ekialde hurbila

Nazioartearen babesa eskatu dute Abbasek eta Arabiar Ligak

Gauean erasoaldiarekin jarraitu du Israelek Gazan. NBEk erasoak bertan behera uzteko eskatu die bi aldeei.

Bonba hotsak Gazan

Berria -

2014ko uztailak 14

Israelen Hegi babesgarria operazioa dela eta, nazioarteari mezua igorri dio Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak. Babesa eskatzearekin batera, Israelen jarduna ikertzeko batzorde bat sortzea ere galdegin du. Hanan Axrawi PAEko goi karguduna ere ildo beretik mintzatu da. Jakinarazi duenez, Gaza jasaten ari den egoerari aurre egiteko hainbat neurri hartzen ari da Abbas.

Arabiar Ligak ere beharrezkotzat jo du nazioartearen esku hartzea. Bonbardaketak amaitu eta palestinarrak babesteko premia aldarrikatu du.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, argi du nazioartearen "presioak" ere ez duela Gazaren aurkako operazioa geldituko. Erasoak aurrera jarraituko du, harik eta Israelera "bakea itzultzen den arte".

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, berriz, erasoak bertan behera uzteko eskatu die israeldar eta palestinarrei. "Berehalako neurriak" hartu behar dituztela uste du, biktima gehiago ez egoteko. "Palestinako zibil gehiegi hil dira, eta lurreko edozein erasok biktima kopurua handituko du, dudarik gabe".

Gogorarazi du palestinarrei denbora askoan ukatu zaiela "merezi duten askatasun eta duintasun sentsazioa". Horrez gain, Hamasek suziriak jaurti izana ere gaitzetsi du. "Nazioarteko legediaren urraketa" dela iritzi dio. Gazako Osasun Ministerioak eta Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak ere eskatu du erasoak gelditzeko.

Gauean ere izan dira erasoak. Beste bost palestinar hil dituzte, eta gutxienez hamar lagun zauritu. Samoan, Hebron  hegoaldean, 21 urteko palestinar bat hil dute, Israelgo soldaduek eraso egin eta mediku arreta hartzea galarazi ondoren. Operazioa hasi zenetik, gutxienez 182 lagun hil dira. Biktimen artean 36 haur eta 32 emakume identifikatu dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna