gazaren kontrako erasoa

Lau haur hil ditu Israelek Gazako hondartza batean

Israelek etxetik ateratzeko agindu die Gazako 100.000 palestinarri, babesteko lekurik eskaini gabe. Israel gerra krimenak egiten ari dela salatu du Human Rights Watch-ek. Horren arabera, 2005etik 2012ra ia 1.500 lagun hil ditu Israelek, eta Gazako miliziek, 38.

Bonbardaketaren ondorioak

Jon Ordoñez Garmendia -

2014ko uztailak 16

Sei ordu soilik iraun zuen atzoko su-etenak. Israelek berehala ekin zion Gaza bonbardatzeari, eta datozen egunetan bonbardaketak gogorragoak izango direla iragarri du, gainera, Benjamin Netanyahu lehen ministroak. Gaur, jolasean ari ziren lau haur hil ditu Gazako hondartza batean. Gerraontzi batetik egin du erasoa. Operazioa hasi zuenetik, gutxienez 43 dira Israelek hildako umeak.

Goizean nazioarteko kazetariei bidalitako mezu baten bidez, Tel Avivek jakinarazi du etxetik ateratzeko agindu diela Gaza iparraldeko herritarrei. Gaza Hiriko palestinarrek telefono dei automatikoak eta sakelakoetarako mezuak jaso dituzte etxea uzteko eskatuz. Gainera, hegazkinetatik ere bota dituzte afixak eskaera horrekin. Nora joan, ordea, ez du zehaztu Israelek, eta orain, Israelerako eta Egiptorako mugak itxita, harrapatuta daude 1,8 milioi palestinar Israelen bonben mehatxupean.

Etxea uzteko, denbora gutxi

Human Rights Waths (HRW) giza eskubideen aldeko erakundeak salatu du ohartarazpen horiek eraginkorrak izateko zibilek denbora behar dutela etxea uzteko eta horretarako leku seguru bat behar dutela. "Israelek ohartarazi ditu, baina aurreko kasu batzuetan bost minutu besterik ez da pasatu bonbardatu dituzten arte. Gainera, Gazan ez dago babeslekurik, eta zibilek ez dute babesteko nora joan", esan du Sarah Leah Whitson HRWko Ekialde Hurbilerako zuzendariak.

Gainera, ohartarazi du HRWek ohartarazteak ez diola erasoari zilegitasunik ematen. Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak ezohiko bilera egitea eskatu du HRWek, Gazan izaten ari diren giza eskubideen urraketak aztertzeko.

Biktima zibil asko

Erakunde horrek salatu du Israel nahita ari dela erasotzen azpiegitura zibillei, eta hori "gerra krimena" dela ohartarazi du. "Israelek bertan behera utzi beharko lituzke militarrak ez diren helburuen kontrako erasoak, zibilen ondasunak txikitzea helburu duen zigor kolektibotzat har baitaiteke", esan du Gazaren kontrako erasoaz egin duen txostenean.

Gainera, ohartarazi du zehaztasuna ez dela izaten ari Israelen operazioaren ezaugarri nagusia, eta biktima zibilen kopurua ezin dela hartu zehaztasunaren adibide. "Zoritxarrez, Gazan jaso ditugun azken kasuak gehitu egiten zaizkio Israelek esparru horretan duen historial luzeari", adierazi du Whitson-ek. Jadanik 205 dira Israelek bederatzi egun hauetan hildakoak, tartean berrogei haur, eta zaurituak 1.400 baino gehiago dira. 612 etxe suntsitu ditu Israelek, eta 13.500 kaltetu ditu.

Nazioarteko Zigor Auzitegira eramateko erasoa

HRWek bere txostenean aztertu dituen kasuen artean daude Khan Yunisko hondartza bateko kafetegiaren kontra eginikoa, udal ibilgailu baten kontrakoa eta bi familiatako hainbat kide hil zituzen beste bi. "Israelek esan du Hamaseko eta beste talde politiko batzuetako kideak 'terroristak' direla. Euren etxeak bonbardatu ditu, baina ez du frogatu etxe horiek ekintza militarrak egiteko erabili zirenik".

Erakunde horren arabera, 2005etik 2012ra Israelek 1.474 zibil palestinar hil zituen, eta gazako miliziek, 38 (26 israeldar, hamar palestinar eta beste herrialde batzuetako beste bi). "Palestina Askatzeko Erakundeak Mahmud Abbas presidenteari eskatu beharko lioke Nazioarteko ZIgor Auzitegira jotzeko Palestinan izan diren krimen guztiak ikertzeko".

Urik gabe gera daitezke egun gutxiren buruan

Egoera humanitarioak okerrera egin dezake, gainera. "Ur edangarria aurkitzea gero eta zailagoa da Gazan, tenperaturak igotzen doazen heinean. Ura kutsatuta dago, eta hoditeria, hondatuta", ohartarazi du Gurutze Gorriko kide Jacques De Maiok.

Gazak azken urteetan jasan dituen erasoen eta baliabiderik ezaren ondorioz, lehendik ere nahiko hondatuta zegoen hoditeria sistema, eta bonbardaketek handitu egin dute urik gabe geratzeko arriskua.

Berdin gertatzen da argindarrarekin ere. Gurutze Gorriak ohartarazi du urik eta argindarrik gabe erietxe, eskola eta errefuxiatu guneek ezin izango dutela lanean jarraitu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna