Ekialde Hurbila

Hamasek misilak jaurti ditu Tel Aviv eta Jerusalemera

Hemeretzi pertsona hil eta 80 zauritu ditu Israelek bart Gaza bonbardatuta; biktimen artean hiru adingabe daude. Tel Avivek "marra gorria" zeharkatu duela ohartarazi du Hamasek, eta borroka "luze eta gogor batera" deitu ditu miliziak: hainbat misil jaurti ditu Tel Avivera; horietako bat indargabetzea lortu du armadak. Jerusalemen ere sirena hotsak entzun dira. Lurreko erasoaldirako prestatzeko agindu dio Israelek armadari, eta lau miliziano palestinar hil ditu Israelen itsasoz sartzera zihoazela. Baretzeko exijitu du NBEk eta nazioarteak.

Gazako mendebaldea bonbardatu du bart Israelgo armadak. /
Gazako mendebaldea bonbardatu du bart Israelgo armadak. / Abir Sultan/Efe

Berria -

2014ko uztailak 8

Gaza bonbardatzeari ekin dio beste behin Israelgo armadak, Ertz babeslea operazioan. Orotara, 50 bonbatik gora jaurti ditu bart islamisten kontrolpeko eskualdean, eta 80 lagun inguru zauritu, haietako bi oso larri; zaurituen artean zazpi adingabe daude. Tel Aviveko iturriek, ordea, ukatu egin dute halakorik, eta zehaztu "soilik terroristen azpiegiturak" izan dituztela jomuga. "Operazio luze baten atarian" daudela iragarri dute: "Hau hasiera besterik ez da. Aginduen zain gaude, eta operazio zabalago bat hasteko prestatzen ari gara". 40.000 erreserbista deitu dituzte, guztira.

Misil bat indargabetuta

Berehala erantzun du Hamasek, Gazatik Tel Aviv hegoaldera misil bat jaurtita. Halere, alarma soinuak piztu, eta indargabetzea lortu du Israelek, armadak berak baieztatu duenez. Tel Aviv kanpoaldera ere hainbat misila bota ditu Hamasek, eta horiek bai, eztanda egin dute. 75 kilometroko tartea dago bi hirien artean. Hamasek 2012an jaurti zuen azkeneko misila Israelgo hiriburuaren aurka. Azken asteotako erasoek haupostu egin dute orduko egoera.

Nazio Batuen Erakundeak gaitzetsi egin du Gazatik jaurtitako misila, eta baretzeko eskatu dio Israeli. Eskaera bera egin dute nazioarteko ordezkariek ere. Giroak, baina, gaiztotuta jarraitzen du, eta armadak indartu egin du erantzuna: Israelen itsasoz sartzera zihoazen lau miliziano palestinar hil ditu. Hamaseko kideak ziren. Jerusalemen ere leherketak entzun dira. Lekukoen arabera, hiru eztanda izan dira.

Israelgo telebista publikoak atzo erakutsitako irudietan armadako tankeak ikus zitezkeen Gaza inguratzen duten hesitik gertu. Erasoak milizianoek azken egunetan jaurtitako suziriei erantzutea du xede. Azken horiek kalte material txikiak eragin dituzte Israelen menpeko lurretan.

Hamasek, berriz, oharra egin dio Israeli esanez "marra gorria" zeharkatu duela, eta operazioa bertan behera utzi ezean jomugak hedatuko dituztela, era horretan "etsaia ezustean harrapatzeko".

Azkena, 2008an

Israelgo operazioari erantzuteko asmoz, haren aurkako borrokan bat egiteko eskatu die Hamasek erresistentziako taldeei. "Odola odolaren truke. Israelek su-etena eskatzen du, baina 1948tik gure lurraldea odoletan itotzen ari da", gaitzetsi du erakundeak.

Berun urtua operazioa izan da Israelgo armadak Gazaren aurka egindako gogorrena. Orduan sartu ziren azkenekoz Hamasen kontrolpeko eremura. 22 egun iraun zuen operazioak, eta 1.400 palestinar hil ziren, gehienak zibilak. Eskualdea erabat suntsituta geratu zen.

Obama, "zentzu" eske

"Mendeku eta erasoak" alde batera utzi, eta "zentzuz" aritzeko eskatu die AEBetako presidente Barack Obamak; bai israeldarrei eta bai palestinarrei. "Tentuz" jarduteko mezua igorri die, tentsioa ez dadin gehiago areagotu: "Momentu larri honetan alde guztiek babesa agertu behar diete errugabeei". Alemaniatik ere iritsi dira baretzeko hotsak, "gatazka saihets dezaten".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna