36ko gerra

Oroimen historikoaren bila

36ko gerran erabilitako balak eta kartutxoak aurkitu dituzte Adunako lubakietan. 'Gerra Zibila 1936-1937' auzolandegian lanean dabiltza Euskal Herriko hainbat gazte. Bideoa: Adunako lubakira egindako bisita (Gotzon Aranburu, Argazki Press).

Xabier Meabe Sarriegi -

2014ko uztailak 17

Eskularruak jantzita, lurrera makurtuta eta palekin lurra mugitzen zebiltzan atzo goizean Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako hemezortzi gazte Adunako Belkoain mendian (Gipuzkoa). Gehienak lurra mugitzen ari ziren bitartean, gazteetako bik metal detektagailu bat hartu eta sasiarte baten gainean jarri zuten. Detektagailua soinua ateratzen hasi zenez, arreta eskatu zieten kideei, bertan aztarna berriak egon zitezkeela adieraziz. Berehala hurreratu ziren besteak, eta sasiak mugitzen hasi ziren lurra zulatzen hasteko.

Hain zuzen, 36ko gerrako aztarnen bila zebiltzan, Gerra Zibila 1936-1937: Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila deituriko auzolandegian. Aranzadi zientzia elkarteak, Udako Euskal Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalek antolatu dute auzolandegia, eta unibertsitatean historia ikasten ari diren gazteak dira partaideak.

Gogo handiz ikus zitezkeen gazteak lanean, eta esperientzia «aberasgarria» izaten ari zela esan zuten: «Esperientzia hau oso ondo datorkigu gure formaziorako», zioen Garazi Bidaurreta ikasle iruindarrak. Unai Arratibel donostiarrak aipatu zuen auzolandegiak gizarteari egingo zion ekarpena: «Garrantzitsua iruditzen zait gertakari hauek ez ahaztea. Uste dut gizartearentzat positiboa dela memoria historikoa berreskuratzea». Bestalde, Aitor Leniz lekeitiarrak elkarlanaren zein memoria historikoaren garrantzia azpimarratu zuen: «Ilusioa egiten du, bai gauza berriak aurkitzeak eta bai memoria historikoa berreskuratzeak».

Horixe da, hain zuzen, auzolandegiaren helburua: 36ko gerran gertatutakoa ezagutzea eta zabaltzea, eta, horrela, memoria historikoa berreskuratzea. Hain zuzen, 36ko gerra hasi berritan, Nafarroa aldetik sartu ziren frankistei aurre egiteko asmoz, sistema-defentsa bat antolatu zuten Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo eusko indarrek Domingo Usandizaga Euskal Gudarosteko kapitainaren gidaritzapean. Hilabetez aurre egin zieten tropa frankistei: 1936ko abuztuaren 16tik irailaren 20ra.

Iazko udan aurkitu zuten Adunako herrigunera begira eraikitako lubaki bat Belkoain mendian. Duela gutxi aurkitu dute beste bat, apur bat goraxeago; kasu horretan, Andoaingo Sorabilla auzora bideratuta. Hartan zebiltzan lanean atzo goizean.

Aurkitutako aztarnak

Lubakiaren ondoan, zapi zuri batean ikus zitekeen ordura arte batutakoa. Gehienbat balak eta kartutxoak aurkitu zituztela nabarmendu zuen Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariak: «Aurkitu ditugun aztarna gehienak bala zorroak dira». Lenizek azaldu zuenez, lehen aurkikuntza kasualitatez izan zen: «Gutako bat aitzurraz lurra mugitzen hasi eta kartutxo bat aurkitu zuen. Metal detektagailua pasatu genuenean, guztira 70 bala eta kartutxo aurkitu genituen». Bidaurretak esan zuenez, nahiz eta «pilatuta» egon, lubaki osoan sakabanatuta aurkitu zituzten.

Horrez gain, kopuruz gutxi baziren ere, gauza gehiago ere aurkitu zituzten: «Sukaldeko lata batzuk ere aurkitu ditugu», azpimarratu zuen Bucesek, eta, Lenizek esandakoaren arabera, baita sardexkak eta koilarak ere. Arratibelek esan zuen historia erakusten duten frogak direla: «Gertakari historiko bat erakusten duten frogak ditugu: aztarna arkeologikoak aurkitzen ari gara».

Bucesen arabera, hurrengo urratsa aurkitutako aztarnen inguruan dokumentatzea izango da: «Horrela lortuko dugu mendi hauetan zer gertatu zen ziur jakitea».

Josu Amilibia Adunako alkatearen arabera, nahiz eta Belkoain mendia Adunako lurretan egon, lubakiak eremu zabalean kokatuta daude: «Hain zuzen, horrexegatik jarri ginen Asteasu eta Zizurkilgo udalekin harremanetan auzolandegia antolatzeko».

Dena den, lubakien garbiketa ez da izan auzolandegiko eginkizun bakarra. Bucesen esanetan, egiten ari diren lanak ikuspegi antropologikoa ere baduenez, inguruko herrietan testigantzak jasotzen ari dira, «garai hartan gertatu zena jakiteko». Hainbat hitzaldi ere izan dituzte, besteak beste, Mikel Errazkin historialariarekin zein Pako Etxeberria antropologoarekin.

Atzo, Buces eta Amilibia ez ezik, Marina Bidasoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendaria eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere izan ziren Adunan. «Oroimen historikoa berreskuratu behar dugu. Ezin dugu ahaztu zer gertatu zen hemen duela urte batzuk», esan zuen Garitanok.

Datozen egunetan ere lubakiak garbitzen eta aztarna gehiagoren bila jarraituko dute eremu horretan ikasleek. Igandera arte segituko dute lanean, orduan amaituko baita auzolandegia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna