Kutxabank

Akabo aurrezki kutxak

Banku fundazio bihurtzea onartu dute BBK-ko eta Vitaleko batzar orokorrek, gehiengo handi baten babesarekin. EAJ, PSE eta PPk adostutako patronatuek hartuko dute orain ondarearen kontrola.

Protestak, Vital Kutxaren atarian

I. Santamaria-I. Renobales -

2014ko uztailak 1

Euren historia luzean egun garrantzitsuenetako bat izan dute BBK-k eta Vital Kutxak, aurrezki kutxa izateari utzi baitiote gaur bertan. Hala onartu dute Bilbon eta Gasteizen eginiko batzar orokorretan. Izen bereko banku fundazio bihurtzea onetsi dute, eta bi hilabeteren buruan, erregistratu beharko dute fundazioa. Une horrez geroztik, egungo batzordeak bertan behera geratuko dira, eta patronatuak kudeatuko du fundazioa. 15 kidek osatuko dute patronatu hori; horietatik %25 entitateek izendatua. Gainerako %75, berriz, finantza eta enpresa arloko ibilbideko profesionalek osatuta. Ezin daitezke politikaren lotutako pertsonak izan. Patronatuak "gizarte ekintza" sustatzea du helburu nagusi.

BBKren batzarrak %86ko adostasunarekin babestu du administrazio kontseiluak hilaren 12an egin zuen proposamena. 61 ordezkarik eman dute aldeko botoa (EAJ, PSE, PP eta CCOO); zortzik kontra egin dute (EH Bildu, ELA eta LAB); batek abstentziora jo du (PSE-EE); eta beste batek uko egin dio bozkatzeari. Parte hartzekoak ziren 80 ordezkarietatik bederatzi ez dira joan. Hala, aurrezki kutxa izateari laga dio BBK-k gaurtik.

Vital Kutxak ere bide bera hartu du. Fundazio bihurtzeko hautua egin du, batzar orokorraren %68,2ko babesa jasota: 45 ordezkarik alde bozkatu dute, 11k kontra eta hamarrek abstentziora jo dute. 80 lagun zeuden deituta parte hartzera. Halere, 66 baino ez dira joan. Vital Kutxak 4,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2014. urtea amaitu bitartean, eta eutsi egingo dio Kutxabanken daukan %11ko ekarpenari. 

Tentsio momentuak

Bi kutxek arratsaldean egin dituzte batzar orokorrak. BBK izan da lehenbizikoa. Arratsaldeko lauretarako hasi du bilera, Bilboko Kale Nagusiko egoitzan. Bilkura hasi aurreko minutuetan dozenaka manifestari bildu dira egoitzaren atarian, prozesuarekiko adostasunik eza agertzeko. Aretora sartzen ahalegindu direnean, tentsio uneak bizi izan dira. Lekukoek salatu dute Ertzaintza oldartu egin zaiela. Protestan ari zirenetako bi identifikatu dituzte segurtasun indarrek. Vital Kutxaren kasuan, berriz, bi ordu geroago ekin diote bilerari Gasteizen, erakundeak Salburuko hezeguneen parean duen eraikinean. Hor ere protestak izan dira. (Bilboko protesten bideoa: Bilboko Uriola ataria)

EH Bildu, ELA eta LABeko hainbat ordezkariek deitu dute Kutxabanken "pribatizazioa" salatzeko elkarretaratzera. EH Bilduko Arantza Urkaregi kritiko agertu da batzarra itxia izan delako: "Eztabaidarik gabe, kazetaririk gabe, korrika eta ilun aritzeko arrazoi bakarra dago: badakizue helburua ez dela zilegi. Lapurreta bat da". Salatu du aurrezkien kudeaketa "gutxi batzuen" esku geratuko dela. "EAJ, PSOE, PP eta CCOOk adostutako hamabost pertsonek edukiko dute kontrola".

"Ez dago inolako arrazoirik"

Ildo beretik, ELAko ordezkari Mikel Novalek erabaki larritzat jo du BBK eta Vital Kutxa banku fundazio bihurtzea. Ohartarazi du aurrerantzean errazagoa izango dela kapital pribatua sartzea: "Horrek suposatzen du kontrol publiko eta soziala desagertzen dela”. Novalek uste du, halaber, prozesuak gezurrak dituela oinarri. "Zergatik esaten dute derrigorrezkoa dela erabaki hori hartzea? Gezur borobila da legeak agintzen duela". Edonola ere, "borrokan" jarraituko dutela iragarri du.

LABeko ordezkari Bea Matxueta ere "pribatizazioaren" kontra eta euskal finantza sistema publikoaren alde mintzatu da BBKren egoitzaren atarian. "Pribatizazioa arbuiatzen dugu eta gauzak beste modu batean egin daitezkeela pentsatzen dugu. Ez dago inolako arrazoi ez politiko, sozial eta ekonomikorik hau egiteko".

Banku baten jabetzan parte hartzea duten kutxei urtebeteko epea eman zien legeak banku fundazio bihurtzeko. Epea abenduaren 29an amaituko litzateke, baina BBK eta Vital aurreratu egin dira. Erabaki horrek eta moldaketa prozesuak polemika handia sortu dute. EH Bilduk salatu zuen egoera, eta gaurko batzarrak atzeratzeko eskatu zien bi kutxei. Gauza bera egin zuen gehiengo sindikalak.

Kontrol publikoa bermatzeko neurri eske

BBK eta Vital fundazio bihurtzeko akordioa lortu zuten EAJk eta PSE-EEk. Ondoren, PP ere batu zitzaien. Hiru alderdien ustez, saihestezina da aurrezki kutxak banku fundazio bihurtzea, legeak aginduta. Akordio horrek gaurko batzar orokorretan proposamena aurrera atera ahal izatea bermatzen die, beharrezko gehiengoa dutelako. Patronatuetako ordezkariak banatu dituzte hiru alderdien artean, EH Bildu kanpoan utzita. Kutxan egoera bestelakoa da, eta, oraingoz, banku fundazio bihurtzeko erabakia udazken arte atzeratu da. Xabier Sagredok fundazio bihurtutako BBKren agintaritzan jarraituko du, eta gauza bera gertatuko da Fernando Arangizekin Vitalen.

EH Bilduk, berriz, fundazio bihurtzea ezinbestekoa den edo ez aztertzea exijitu du, eta, hala balitz, kontrol publikoa bermatzeko neurriak galdegin ditu. Erabaki honekin kutxek Kutxabanken duten kontrola galtzeko eta inbertitzaile pribatuak sartzeko arriskua ikusten dute. Gaurko batzarren aurrean, pribatizazioaren aurkako elkarretaratzeak antolatu ditu Gunek, sindikatuen eta gizarte erakundeen plataformak. Joan den astean, Kutxabankeko jabetza eta kontrola pribatizatzearen aurkako manifestazioa egin zuten, Bilbon.

Fundazioen zuzendaritza hamabost pertsonako patronatu batek hartuko du. EAJk, PSE-EEk eta PPk hitzartua dute eserlekuen banaketa. BBKn jeltzaleek bederatzi patronatukide izendatuko dituzte, PSE-EEk hiru, eta bana PPk eta CCOOk. Independente bat ere izango da, Autismoak kaltetutako familien elkartekoa (interes kolektiboen ordezkaria). Vitalen gehiengoa PPk izango du, zortzi ordezkarirekin; EAJk lau izango ditu, beste bi PSE-EEk, eta azkena CCOO sindikatuak proposatu du. EAJk ukatu egin du urrats honek aurrera begira Kutxabanken pribatizazioa ekarriko duela.

Abenduan hasitako prozesua

Gaur egun duten egiturarekin eta tamainarekin aurrezki kutxak fundazio bihurtzera behartzen dituen 26/2013 legea Espainiako Gorteek onartu zuten, iazko abenduan, PPren eta EAJren aldeko botoekin. Bi hilabete geroago aurrezki kutxen moldaketa sakon bati ireki zizkion Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak.

Legeak ezarritako baldintzen ondorioz, kutxek jabetza osoari eustea ezinezkotzat jo du Fernandezek, eta akzioen parte bat inbertitzaile pribatuei saltzea beharrezkoa izango dela ziurtatu du, gizarte ekintzari eusteko. Prozesuaren bukaeran kutxek, fundazio bihurtuta, jabetzaren %30 baino ez izatea aurreikusi du. Maiatzerako bankuko administrazio kontseiluari bide orri zehatz bat aurkeztuko ziola iragarri zuen, baina ez du oraindik egin.

Kutxak fundazio bihurtu ondoren, hiru hilabete dituzte Espainiako Bankuari Kutxabanken duten parte hartzea nola kudeatuko duten jakinarazteko, finantza plan baten bidez. Jabetzaren parte bat saltzea erabakitzen badute, legeak bost urteko epea ematen die prozesua bururaino eramateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna