Jean-Louis Hariñordoki

"Administrazioak baldintza biziki zorrotzak finkatzen ditu, baliorik gabeak"

Lurralde kontratuaren inguruko eztabaida taldeetan parte hartu du Hemen elkarteak, eta, besteak beste, Ipar Euskal Herriko hidroelektrizitatearen garatzeko xede bat ekarri du, Hariñordoki kide den Ibai-Errekak elkartearen obragintza berme. Lo dauden etxe-erroten baliatzea da ideia.

Jean-Louis Hariñordoki, Hemen-eko zuzendaria. BOB EDME
Iñaki Etxeleku.
2014ko uztailaren 11
15:11
Entzun

Tokiko eiheren jabeak lagundu nahi dituzue argindar ekoizten.

Energia berriztagarrien ekoizpenaren emendatzea da xedea, hidroelektrikaren bidez. Zorionez, Euskal Herrian ur anitz bada. Eihera andana bat bada utzia, eta jabe batzuk interesatuak izan daitezke turbina baten ezartzeko, elektrika ekoitzi eta saltzeko gero. Salbu, biziki konplikatua baita, baimenak erdietsi behar dira, egingarritasun estudioak egin eta biziki karioak dira. Ideia da diru laguntzen eskuratzea, Ibai-Errekek kudeatuz, ikerketa gastuen parte baten ordaintzeko. Akuilu bat bezala da.

Helburua duzue administrazioak ezarri traben gainditzea ere?

Nahi genuke borondate politikoa izan dadin estatuaren aldetik baimenen erdiesten errazteko. Ideia zoro batzuk badira administrazioan: presa batzuk behar direla kendu, dena libro utzi, ura bakarrik arrainentzat uzteko. Alta, hidroelektrikak arrainen bizia ez du batere trabatzen. Administrazioak baldintza biziki zorrotzak finkatzen ditu, batere baliorik ez dutenak ingurumenaren aldetik. Eiheren jabeak gibelarazten dituzten baldintzak dira.

Badakizue zenbat eiherek ekoitz lezaketen argindarra?

Ipar Euskal Herrian bostehun bat eihera badaitezke bazter utziak. Ez da denetan egiten ahal; denetan ez litzateke emankor. Ibai- Errekak elkartean berean baditugu hamabost bat proiektu ekarle hastapenetik.

Badakizu etxeko eihera batek zenbat elektrizitate ekoizten ahal duen?

Ez da zenbakirik erraten ahal hola. Eihera batean presaren goratasuna emendatuz gehiago egiten ahal duzu, eman dezagun; turbina beherago ezarriz ere irabazten ahal duzu… Gero, uraren emaria ez da denetan bera. Beraz, ez da erraz jakitea zenbat egin daitekeen. Baina badela potentzial bat, hori segur. Eta energia ekoizteaz gain, lekuko ekonomia laguntzen da, eihera antolatzeko, arotza, hargina, mekanikaria lanean ariarazten baitira. Aldi berean, ur bazterren mantentzeko bide bat da. Gehienak baserri inguruetan dira: Baxenabarren, Xiberoan, Lapurdi mendi eskualdean, Azkainen, Saran eta halako lekuetan. Herriak ere izan daitezke. Urepelen, eman dezagun, herriko etxeak badu zentral bat, gelditua mementoan, ez baita behar bezala antolatua. Laguntza bat balu, bada hor potentzial ederra. Hori da falta gaur egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.