mundua

Irakeko armadak Tikrit hiriaren zatirik handiena berreskuratu du

Estatu Islamikoak kontrolpean zuen ingurua orain arte.

Kurdistango segurtasun indarrak, Peshmergak, Tikrit eta Kirkuk arteko bidea zaintzen.
Kurdistango segurtasun indarrak, Peshmergak, Tikrit eta Kirkuk arteko bidea zaintzen. KHALIL AL-A'NEI / EFE

Berria -

2014ko uztailak 15

Bagdad iparraldetik 170 kilometrora dago Tikrit, eta ekainetik Estatu Islamikoaren esku dago; duela bi aste, beste erasoaldi bat egin zuen armadak, berreskuratzeko asmotan. ISISek —orain Estatu Islamikoa— kalifa herria aldarrikatu eta biharamunean gertatu zen, baina jihadistek eutsi egin zioten saialdiari.

Gaur, tankeekin sartu dira hirira, eta airez ere bonbardatu dituzte Estatu Islamikoaren menpe zeuden lurrak. Irakeko Defentsa Ministerioak azaldu duenez, terrorismoaren kontrako sailaren eta operazio berezien sailaren babesa du armadak, baita "Tikrit Estatu Islamikoaren arratoien hatzaparretatik aske" uztea nahi duten boluntarioena ere.

Ministerioaren arabera, erasoaldia hasi eta bi ordura armadak lortu du hiriaren zatirik handiena bereganatzea eta gobernuaren eraikin gehienak bere egitea. Poliziaren akademia ere berreskuratu dute. Garaipenaren erakusgarri, Irakeko bandera altxatu dute.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna