ESPAINIAKO ERREGEAREN ABDIKAZIOA

Felipe VI.a Espainiako errege izendatzeko prozesuak lehen urratsa egin du gaur

Ondorengotza Legea onartu du Espainiako Gobernuak, ezohiko kontseiluan. Kongresuko Mahaiak legea bideratu du, eta, orain, Kongresuan eta Senatuan onartu beharko dute lege hori. EAJ abstenitu egingo da, eta Amaiurrek ez du bozkatuko.

Juan Carlos Borboikoa Gernikako Juntetxean

Jon O. Urain -

2014ko ekainak 3

Juan Carlos I.aren arotik Felipe VI.arenera lehenbailehen igaro nahi du Espainiako Gobernuak, eta horretarako urratsak gaur bertan hasi ditu. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak atzo iragarri zuenez, ezohiko gobernu kontseilua egin dute gaur, eta Ondorengotza Legea onartu dute. Kongresuko Mahaiak lege organikoa bideratu du ondoren, eta legea bozkatuko dute datozen egunetan.

Espainiak ez du ondorengotza arautzeko legerik oraindik, eta, beraz, egun batzuez luzatuko da Felipe Borboikoa errege izendatzeko unea. Nolanahi ere, urgentziazko bidetik landuko dute araua. 

Datorren astean egingo dute legea bozkatzeko osoko bilkura, eta gehiengo absolutua beharko du aurrera egiteko. Ekainaren 11n egingo dute eztabaida Kongresuan, 09:00etatik aurrera. Ondoren, datorren astean bertan Senatuan bozkatuko dute araua, behin betiko onar dezaten. Lege organikoak ez du arazorik izango aurrera egiteko, PPk gehiengo absolutua izateaz gain, PSOEren babesa izango duelako. UPDk ere alde bozkatzea espero da.

Prozedura horren arabera, ekainaren 18an izendatuko dute Felipe VI. Espainiako errege.

EAJ, abstentziora; Amaiur, bozkatu gabe

Kongresuko bozketan EAJko abstenitu egingo dela iragarri du Aitor Esteban diputatu jeltzaleak. Azaldu duenez, lege organikoaren kontra bozkatzea abdikazioari ezetz esatea izango litzateke, eta, beraz, Juan Carlos I.ari estatuburu izaten jarrai dezala eskatzea. Halaber, EAJk azaldu du ezin duela alde bozkatu, uste baitu monarkia "gaindituta" dagoela. Amaiurrek arratsaldean jakinarazi du eztabaidan parte hartuko duela; ez, berriz, bozketan: "Ez dagokigu guri espainiarren estatu eredua erabakitzea".

Espainiako erregeak atzo eman zuen abdikatzeko asmoaren berri. Konstituzioko 57.5 artikuluaren arabera, lege organiko baten bidez arautu behar dira abdikazioak. Legea motza izatea espero da. Halaber, zehazteke gera daiteke, besteak beste, zein izango den Juan Carlos I.aren eginbeharra aurrerantzean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna