LURRALDE EGITURAKETA

Orotariko interesak barneratzeko negoziazioak hasiko dituzte

Gaur bildu da Hautetsien Kontseiluko Biltzar Nagusia. Ipar Euskal Herriarentzako 2014-2020 kontratuari bere ekarpena aurkeztu dio Garapen Kontseiluak Hautetsien Kontseiluari. 

Euskal Konfederaziokoak (aitzineko agerraldi batean, hemen) baikor atera dira atelerietarik. GAIZKA IROZ
Iñaki Etxeleku.
2014ko ekainaren 13a
10:36
Entzun

Iduri eta sekretu handiak direla, ez da hain aise Lurralde Kontratu berrirako Garapen Kontseiluak apailatu txostenean zer proposamen zehatz ateratzen den jakitea. Ontsalaz, Hautetsien Kontseiluaren gain zen lana eraman du honen manuen peko den egiturak, eta testuari azken orrazi ukaldiak emanik, asteazkeneko zuzendaritza bilkuran aurkeztu zuen.

Gaur Garapen Kontseiluak bere ekarpena aurkeztu dio Hautetsien Kontseiluari. Dokumentu hori orain Hautetsien Kontseiluak negoziatuko du gainerateko partaideekin, Frantziako Estatua barne. Urte bukaera arte daukate negoziatzeko.

735 lagunek parte hartu dute 30 ateleriatan, eta orotarik aipatu da. Batzuek, arloz arloka, politika norabide orokorrak zehaztu nahi; besteek, beren proiektu konkretuen diruztatzeko asmoak ekartzen, halako nahaspila baten hautsi- mautsia daiteke hondar testua.

Bederatzi arlo finkatu dituzte. Horien artean, ekonomia eta gizarte garapena. Beste andana baten artean agertzen da, konparazione, Lekorne Garroako poloaren xedea. Euskal Monetak ere proposamen zehatza ekarri du atelerien kari mahai gainera. 127 000 euro eskatzen dizkie Lurralde Kontratuko diruztatzaileei, euskoz ordaintzeko molde elektroniko baten garatzeko. Hots, bankuko txartelen gisako txartel magnetiko baten bidez, ala berdin sakelako telefonoen bidez, euskoaren baliatzeko. Ikusi behar da halako proposamenak atxikitzen dituen kontratu txostenak.

Koherentzia eskasa kulturan

Kultura sailean gauzek ez dute hain zehatzak iduri. Kultura munduko erakunde eta eragile orotarik bildu da taldeetan. "Ipar Euskal Herriko lurralde mailako kultura proiektu bat eraiki", diote Garapen Kontseiluak finkatu atalean.

Herri ala hiri elkargo —Aturri Euskal Kostaldeko Hiriguneak eskumena hartuko du—, Kontseilu Nagusi, Eskualde Kontseilu, Scene Nationale ala estatuak (DRAC), batbederak badu kultura politika baten bideratzeko ahalmena. Atelerietarik jalgitzen da, beraz, ez dela koherentziarik lurralde mailan, bakoitza berearen egiten ari baita. Euskal Kultur Erakundeko (EKE) kideek diote honek duela izan behar batasun baten bermatzeko eremua.

Kultura ekintzen arteko koordinazio batera heltzeko eta euskal kultura, kultura politika orokorrean sar dadin eta ez aparte. Ez dira iduriz denak alde, eta halako emendakinen joan-jin joko bat izan dela ematen du, erranaldi hau edo hura testuan sar edo ez sar. Paxkal Indo da lantalde horren ordezkari nagusia, eta haren ustez, lurralde kolektibitatearen gaiaren itzala agertzen da eztabaida horretan. "Lurralde kolektibitate batek eginen lukeen lana egiten dugu hor". Hain segur, lurralde kolektibitate batek bailuke kultura eskumena eremu guziarentzat.

Aldi berean, irizpide orokorren arteko katzaka horren aldean, izan dira egiturak, hor ere, beren xedea diruztarazi nahiz agertu direnak atelerietara. Baionako Arte Ederren Eskolak, esaterako, gogoko luke Ipar Euskal Herri mailako eskola bilakatzea.

Eta euskararen alorrean, zer? Hizkuntza politikari bultzada berria eman deitu dute txosten egileek. "Aski kontent" atera da Euskal Konfederazioa lan bilkuren emaitzarekin. Garapen Kontseiluaren proposamenak iduriz, galde nagusiak atxiki ditu. Horietan, "hizkuntza politikaren sailean, Ipar Euskal Herria esperimentazio lurraldea izatea Frantziako Estatuan", dio Sebastien Castet Konfederazioko arduradunak. Hezkuntzan, tokiko berezko Akademia Ikuskaritza baten sortzeko proposamenaren bozkatzea galdegiten zaie hautetsiei. Hots, hemen berean trenkatzea postuen sortze eta hesteak, eta ez, orain bezala Pauen ala Bordelen.

Euskalgintzak ikusten duen beste aitzinamendua, eremu publikoko eskoletan murgiltze ereduaren orokortzearen ideia, txostenean agertzea da. "Korsikan bezala, galdearen logika batetik eskaintzaren logika batera pasatzeko" asmoak bide egin du iduriz atelerietan, Castetek dioenez.

Deus ez, haatik, Hezkuntza Ministerioak pribatutzat dauzkan murgiltze ereduko ikastolentzat. Seaskak, testuan, ikastolen eraikuntzei begira lege mailako aterabide baten beharra pasarazi nahi omen zuen.

Ez da, haatik, kontratu txosten horretan helburu zifraturik. Euskararen Erakunde Publikoari ahal gehiagoren ematea aipatu da, baita ere lekuko erakundeek molde orekatuan esku har dezaten euskararen garapenean. Irizpide orokorrak zehaztu dira, baina segida Hautetsien Kontseiluaren esku dago. "Hurbiletik segitu beharko da Hautetsien Kontseiluak zer atxikitzen duen txostenetik eta ondotik, adostu guzia aplikatzen denez", zehaztu du Castetek.

Dena den, urte hondarra gabe erabaki beharko dituzte ondoko sei urteetarako proiektu nagusiak eta diru parteak. Gaurko biltzar nagusitik landa, Hautetsien Kontseiluak negoziazioak abiatuko ditu eta proiektuak zehaztuko.

Energia kooperatiba bat

Trantsizio ekologikoa eta energetikoa izan da gogoetarako atal bat, bestalde. Hor ere ikusi beharko zer egonen den ekarpen desberdinetarik.

Horietarik bi Bizi mugimendutik jin dira. Bata, energia berriztagarria ekoitziko lukeen kooperatiba baten sortzea Ipar Euskal Herrian. Energia Kooperatiba luke izena bidean den egitura nagusiak. "Burujabetza energetikoa" helburu, energia ekoizteko gune ttipiak plantan emanen lituzke lurralde osoan, herri elkargoekin elkarlanean. Horretarako, 600 000 euroko inbestimendua aitzin ikusten dute bultzatzaileek. Beste horrenbeste, xedearen kudeatzeko animazio postuaren diruztatzeko.

Bere "trantsizio energetikorako ituna" aitzinaraztea bilatzen du ere Bizik. Herriko bozen biharamunean, Ituna izenpetu zuten 82 hautagai zerrendetarik 30ek, Herriko Etxe baten giderrak eskutan hartu dituzte. Aldaketa klimatikoari buru egiteko, har ditzaketen neurrien plantan ematen laguntzeko proiektua aurkeztu du ondorioz talde ekologistak Lurralde Kontratuari. "Klima-energia animatzaile" postu bat sortu nahi luke herriko etxeen zerbitzuko.

Berriz erran eta ere, hauek proposamen batzuk baizik ez dira izan. Segitu dituen alorretan, Paxkal Indo aski baikor agertzen da. Txostenaren testuan agertzen diren irizpideak, Garapen Kontseiluak idatziak izanik "hautetsiek asumitzen ahalko dituzte".

Ikusi beharko da hautetsiek zer atxikitzen duten, negoziaketak zer gisatan eramaten dituzten Estatuarekin, departamenduarekin eta Akitaniarekin. Gehiago dena, diote Lurralde Kontratua "pobrea" izanen dela eta ez duela Ipar Euskal Herriak, "xuhurtze" garai hauetan, tratamendu berezirik ukanen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.