mundua

Malaysiako hegazkin batek lurra jo du Ukraina ekialdean, 295 lagun zeramatzala

Hegazkinari eraso izana egotzi diote elkarri Ukrainako Gobernuak eta miliziano errusiazaleek.

Hegazkina suntsituta geratu da. /
Hegazkina suntsituta geratu da. / BERRIA

Berria -

2014ko uztailak 17

Amsterdam eta Kuala Lumpur hirien arteko bidaia egiten ari zen hegazkina. Donetsk eskualdean erori da, eta ez dago argi zer gertatu den.

Petro Poroxenko Ukrainako presidentearentzat "ekintza terrorista bat" izan da. Kievek erasoa miliziano errusiazaleei egotzi dien arren, haiek gezurtatu egin dute. Diotenez, ez dute behar adina armamentu 10.000 metroko altueran hegan egiten duen hegazkin bat botatzeko.

Errusiazaleen arabera, berriz, Ukraina izan da hegazkinari eraso egin diona. Kutxa beltza aurkitu dutela ere adierazi dute miliziano errusiazaleek, Interfax berri agentziak dioenez.

Malaysia Airlines konpainiako hegazkina da, eta 280 bidaiari eta 15 langile zeramatzan. Erabat suntsituta geratu da. Ukrainako Barne Ministerioko bozeramaile baten arabera, hegazkinaren erorketak 300 hildako eragin ditu.

Hegazkin konpainiak Twitter bidez baieztatu du kontaktua galdu duela, eta azkenekoz Ukrainako aire espazioan zegoela hegazkina:

Najib Tun Razak Malaysiako lehen ministroa "atsekabetuta" agertu da gertatutakoagatik, eta jakinarazi du ikerketa bat hasi dutela. Catherine Ashton Europako Batasuneko kanpo harremanetarako ordezkariak, berriz, "nazioarteko ikerketa bat" eskatu du. Barack Obama AEBetako presidenteak laguntza eskaini du "zer gertatu den eta zergatik gertatu den" argitu dadin. 

Errusiako bi hegazkin konpainia nagusiek, Aeroflotek eta Transaerok, jakinarazi dute beste herrialde batzuetara joateko eskaintzen dituzten bidaietan ez direla Ukrainako aire espaziotik igaroko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna