Hondakinen kudeaketa

Hazketa 2010 elkarteak Bil Ta Garbiren jarrera salatu du

Hazparneko hondakindegia 2015eko maiatzean hestekoa da; hala erabaki zuen zabortegiak kudeatzen dituen enpresak orain dela hogei urte. Ekainetik, Martin Bisauta da Bil Ta Garbiko lehendakaria, eta harekin biltzeko nahia azaldu du Hazketa 2010 elkarteak.

Hazketa hondakinen tratatzeko gunea. IñAKI ETXELEKU, IPAR EUSKAL HERRIKO HITZA
Ipar Euskal Herriko Hitza
2014ko uztailaren 3a
07:24
Entzun

Bil Ta Garbi sindikatuaren gain da Hazparneko hondakindegiaren kudeaketa, baina ez du xuxenean berak egiten. Izan ere, SUEZ enpresaren adar batek du egiten, SITA izenekoak.

Hazketa 2010a elkarteak salatu duenez, sindikatuak ez du hondakindegia aldatzeko asmorik erakusten, ez eta leku berri bat atzematen saiatzen ere. Elkarteak maiatzean egindako biltzar nagusiaren ostean, jada salatu zuen Bil Ta Garbik hartutako jarrera, eta hondakindegiari Hazparnen iraunarazteko ikerketa abiatu zuela. Hala ere, aurretik jakin zuten azterketa bat ere egiten ari zirela lekuz aldatzeko.

Hazketa 2010 elkarteak salatu du sindikatuak interes orokorreko proiektu bat (PIG) prestatu duela prefetari bidaltzeko, eta gaineratu du ezen, alternatibak bilatu beharrean, hondakindegia Hazketa gunean geratzea justifikatu nahi dutela. Prefetak, gunean geratzeko epearen alde azalduko balitz, hondakindegiaren hestea gibelatuko litzatekeela adierazi du.

Hori dela eta, Hazketa 2010 elkarteak Bil Ta Garbi sindikatuaren jarrera salatu nahi izan du. Izan ere, sindikatuak nabarmendu du interes “gutxi" duela hondakindegia lekuz aldatzeko, eta, hori ikusirik, gunea Hazketan gelditzea aztertu duela. Elkarteak ez du ulertzen, hasierako helburua hondakindegia 2015ean hestea bazen, zergatik eman diren 165.000 euro Hazketa gunean ikerketak egiteko, eta lekuz aldatzeko bilaketentzat 30.000 euro.

Elkarteak gunea hestea nahi du, gaur egungo kokapena “desegokitzat” jotzen baitu. Haren irudikoz, lekuak ez du modurik ematen ura behar den bezala tratatzeko. Salatu du uren %70 beste leku batera bidalia izan da maiz, han azterketak egin ahal izateko. Gaineratu du ura tratatu gabe “zuzenean” errekara bota izan dela “luzaz”, eta zabortegiaren gas bilketa “txarrek" usain txarrak eragin dituela “luzaz”, kontrolak ez baitira behar den bezala egiten. Horren ondorioz, “zikinak” ez dira kontrolatuak, eta “denetarik” sartzen da.

CADEk Hazketa 2010 Elkartea “sostengatzen” duela dio Victor Pachon lehendakariak, eta Bil Ta Garbiren “joko bikoitza” salatu du; baita hondakinak bereizteko duen “anbizio eskasa” ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.