ATXILOKETAK

Preso sartu dute Maria Jesus Elorza

Frantziara estraditatua izateari uko egin ostean, espetxera bidali du epaileak. Madrilgo aireportuan atzeman zuten, igandean.

Berria -

2014ko ekainak 9

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Ruzek baldintzarik gabeko espetxealdia ezarri dio Maria Jesus Elorzari. Barajasko aireportuan atxilotu zuten Elorza, herenegun, Venezuelatik iritsi berria zela.

Gaur goizean eraman dute epailearen aurrera Elorza. Frantziak haren aurkako atxilotze agindua emana zuen, baina Elorzak uko egin dio estraditatua izateari. Orain, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak hartu beharko du azken erabakia.

Sortuk, bestetik, Elorzaren atxiloketa salatu du, eta kezka adierazi du Poliziaren esku jasan dezakeen tratuaren inguruan.

Poliziaren arabera, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ETAko kide izan zen; polizien aurkako hainbat atentatutan parte hartzea leporatu diote.

Elgoibarkoa (Gipuzkoa) da Elorza, eta 66 urte ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna