KUTXAK

EAJ: "Batasunaren mundua euskal kutxa batetik gertuen egon denean, su emateko egon da"

EH Bilduk IRPH indizea ezabatzeari buruzko eztabaida eraman du Eusko Legebiltzarrera, eta proposamena baztertu du ganberak.

Javier Carro, legebiltzarrean. /
Javier Carro, legebiltzarrean. / BERRIA

Jon Fernandez -

2014ko ekainak 19

Adierazpen gogorrak egin dizkiote elkarri EAJko eta EH Bilduko ordezkariek gaur Eusko Legebiltzarreko saioan. Hipoteken IRPH indizeari buruzko eztabaida eraman du koalizio abertzaleak ganberara, baina azkenean Kutxabanken pribatizazioaz ere aritu dira. Javier Carro EAJko legebiltzarkideak "hipokresia" leporatu dio EH Bilduri. 2008an Gasteizko Vital Kutxaren egoitza nagusiaren kontrako ETAren erasoan erretako mural baten zati bat jarri du erakusgai mintzalekura igo denean. "Azken 25 urteetan, Batasunako mundua euskal kutxa batetik eta kutxa automatiko batetik gertuen egon denean, su emateko egon da", esan dio Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideari. Eta Carrok gogorarazi dio Vitali egindako eraso hark 6,5 milioi euroko kostua izan zuela, "Arabako kutxako gizarte ekintzan gauza askotarako erabili izan zitekeen dirua".  

Izan ere, Carroren aurretik Beitialarrangoitiak hitz gogorrak izan ditu EAJrentzat mintzalekutik: "Batzuk Kutxabanken egin nahi duzuen iruzurra eta lapurreta nola edo hala defendatzeko esan nahi duzue besteok ari garela Kutxabanki erasotzen". Beitialarrangoitaren esanetan, EH Bilduk ez du bakean utzi behar Kutxabank, EAJk baizik, "etorkizun oparoa izan dezan, denok Kutxabanken baldintza hobeekin gauzak izan ditzagun". 

IRPHaren auzia

Joan den maiatzaren 7an, Donostiako Merkataritza Arloko epaitegiak arrazoi eman zion indize hori salatu zuen Tolosako bikote bati, eta IRPH indizearen aplikazioa bertan behera utzi zuen euren maileguan. Epai horrek animatuta, beste 30 kaltetuk jarri zuten salaketa, eta Kutxako administrazio kontseiluak ere IRPH indizea bertan behera uztea onartu zuen maiatzaren 30ean, EH Bilduren proposamena onartuz. Koalizio abertzaleak atzo Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamena aurkeztu zuen parlamentuak Kutxabanki eska diezaion Donostiako epaitegiaren epaia "onartzeko" eta helegiterik ez jartzeko. 

Baina gainontzeko alderdiek ez dute onartu EH Bilduren proposamena, eta EAJk eta PSEk adostutako beste proposamen bat onartu du ganberak. Testu horrek hipoteketan dituzten tasak berrikusteko eskatu die finantza erakundeei, eta IRPH-Kutxak indizea aldatzeko kasu bakoitzean maileguko klausulak aurreikusten dituen beste indizeekin edo "erreferentziazko beste indize batekin". Gainera, bezeroen baldintza pertsonalak kontuan izateko ere eskatu die, eta Espainiako Gobernuari galdegin dio lege bidez ezar dezan lehen etxebizitzako hipoteken kasuan erreferentziazko indize bakartzat euriborra ezartzea.  

Gipuzkoako IRPH Stop plataformak deitoratu egin du legebiltzarrak "IRPHaren kaltetu guztientzat justizia eskatzea baztertu izana". Horrez gain, "EAJk indarkeria erabili izana" gaitzetsi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna