Ukraina

30 lagun hil dira Donetsken, Ukrainako armadaren bonbardaketa batean

Milizia errusiazaleek egin dute salaketa. Igor Strelkov buruzagiaren arabera, zibilak dira guztiak.

Milaka pertsona ihes egitera behartu ditu Ukrainako gatazkak.
Milaka pertsona ihes egitera behartu ditu Ukrainako gatazkak. Arkady Budnitsky / EFE

Berria -

2014ko uztailak 12

Sarraskia izan dela salatu dute milizia errusiazaleek. "30 hildako baieztatu ditugu, baina oraindik gorpuen bila jarraitzen dugu hondakinen artean. Beraz, biktima gehiago ager daitezke", ohartarazi du Igor Strelkov buruzagi errusiazaleak. Haren arabera, bonbardaketak ez du biktimarik eragin milizianoen artean.

Donetsk hirian milioi bat lagun inguru bizi dira. Milizien arabera, aurreko egunetan baino gogorragoak izan dira bart gaueko bonbardaketak bertan.

Donetskeko Herri Errepublikako gobernuburuak, Aleksandr Borodaik iragarri du dagoeneko hasi direla herritarrak hiritik ateratzen. "Lehenik, haurrak aterako ditugu. Errefuxiatuak Errusiara bidaliko ditugu. Oraingoz, ehunka batzuk dira". Buruzagi errusiazalearen arabera, asko dira euren kabuz ihes egiten ari direnak ere, bai euren ibilgailuetan eta baita garraio publikoa erabiliz ere.

Miliziek iragarri dute datozen egunetan 100.000 lagun inguru aterako dituztela hiritik.

Bestetik, Luhansk eta Donetsk inguruan gutxienez zazpi soldadu ukrainar hil eta 33 zauritu dituzte miliziek. Armadak ohartarazi du hiltzen duten soldadu bakoitzeko "ehunka" miliziano hilko dituela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna