Uholdeak

Abisu txikia uholde handirako

Euriak gogor jo du Pirinio bazterrean, eta arazo handiak eragin ditu eskualde horietan. Gaur lasaitu da aroa, eta garbiketa lanak egiteko unea da.

Garbiñe Elizegi Elizondoko alkatearekin bildu da Barcina

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko uztailak 5

Ipar Euskal Herrian uholdeak dira bart gauetik, eta gizonezko bat zendu da Arhantsusin, prefeturak baieztatu duenez. 84 urte zituen. Ibilgailu barrua zegoen, eta urak aurrean eraman du. Prefeturak egoerari aurre egiteko operazio bat jarri du martxan 08:15etik 15:00etara arte. Uholdeak direla eta, prefeta Baigorrira eta Donibane Garazira joango da iluntzean.

Oro har, handiak izan dira kalteak. Donibane Garazi herri osoa ur azpian geratu da, eta herriko sarrera eta irteerak blokeatuta. Baigorrin, euriak bidea hautsi du, eta goizean ur maila igo da zentroan eta irteeretan. Bankan, euriak eragindako lokatzak etxeak gainditu ditu. Maulen, ur bidean kokatuak diren etxeak ur azpian geratu dira. Donapaleun urak metro bateko altuera hartu du, eta, korrontearen ondorioz, autoak irauliak edota eramanak izan dira.

Urdiñarben, istripu txiki bat gertatu da. Antza, oraindik gaua zela, pertsona batek autoa hartu du, eta euri anitz ari zuenez, korronteak eraman du. Gidaria ez da zauritu. Horrez gain, hainbat auto gidari blokeatuak egon dira beren autoetan. Hori dela eta, autorik ez hartzea gomendatzen dute. Jatsu eta Uztaritze arteko bidea itxi egin dute; urak gaina hartu du, eta bide horretan kokatua den errugbi zelaia ur pean geratu da.

Ezterenzubiko auzapez Jean Louis Poydessusek Euskal Irratian adierazi duenez, “denak igerian dira egun”. Eskola urpean geratu da, bideak trabatuak, eta, antza, auzapeza bera ere etxean blokeatua egon da, ezin atera.

Izpuran herritarrek adierazi dutenez, gaurko euriteak sortutako uholdeak “sekula” ikusi ez duten gertakari bat dira. Ur gainditzea goizeko zazpietatik hasi dira, eta "biziki fite" igo da, eta urak kabala batzuk eraman ditu. Egoera "apalduz" joan dela adierazi dute. Mahastietan ere kalteak izan dira, lurra liatu baita.

Horiek ez dira urak eragin dituen kalte bakarrak. Izan ere, Itsasu eta Kanboko geltokia ur azpian geratu dira. Ura 2009an izandako uholdeetan baino altuagoa izan da. Ministerioak, ur handitzeen inguruko informazioa eskaintzen duen webgunean zehaztu duenez, Errobietako ur mailak 2003ko otsailean izan zirenak baino altuagoak dira.

Baionan, alerta

16:00ak arte indarrean izan dute alerta Baionan, uholde arriskuagatik. Errobi ibaia bizi-bizi eta beteta igaro da, baina 16:10erako marea jaisten hasi da, eta Errobik ez du gainezka egin Baionako parte zaharrean. Hala kontatu du Nora Arbelbide BERRIAko kazetariak:


Arazoak elektrizitatearekin

Eguraldiak elektrizitatea eta telefono lineak moztu ditu leku ainitzetan. Gure Irratia eta Xiberoko Botza, adibidez, ezin emititu dabiltza, eta Irulegiko irratitik emititzen ari dira soilik, eta uholdeen inguruko informazioa pasatzen ari dira.

Euria etengabe erortzen ari denez, baliteke uholdeak handitzen joatea. Alerta laranja ezarri dute agintariek. Prefeturak iragarri duenez, datozen orduetan ur metatzea 30 eta 60 mm artekoa izanen da. Mendi inguruan, aldiz, 100 eta 120mm artekoa.

Itxita izan dituzten hainbat bide irekitzen ari dira; besteak beste, Ezterenzubiko bidea, Banka eta Baigorri artekoa ere, eta Baigorritik Arrosarako bidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna