Kaleratzea

Azkenik, kalera bota dituzte

Getxoko familia bat etxetik kanporatu dute, mailegu bati aurre egin ezinik. Salatu dute Ertzaintzak "indarkeriaz" jokatu duela. Udalak "ostatua eta laguntza" eskaini die.

Etxe kaleratzea Getxon

Gotzon Hermosilla -

2014ko ekainak 25

AC Asesoria Integral a Empresas y Gestión de Creditos SL enpresari zor zizkioten 30.000 euroko zorrari aurre egin ezin, kaleratu egin dute Getxoko lau kideko familia bat Aldapa kaleko euren etxetik. Gaur goizean burutu da desjabetzea, eta lau kideak kalera bota dituzte, Ertzaintzaren babesarekin.

Kaleratzea saihestu nahian, hainbat lagun bildu dira haien etxean eta atarian, goizean goiz. Horietatik 30 inguru etxe barruan itxi dira, eta koltxoiak eta altzariak jarri dituzte sarrera oztopatzen. Ordea, Ertzaintza berehala bertaratu da, eta, atea apurtu ondoren, barruan zeudenak banan-banan atera, eta identifikatu ditu.

Haietako bat atxilotuta eraman du. Hainbat manifestari artatu behar izan dituzte zauriengatik. Familia ere atera dute etxetik.

Etxea hustutakoan sartu da barrura epailea. Bitartean, kalean tentsioa izan da nagusi. Manifestariak Ertzaintzari oihuka aritu dira, eta haiek kargatzeko keinua ere egin dute une batean. 13:00 aldera joan da Ertzaintza etxetik.

Bertara bildutakoetako askok negarrez amaitu dute, aspaldiko lagunak dituztelako familiako kideak. "Amorrua" aipatzen dute gehienek gertatzen ari denaz galdetuta.

Etxe barruan, urduritasuna zen nagusi lehen ordutik. Kalean, jendeak oihuka egin die aurre ertzainei. STOP Kaleratzeak plataformako kideak, berriz, funtzionarioekin negoziatzen ahalegindu dira, etxegabetzea eten asmoz. Etxebizitzaren inguruak sokaz inguratu ditu Ertzaintzak.

Bigarren saioa

Ez da lehen aldia ataka horretan daudela. Izan ere, joan den maiatzaren 13an antzeko egoerari egin behar izan zioten aurre. Orduan ere STOP Kaleratzeak plataformak deituta, 200 lagun inguru bildu ziren etxe aurean, eta prozedura geldiaraztea lortu zuten.

EH Bilduko Aitor Torre da Getxora bertaratu denetako bat. Torrek galdetu dio Bizkaiko Aldundiari ia etxegabetutako familiari hutsik dauden 88 etxebizitza horietako bat eskainiko ote dioten.

EH Bilduko bozeramaile Maribi Ugarteburuk leporatu dio Jaurlaritzari diru publikoa erabiltzea "Ertzaintzak etxegabetzeak babes ditzan".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna