BERRIA BERRITZEN

Webgune berritua lehenetsiko du gaurtik aurrera BERRIAk

10:00etan hasita, orain arte beta bertsioan izandako webgunera bideratu dira 'www.berria.info'-ko bisitak.

Berria -

2014ko maiatzak 27

Berritzen jarraitzen du BERRIAk, eta beste urrats bat egin du gaur norabide horretan. Otsailaren 27an aurkeztu zuen BERRIAk webgune berrituaren beta bertsioa, eta, hiru hilabetez, bi atarirekin lan egin du. Aurrerantzean, ordea, atari zaharra desagertuz joango da, eta orain arte beta bertsioa izan denera bideratuko dira www.berria.info helbideko bisitak.

Hortaz, irakurleek ez dute inolako aldaketarik egin beharrik, eta orain arteko esteka bera erabiltzen jarraituko dute. 10:00etan egin du BERRIAk jauzi hori. Webgune prozesua gradualki egin da orain arte, eta hala jarraituko du oraindik ere, hainbat atal diseinu berrira egokitzen joango baitira apurka.

Bestalde, berrikuntzetako bat izango da albisteetan iruzkinak egiteko aukera.

Webgunearen estilo berria

Berrikuntza ugari dakar webgunearen diseinu berriak. Estilo berri bat lantzeko asmoz, argitasuna eta sinpletasuna lehenetsi dira, erabilgarriagoa bihurtzeko eta irakurlea erosoago sentitzeko. Espazio gehiago eta atal gutxiago daude webgune berrituan. Irudiak indar handiagoa du, bai bereizmenaren ikuspuntutik bai espazioaren eta kokapenaren aldetik.

Halaber, nabigazioa aberatsagoa izango da. Albiste bat irakurtzeko hautua egin ondoren, albiste hori era atsegin batez irakurtzeko aukera izateaz gain, albiste gehiago bistaratzeko modua izango du irakurleak. Horrez gain, gezi urdin batzuen laguntzaz, nabigazio horizontala ere egin ahal izango du, aurreko albistera joateko edo hurrengora.

Gailu mota guztietara egokituta

Beta bertsioak dakarren berrikuntzetako bat gailu mota guztietara era automatikoan egokitzen den responsive diseinua erabiltzea da. Pantailaren tamainaren arabera, edukien bistaratzea egokitzen da, irakurgarritasuna hobetzeko. Beraz, mahaiko ordenagailuan, tabletan eta telefonoan aurkezpen ezberdina du webguneak. Tableta eta telefonoen kasuan, gailuaren posizioa aldatzean ere diseinua egokitu egingo da.

Teknologia mota hau erabiliz, informazioa gailu mugikorretan eskuratzen duten erabiltzaileen esperientzia hobetu nahi da, edozein dela BERRIAren edukietara iristeko modua (zuzenean, zeharka edo sare sozialen bidez). Izan ere, gero eta gehiago erabiltzen dira telefonoak eta tabletak informatzeko —gaur egun, BERRIAren webgunearen trafikoaren ia %30 sakelakoa da—.

Etengabeko berrikuntza

Informazioaren munduan edukiak dira osagai garrantzitsuena. Izan ere, informazio landua, sinesgarria eta interesgarria eskaintzeko konpromisoari eutsita, eduki horiek ahalik eta era egokien eta erabilgarrienean eskaintzeko ahalegina dago diseinu berriaren atzean. Webgunearen egitura berria unean uneko gaurkotasuna hobeto kontatzeko pentsatuta dago, baina bestelako edukiak alboratu gabe. Harmonia berri bat bilatu da azken orduko albisteen eta bestelako edukien artean. Azken orduko informazioa eta papereko edizioaren edukiak uztartuko dira, biak diseinu berarekin, biak eskuragarriago, biak ikusgarriago.

Berritze prozesu batean dago BERRIA. Urtebeteko ibilbide bat egin du webgunea eta Interneteko eskaintza berriz pentsatzen, antolatzen eta diseinatzen. Prozesua ez da etengo, berrikuntza ezinbestez etengabea delako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna