ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Gero eta babes handiagoa biltzen ari da igandeko giza katea

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak parte hartuko du. Joseba Egibar, berriz, EH Bildurekin erabakitzeko eskubideari buruzko gutxienekoak adostearen alde agertu da. Markel Olanok "harrotasunez eta ilusioarekin" parte hartuko du giza katean.

Hendaian iragan larunbatean eginiko giza katea.
Hendaian iragan larunbatean eginiko giza katea. Jagoba Manterola / Argazki Press

Berria.info -

2014ko ekainak 4

Durango eta Iruñea batuko dituen giza katea osatzeko lau egun falta direla, gora jarraitzen du atxikimendu kopuruak. El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak parte hartuko du erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenean.

Joseba Egibar EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ere parte hartuko du, lagunekin eta senideekin. Euskadi Irratian elkarrizketatu dute Egibar, eta Gure Esku Dago mugimendua eta erabakitzeko eskubidea izan ditu hizpide.

Aitortu du alderdiek ez zutela aurreikusi halako dinamika eratu izana, eta gaiaren inguruan EAJ eta  Sortu mintzatu direla gaineratu du. Nolanahi ere, nabarmendu du EAJk ez duela kontsignarik eman iganderako, baina azaldu du alderdikide asko ari direla herriz herriko antolaketan parte hartzen.

Erabakitzeko eskubideaz, berriz, EH Bildurekin "gutxienekoak" adostearen alde azaldu da; horien artean aipatu ditu elkarrekiko errespetua izatea eta burujabetasuneranzko urratsak zehaztea. Izan ere, ohartarazi du ezker abertzaleak ez duela onartzen independentziarako bidean Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak erritmo ezberdinak izatea, eta erantsi du horrek "atzeratu" egiten duela independentzia.

Markel Olanok Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian baieztatu du giza katean egongo dela.

Ezker Anitza ez da katean izango

Ezker Anitzak eta Iratzarri-EKIk iragarri dute ez dutela parte hartuko igandeko giza katean, "nahasgarria" delakoan. Ohar batean, azaldu dute erabakitzeko eskubidearen aldekoak direla eta "demokrazia ariketa bat" dela, baina zehaztu dute ez daudela ados giza katearen ekimenarekin.

Azaldu dutenez, "hamarkadetan ezagututako krisi politiko, sozial, ekologiko eta ekonomiko handienaren erdian, EH Bilduk eta EAJren parte batek babestutako ekimen hau nahasgarria da". Horien ustez, herritarrek ez dute aukerarik izan erabakitzeko eskubidearen "etorkizuneko garapena" ezagutzeko: "zein baldintza zehatzetan proposatzen den erabakitzeko eskubidea". Zein lurralde den erabakitzeko eskubidearen subjektu ere ez du zehazten ekimenak, Ezker Anitzaren eta Iratzarri-EKIren ustez.

Podemos-Ahal Duguk parte hartzera deitu du

Podemos-Ahal Duguk, berriz, igandeko giza katean parte hartzeko deia egin die herritarrei: "Herriek bere  etorkizuna erabakitzeko eskubidea ez da abertzaleen eskakizuna, eskakizun demokratikoa baizik, estatuburu mota erabakitzeko eskakizuna bezalakoa". Gaur egun, "bigarren trantsizioa eta prozesu konstituziogilea" beharrezko direla aldarrikatu dute, eta Gure Esku Dagorekin dituzten antzekotasunak nabarmendu: "Politika letra handiz, politika garbia egin nahi duten herritarrak direlako, eskubide demokratiko baten aldeko adostasuna bilatzen ari direnak". "Espero dugu igandekoa eskubide demokratikoaren aldeko mugimendu anitz, zeharkako eta herritarraren hasiera izatea".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna