ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Igandean BERRIAk luze eta zabal emango du giza katearen berri

Argazki bilduma ahalik eta osatuena egin asmo du egunkariak, eta katera joango diren herritarren laguntza eskatu du horretarako.

Joan den larunbatean Gure Esku Dago-k Irun eta Hendaia artean egindako giza katea.
Joan den larunbatean Gure Esku Dago-k Irun eta Hendaia artean egindako giza katea. Jagoba Manterola / Argazki Press

Berria -

2014ko ekainak 6

Gure Esku Dago egitasmoaren giza katearen berri emateko BERRIA Taldeak ahalegin berezia egingo du igandean. Herri ekinbideko 23 komunikabide —tartean BERRIA— elkarlanean ariko dira igandean Gure Esku Dago egitasmoaren giza katearen berri emateko. Era koordinatuan ariko dira Interneten, eta horren erakusgarri izango da osatuko duten argazki bilduma interaktiboa. Argazki guztiak zentralizatzearekin batera, bildumak hedabide bakoitzak partekatuko ditu bere webgunean. 25 bilduma egingo dituzte, bakoitzak giza katearen bost kilometro jasoz. Era berean, herritarrei eskatuko diete argazkiak Whatsapp bidez —647 31 97 47 zenbakira— zein Twitter bidez bidaltzeko. Parte hartzaileek giza katean dauden kilometroa zehaztu beharko dute.

Elkarlanaren beste fruitu bat izango da Iruñetik 10:00etatik 14:00etara egingo duten telebista saioa —23 hedabideetako webguneetan ikusi ahalko da—. Aurkezleak Info7ko Jon Mikel Fernandez eta Eider Olazar izango dira. Haiekin batera izango dira mahaian BERRIAko Joxerra Senar eta Argia-ko Gorka Bereziartua kazetariak. Konexioak egingo dituzte komunikabideetako kazetariekin, testigantzak jasotzeko. Halaber, antolatzaileen streaming-eko irudiak ikusi ahalko dira, tartean helikopterotik hartutakoak. Horrez gain, 14:00 aldera lehen laburpen bideoa sareratuko du Berria telebistak. Hamaika telebistak laburpen gisako saio bat egingo du igandean, 22:00etatik 23:00etara —Berria.info-n ere ikusi ahalko da—. Hamaikan bertan erabakitzeko eskubidearen gaia kulturaren eta euskalgintzaren ikuspegitik landuko dute gaur Pausoan saioan (20:30 eta 22:30).

Halaber, igandean paperezko edizio berezi bat argitaratuko du. Igande eguerdian egingo dute kazetariek egunkari monografiko hori, eta arratsaldean doan banatuko da Gure Esku Dago-k ekitaldiak antolatu dituen tokietan: Durangon, Bergaran, Lazkaon, Etxarri Aranatzen eta Iruñean. Herri horietan ez ezik, Bilbon eta Donostian ere banatuko da. Asteartean, BERRIAren harpidedunek eguneroko egunkariarekin batera jasoko dute edizio berezia. BERRIAren webgunean ere arreta osoa bereganatuko du giza kateak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna