Gizartea

Talde etxeak bakartasunari buru egiteko

Hemen elkarteak gogoeta multzo bat abiatua du talde bizitegiez. Helburua da anitzek bizi duten bakartasunari alternatiben bilatzea bizitegi kooperatibaren bidez.

Iñaki Etxeleku.
2014ko uztailaren 11
14:11
Entzun

Quebecen, Suitzan, Frantzian, aski garatuak dira bizitegi kooperatibak. Sinpleki, lagun talde batek muntatu kooperatibak dira etxe baten eskuratzeko edo eraikitzeko, bakoitzak bere bizitegia izateko gisan. Gehienetan, denen artean partekatu guneak ere baditu etxeak.

Tokiko ekonomiaren bultzatzaile Hemen elkartean, talde bat muntatu bide da gogoeta baten eramateko. Abiapuntua, bakartasuna pairatzen duten jendeentzat alternatiba baten bilatzea. Bizilagunarekin bereizi direnak, alargunak, adineko jendeak ala ahalmen urrikoak, nornahi gerta daiteke gaizki bizi den bakartasun batean. Bestalde, egungo zahar etxe «gogo hisgarriak » begitan ditu Hemengo gogoeta taldeak. Begitan metatzen ari diren bakarkako bizitegiak ere, lur eta eremuak jaten baitituzte.

Galdera da, beraz, bizitegi kooperatiba aterabide ona izan daitekeen, jakinez horrek oinarrizko zenbait irizpide badituela. Hiritik aski hurbil izatea bata -aipu da autoz 20 minutu gabe hirian izan beharra-. Bizitegiek behar dute, bestalde, arau ekologiko zorrotzekoak izan. Bat bederarentzat etxebizitzak behar dira, eta aldi berean gela partekatuak: bokatategi, bizikleta aterpe, abusatzeko gela, supazter eta abar.

Kooperatiba horien usaietan da tresneria zenbaiten partekatzea ere, belaunaldien nahastea, zahar-gazteen arteko elkar laguntza, jakitateen trukatzea, kultura desberdinen arteko solasa. Bizilekuaren talde kudeantza parte hartzailea da funtsa.

Tokiko erakundeen rola

Gogoetarako oinarri horiek guziak mahai gainean emanik, solasa ireki nahi du orain Hemen elkarteak, ahal bezainbat ideien trukatzeko, xehatzeko eta fintzeko. Lehen lan hori egin ondoan, gisa horretako proiektu baten zutik emateko zer baldintza behar den eta zenbat gosta litekeen aztertzeko asmoa du.

Pentsaketen bigarren aldi horretan sartu nahi lituzke tokiko erakundeak, eta aztertu nola susta eta lagun ditzaketen bizitegi partekatu horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.