murrizketak osakidetzan

Erantzunik ezean udazkena "beroa" izango dela ohartarazi dute sindikatuek

Osakidetzako murrizketen aurka, kalera atera dira ehunka lagun arratsaldean, Bilbon. Irtenbiderik ez badago, greba eta lanuzte gehiago egiteko prest daude.

Osakidetzako murrizketen kontra egindako manifestazioa.
Osakidetzako murrizketen kontra egindako manifestazioa. Argazki Press

Berria -

2014ko ekainak 26

Ehunka lagunek egin dute bat Osakidetzako sindikatuek murrizketen aurka deitutako manifestazioarekin. Laneko jantziak soinean, erizain, mediku, anbulatziako gidari eta beste hainbat langile eta herritar elkartu dira, Kalitatezko Osakidetza baten alde, enplegua sortu lelopean. SATSE, ELA, LAB, SME, FFHE, CCOO, UGT eta ESK-k egin dute deialdia —Osakidetzako langileen %93 ordezkatzen dituzte—.

Pello Igeregi ELAko ordezkariak martxaren hasieran azaldu duenez, euren eskaria kontuan hartzea eta zuzendaritzak erantzun bat ematea espero dute. Gaineratu du hilabete igaro dela zuzendaritzarekin bilera bat eskatu zutenetik, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso.

Hiru helburu dituzte mobilizazioetarako. Alde batetik, enplegua sortzeko eta egonkortzeko proposamen bat nahi dute Osakidetzako zuzendaritzaren partetik. Bestetik, gaixoaldiak ordezkatzeari eta lanaldi murriztuen gaiari ere heltzeko eskatu dute. Azkenik, 2011ko garapen profesionaleko deialdia "berehala" gauzatu behar dela uste dute. 

Donostian, Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak esan du Osakidetzaren "nahia oso argia" dela: "hitz egitea, eta ahal den neurrian, akordiotara iristea". Azaldu duenez, iazko otsailetik bederatzi mahai sektorial egon dira, eta 44 bilera sindikatuekin.

Mahai sektoriala

Aste honetan agerraldia egin dute sindikatuek, baina ez da lehena izan. Ekainaren 4an beste agerraldi bat egin zuten, eta ordutik orain arte zuzendaritzaren aldetik izandako "isiltasuna" salatu zuten astelehenean. Horregatik, aldarrikapen nagusiak mahai sektorialean eztabaidatzeko eskatu zuten berriro.

"Lantaldea %10 baino gehiago gutxitu da, ordu gehiago lan egiten dute eta soldata %20 murriztu da", azaldu zuen Agustin Gutierrezek. Haren arabera, egoera "haserrea" sortzen ari da langileen artean, eta zuzendaritzak, berriz, "gehiago gutxiagorekin" egiteko eskatzen die. "Gehiago gutxiagorekin ezin dugu egin, ahalegin handiarekin lan bera egin dezakegu".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna