Uholdeak

Laguntzak ez datoz uholdean

Frantziako Gobernuak bihar bertan izendatuko ditu hondamendi eremu kaltea pairatu duten herriak: 101 herriko etxek egin diote eskaria jadanik. Espainiako Gobernuak ez du ezer esan laguntzei buruz.

Uztaritze

Garikoitz Goikoetxea-Nora Arbelbide -

2014ko uztailak 8

Joan den ostiralean, Ipar Euskal Herriko hainbat herri ur azpian esnatu ziren. Nafarroa Behere, Zuberoa eta Lapurdiko udalerri ugaritan uholdeak izan ziren, eta Bernard Cazeneuve Barne ministroak martxan jarri du denboraleak eragindako ondorioei aurre egiteko prozedura. Besteak beste, hondamendi naturalen ezagupena lortzeko txostena aurkeztuko du etzi Kontseiluan. Ahalik eta fiteen egin nahi du, kalteak jasandako pertsonak ahalik eta azkarren lagundu ahal izateko. Deliberoa hartu eta hiru hilabetera jakinaraziko du kalte-ordaintzeen prozeduraren bilana.

Baigorri, Bidaxune, Donapaleu, Donibane Garazi, Iholdi, Kanbo eta Maule Lextarre herrietan izan diren kalteak nabarmendu ditu Cazeneuvek. Edonola ere, zabalagoa da kopurua. Denera, 101 udalerrik eskatu dute hondamendi natural izendapena.

Kalteak garbitzen

Ur goratzeak kalte handiak eragin ditu. Etxe “askotan” ura sartu da, zonbait enpresa eta komertzio kaltetu dira eta laborantza gune batzuk “suntsituak” izan direla adierazi du Barne ministroak. Uholdeek hildako bat ere eragin dute Arhantsusin.

Euriteak eragindako kalteak garbitu behar izan dituzte asteburuan. Uholdeen aztarnak Lapurdiko kostalderaino iritsi ziren, eta bertan ere garbiketak egin behar izan dituzte. Angelun lan handia egin behar izan dute, Errobi ibaia bertan itsasoratzen baita. Baiona eta Kanbo arteko trenbidea martxoaren 26tik hetsia zen, eta igandean ireki behar zuten, baina uholdeek irekiera atzeratu dute, eta aste bukaeran irekiko dute.

Eskerrak eman

Prefeturak laguntzarako telefono zenbaki bat ere plazaratu du, bereziki laborantza munduan jasan diren kalteei aurre egiteko: 05 59 80 88 52. Cazeneuve Barne ministroak ostiralean lanean aritu diren langile guziak zoriondu ditu, eta gizartean izan den sostengua eta konplizitatea goraipatu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna