lagunekin lotuta zegoen Landa Abusura joan eta Ibilaldian parte hartzeko. Han jaso zuten albistea: "Segituan susmo arraroa hartu genion", esan dio Landak Igandea-ri, "eta informazio gehiago iritsi zenean oso argi ikusi genuen atentatu horiek estatu aparatuetatik oso hurbil zeudela, eta hala salatu genuen berehala. Oso nabarmena zen".    

Hurrengo bi egunetan, zalantzek bere horretan iraun zuten. Orduko egunkariak irakurtzea besterik ez dago horretaz jabetzeko: El Correo egunkariak, esaterako, Poliziak dudak ditu egiletzaz titulua aukeratu zuen atentatuen inguruko informazioa zabaltzeko.

Bertsioaren aldaketa

Baina asteazkenean gauzak erabat aldatu ziren. Presazko bilera egin zuten Madrilen Espainiako Barne eta Justizia ministerioetako buru Juan Alberto Bellochek eta Juan Maria Atutxak asteazken iluntzean. Bilera hartan zertaz hitz egin zuten beraiek baino ez dakite, baina kontua da batzarra amaitutakoan bertsio ofizialak oso bestelako norabidea hartu zuela. Bilera amaitu eta berehala, hedabideen aurrean agertu zen Atutxa. Ezusteko albistea zekarren: bezperan, maiatzaren 31n alegia, Ertzaintzak zulo bat aurkitu zuen Barakaldoko Errekatxo auzoan (Bizkaia). Han, zenbait lehergailu atzeman omen zituzten, Muskizen eta Artxandan erabilitako lehergailuen antzekoak. Atutxaren arabera, horrek erakusten zuen atentatuen egilea ETA zela edo, bestela, "KASeko kumeak". 

Bertsio horri eutsi ahal izateko, ordura arteko zenbait informazio moldatu beharra zegoen, eta lehen "konplexutasun eta sofistikazio handiko lehergailuak" zirenak "dendan eros daitekeen material piroteknikoz" egindako lehergailu xinple bilakatu ziren. Edozelan ere, Errekatxoko zuloaren aferak, gauzak argitu beharrean, are gehiago indartu zituen zalantzak. Ertzaintzak esandakoaren arabera, bolboraz egindako hiru lehergailu aurkitu zituzten han, bat kontserba lata baten barruan, beste bat puru kaxa batean, eta hirugarrena liburu batean kamuflatuta, baina diru zorrorik edo antzekorik ez. Horiekin batera, Punto y Hora aldizkariaren ale zahar batzuk ere aurkitu zituzten. Legezko aldizkaria zen Punto y Hora, edozein kioskotan eros zitekeena eta 1990etik argitaratzen ez zena.

Zalantzak zalantza, jaurlaritzak eutsi zion bertsio horri. "Segurtasun morala daukat ETA eta bereumetxoak izan direla", esan zuen Jose Antonio Ardanza lehendakariak. "Seguraski ez dute bere gain hartuko, Jarraik egiten dituenak ez dutielako ETAk bere gain hartzen". Gainera, gogor oldartu zitzaizkien besterik adieraztera ausartu zirenei. Elkarrik, esaterako, zabaldu zuen Ertzaintza talde parapolizialak ikertzen ari zela lehen hipotesi gisa, eta elkartearen eledun Jonan Fernandezek adierazi zuen zantzuen arabera "GAL edo Batallon Vasco Españolen antzekoen berpiztea" egon zitekeela atentatuen atzean. Jose Manuel Martiarena Barne sailburuordeak gogor deskalifikatu zituen adierazpen horiek.

2004an, Jonan Fernandezek esan zion BERRIAri "oso ondo informatuta egon ohi den iturri baten bidez" jakin zutela Ertzaintzaren artezilarien lehenengo hipotesia zela atentatuak gerra zikinarekin lotzea. Egun, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia da Fernandez, eta, Igandea-k galdetuta, nahiago izan du Elkarriren bozeramailea zeneko garaiaz adierazpenik ez egitea, "oraingo ardurari zor zaion begiruneagatik".

Bere aldetik, ezker abertzaleak jarraitu zuen atentatuak "estatu terrorismotzat" salatzen. Garai hartan, ezker abertzalearen kontrako jazarpenean Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, eta erakunde bakoitzean buru ziren alderdiak, PSOE eta EAJ, "elkar hartuta" eta "oso jarrera oldarkorrean" zeuden, Karmelo Landak dioenez. Muskizen eta Artxandan gertatutakoa "oso kanpaina zikin eta intentzio txarrekoa" antolatzeko erabili zutela uste du ezker abertzaleko kideak.     

Landaren iritziz, atentatuen eta geroagoko kanpainaren helburuetako bat "HB Europako Parlamentutik at" uztea zen. "Eta hala izan zen. 1994ko hauteskunde haietan parlamentaria galdu genuen. Ez dago soberan esatea afera hark oso eragin negatiboa izan zuela kanpainan". 

ETAren agiria

Ekainaren 12an iritsi zen ETAren agiria. Aurreko asteetan egindako zenbait atentatu bere gain hartzeaz batera, Muskiz eta Artxandako leherketak "Espainiako Estatuaren gerra zikinean" kokatzen zituen ETAk. Horretan "ustekaberik" ez zegoela erantzun zuen Ardanzak: "Aurretik esan genuen ez zuela ETAk horrelako atentaturik bere gain hartuko".

Handik bost bat hilabetera, azaroaren 18an, ETAko zenbait kide atxilotu zituen Ertzaintzak, Loiun (Bizkaia) izandako tiroketa baten ondorioz. Atutxa Eusko Legebiltzarrean agertu zen horren inguruko azalpenak ematera. Atxiloketekin, Bizkaia komandoa desegintzat eman zuen Atutxak, eta 1988tik 1994ko azaroaren 18ra arte ETAk herrialde horretan egindako atentatu guztiak, argitutzat. 36 atentatu ziren orotara. Zerrenda osoa irakurri zuen Atutxak. Baina han ez zen Artxanda eta Muskizko leherketen aipamenik ageri. Esan nahi al zuen horrek atentatuok ez zituela ETAk egin?

Geroztik, denborak bere lana egin du. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 4. Instrukzio Epaitegiak behin-behinean artxibatu zuen auzibidea aspaldi. Ertzaintzak abiatutako ikerketa geldirik dago, baina "erabat zabalik", Barne Sailak adierazitakoaren arabera, datu berriren bat noiz agertuko. Igandea saiatu da Jon Ziarsolo Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiko arduradun berria eta atentatuak gertatu ziren garaian borroka antiterroristaren arduradunetako bat izandakoa elkarrizketatzen, Ertzaintzak gaur egun ETAren egiletzaren hipotesiari eusten ote dion jakiteko, baina ezinezkoa izan da.

Orain, badirudi inor gutxik esaten duela Muskiz eta Artxandako lehergailuak ETAk jarri zituela. Iñaki Anasagasti EAJk Espainiako Senatuan duen ordezkariak, esaterako, haiek "atentatu arraroak" izan zirela idatzi zuen bere blogean 2012ko maiatzean. Baina 1994an tesi hori bultzatu zutenen  aldetik ez da zuzenketarik iritsi. Eta euskal gizarteak segitzen du jakin gabe nork jarri zituen Muskiz eta Artxandako lehergailuak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna